Pozik dira Madrilen. Onartu dute Roucoren dimisioa. Bazen garaia.
Urduri dira Madrilen. Abuztuaren bukaerarako, beranduena irailaren 8rako, espero dute artzapezpiku berriaren izena.
Bitartean, zain-zain gara Euskal Herrian, noiz izango geure-geure gotzainak. Bertakoak. Geure artetik hartuak. Geure artekoak. Ez «Artegian atetik barik, beste nonbaitetik sartzen dena… Atetik sartzen dena» baizik (Joan 10,1-2). Ez, auskalo non jasotako irakaspenak eman nahiz datozenak. Baizik bertako bizitzan txertatuak. Ez, auskalo non asmatutako laguntza ematera datozenak. Baizik bertan bertakoekin nahasten direnak bertako egoera ikusi eta aztertzeko. Bertan bertakoekin zein bide hartu aztertzeko. Bertan bertakoekin zein erabaki hartu erabakitzeko.
Zatoz euri emankorra. Zain-zain gara Euskal Herrian Isaiasen hura (55,10) egia bihur dadin: «Euria eta elurra zerutik jaitsi eta ez dira bertara itzultzen, lurra urez ase gabe».