SANTIAGO APOSTOLUA (2020-07-25)
SARRERA
Senideok, Santiago apostolu eta martiriaren jaia ospatzen dugu. Dakizuenez, Jesusek, jendaurreko bere bizitza hasi orduko, hainbat jende aukeratu zuen. Era berezian «eskolatu» nahi zituen, laguntzaile berezi izan zitezen. Hamabi apostolu aukeratu zituela esan ohi dugu. Beti bezala, «hamabi» zenbaki hori sinbolikoa da Biblian: Israelgo hamabi leinuak adierazten ditu. Esan nahi du, Israel osoari hots egin behar diotela Berri Ona Jesusen jarraitzaileek.
Jesusen aukeratu berezietako bat, Santiago izan zen; Santiago Handia. «Handia» ezaugarri hau beste Santiago apostoluagandik, Santiago Txikia deituagandik, bereizteko ezarri izan zaio.
Apostolu baten jaia ospatzeak, Jesusen ondoan bizi izan zuen esperientzia berezi eta bizi hartara hurbiltzea esan nahi du guretzat. Fedez eta irudimenez, jar gaitezen Santiagoren larruan; lehenengo, Jesus hil eta piztu aurretik; gero, Jesus berpiztu ondoren; azkenik, Jesusengatik bizia emateko prest agertu zen memento hartan. Benetan zirraragarria izan daiteke hurbiltze hori.
LEHEN IRAKURGAIA Apostoluen Eginak liburutik (4,33; 5,12.27-33; 12,2)
Jesus berpiztu eta Espiritu Santua hartu ondoren, apostoluak Jesusen testigantza egiten ari dira. Judu-agintariek debekatu egin diete hitz egitea. Baina ezaguna da ikasleek eman dieten erantzuna: Jainkoari behar zaio obeditu, gizakiei baino lehen.
Errege Agripa lehenak Santiago hilarazi zuen. Baina kontuan hartu: hiltzaile horri Lukasek ez dio ematen «Agripa» izena, baizik «Herodes» izena; hau da, familiaren izena: Herodes Handiak Haur Errugabeak hil zituen; Herodes Antipasek Joan Bataiatzailea hil zuen; Herodes Agripa honek Santiago hil zuen.
Jesusi hitzeman zion hitz hura bete du Santiagok: «Gai al zarete nik edan behar dudan kaliza edateko?» galdetu zien Jesusek Santiago eta Joan anaiei, eta haiek: «Bai, gai gara
BIGARREN IRAKURGAIA Korintoarrei egindako bigarren gutunetik (4,7-15)
Apostoluek izaten dituzten atsekabeez eta esperantzaz mintzo da Paulo. Egiteko handia du apostoluak: zerbitzu handia; baina apostolua bera ahula eta hauskorra da: geure duintasuna buztinezko ontzian daramagu kristauek, esan digu Paulok.
Kontuan hartzekoak dira hiru esapide hauek: altxorra, hau da, Kristoren ebanjelioa; buztinezko ontziak, hau da, apostoluak eta kristau guztiak; indar berezia, hau da, Jainkoaren dohainak.
EBANJELIOA Mateoren arabera (20,20-28)
Santiagoren eta Joanen amak eskari egoista hau egin dio Jesusi: egizu, ene bi seme hauek eser daitezela, bata zeure eskuinean, bestea zeure ezkerrean.
Jesusen galdera: «gai al zarete nik edan behar dudan kaliza edateko?» Eta bi semeek: «Bai, gai gara».
Ez dakite zer esaten duten. Baina Jesusek argitu die, bortxazko hiltzea izango dutela esanez. Halere, zerbait gehiago ere irakasteko unetzat hartu du Jesusek amaren eskaera egoista hori: mundu honetako jendea handikerien bila ibili ohi da; zuek ez horrelakorik. Eta esan die: ni neu ere ez naiz etorri inork zerbitza nazan, baizik zerbitzari izateko etorria naiz.
HERRIAREN OTOITZA
1.-Kristau guztien alde: Santiago lagun dugula, elkarren zerbitzari izaten saia gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Fedeagatik pertsegituak diren guztien alde: Kristoren piztuera gogoan izan dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Oporrak Koronabirusaren aldi honetan ahal bezala eta ahal den lekuan eginik: guztiok indarberriturik eta burua argiago bihur gaitezen: Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Hemen bildu garenon alde: apostoluen testigantzak fedea, esperantza eta maitasuna handitzera eraman gaitzan. Eska diezaiogun Jaunari.