URTEKO HOGEIGARREN IGANDEA A
Lehen irakurgaia
( Jainkoak ongi hartzen ditu otoiztera heldu zaizkion arrotzak )
Izai profetaren liburutik 56,1.6-7
1 Hunela mintzo da Jauna:
Egizue zuzen dena, eta zuzenbidean ibil.
Berehala etorriko baita nere salbamendua,
laster agertuko nere zuzentasuna.
6 Jaunaren goresmen zerbitzuko, haren izena maitatzeko,
eta haren zerbitzari izaiteko,
Jaunari jarraiki zaizkion atzerritarrak,
larunbata profanatu gabe begiratzen dutenak,
eta nere batasunean leial irauten duten guziak,
7 nere mendi saindurat ekarriko ditut,
eta pozez beteko nere otoitz-etxean.
Onartuko ditut nere aldare gainean
heien erre-opari eta sakrifizioak,
nere etxea otoitz-etxe deituko baita, “ Otoitz-etxe herri guzientzat”.
Testo hunekin hasten dugu « Hirugarren Izai », desterru ondoko lehen urtetan idatzia,
segurrenik seigarren mendea bururatzean. Desterrutik itzultzean populua ez da aise kokatu herrian :
nola joan ongi 50 bat urte lehenago Babilonarrek horrat ekarri arrotzekin ? Arrotz horiek
arranguratzen dira juduak berriz beren herrirat jiten ikustearekin, eta juduak beldurtzen zeren orai
arte populu hautetsia bestekin ez baita nahasi.
Denak profetari mintzatzerat doatzi eta hunek jakinarazten diote Jainkoaren partez : (hiru
aldiz errepikatzen du « Hunela mintzo da Jauna ») atzerritarrak ere sartzen ahal direla juduen
batasunean. Bainan profetak garbiki erraiten diote badirela baldintzak : sabatoaren begiratzea,
elkargoari jarraikitzea, Jainkoak nahi duena egitea : « Atseginez onartuko ditut neure aldarean
heien erre-opari eta sakrifizioak, nere etxea herri guzientzat otoitz-etxe izanen baita. » Idekidura
zinez hemen ikusten dugu eta seinalatzen dauku Jainkoaren asmua dela haren mezua mundu
zabalean gaindi hedatzea.
Sabatoa begiratzeari garrantzia handia emaiten zaio, zeren desterru denboran, elkargoa eta
juduen nortasuna salbatzeko beharrezkoa izan baitzen. Erlisione guziena da : ideki behar, bainan
Tradizionea atxikiz. Profetak argitzen du Jainkoaren mezua : « Hunela mintzo da Jauna. Egizue
zuzen dena, eta zuzenbidean ibil. Berehala etorriko baita nere salbamendua. »
Egungo testo hunekin, iduriz, urrats bat gehiago egin da : justizia eta zuzentasuna begiratzen
duena hemendik goiti Jainkoaren etxean onartua izanen da : « dohatsua nere manamenduen
arabera jokatzen eta heietan leial irauten duena, sabatoa profanatu gabe begiratzen eta deus
gaizkirik egiten ez duena ! » Eta profetak bururatzen du erranez : « nere etxea otoitz-etxe deituko
baita, otoitz-etxe herri guzienzat ».
Salmoa 66
Leloa: Gorarik aipa herriz herri
Zoin den Jainkoa miragarri.
Urrikal, otoi, guri, Jainkoa, egin ongi
Zure zeruko begitarteaz eman argi.
Zure bidea mundu guziak, ai! balaki,
Zutan balaki salbamendua nolaz aurki.
Has beite denak bozkariatzen, loriatzen,
Mundu guzia baitabilazu beti zuzen.
Jende guziak baitabilzkitzu beti zuzen,
Eta munduan herriak oro zuk bidatzen.
Herri guziek, zuri, Jainkoa, laudorio.
Herri guziek, zuri, denek bat, amodio
Guri Jainkoak diezagula egin ongi,
Mundu zabalak duela Jauna buruzagi.
Salmo huntan gertatzen gira ospakizun handi batean. Zeremonia bururatzean, apezek populua
benedikatzen dute eta populuak errepostu: « Has beite denak bozkariatzen, loriatzen, mundu guzia
baitabilazu beti zuzen. » Apezak mintzatzen dira batean populuari eta bestean Jainkoari.
Apezek eman benedizioneko lehen hitzak irakurtzen ditugu “Zenbakiak” liburu aipatuan : «Jaunak
erran zion Moisi : Errozue Aaroni eta haren semeeri : huna nola benedikatuko dituzuen Izraeldarrak:
Jaunak benedika eta begira zaitzala; Jaunak ongi etorri egin eta urrikal dakizula; Jaunak maitasunez
behatu eta bakea eman diezazula. » Hitz horiek irakurtzen ditugu urtatsez, urte guziz, liturgian. Zer
zorionezko hitz ederrak!
Benedizionea zer da ? Zorionezko hitzak. Zorionezko hitzak subjuntiboan dira beti: « Jaunak
benedika zaitzatela… Jaunak begira zaitzatela… » Jainkoak gure benedikatzen eta maitatzen baizik ez
daki, apezak erraiten duelarik « Jainkoak benedika zaitzatela. » Jainkoaren gutizia litake sar gaiten
emaiten daukun benedizione hortan.
Apezek benedikatzen dutelarik Izrael Jainkoaren izenean, Bibliak erraiten du: « Jainkoaren izena
Izraeleko semeen gainean ezartzen dut. » Hitz horiek erraiten dute benedizionea zer den :
« Jainkoaren izena gainean ezartzea » da, Jainkoaren gerizapean, amodioan, argian ezartzea. Horiek
guziak Jainkoak emaiten dauzku ixtant guziz, bainan baimena emaiten duguia ? Apezak benedikatzen
gaituelarik meza bururatzean, ihardesten dugu « amen ». Hortan baimena emaiten dugu.
Egungo salmo huntan : « Herri guziek, zuri Jainkoa, laudorio, herri guziek, zuri, denek bat, amodio
» Jainkoaren benedizionean sartu orduko, herri hautatuak hedatzen du berri hori mundu zabalean. Huna
azken pertsuak zer erraiten duen: « Guri Jainkoak diezagula egin ongi, mundu zabalak duela Jauna
buruzagi.» Izrael herriak ez du ahanzten haren eskuetan dela jakinaraztea gizadi guziari Jainkoak eman
dion benedizionea eta amodioa.
Bigarren irakurgaia
( Juduen egitekoa Batasun berrian )
Jondoni Paulok Erromanoeri 11,13-15.29-32
Haurrideak,
13 zueri, paganoak zinezteneri, erraiten dautzuet:
paganoen apostolu naizenaz geroz,
nere zerbitzuari ohore egin nahi diot,
14 ea nere odolekoen bekaizgoa piztuko dutan,
eta heietarik batzu salbatuko.
15 Alabainan, mundua Jainkoarekin baketua izan bada,
Juduak baztertuak izan direlarik,
zer gertatuko da , heiek berriz onartuak izanen direlarik?
Heriotzetik bizirat itzultzea izanen da hori.
29 Behin betikoak dira Jainkoaren dohainak eta deia.
30 Zuek, lehen, Jainkoaren alderat bihurriak izan zirezte,
eta orai, Izraeldarren bihurrikeriagatik,
urrikalmendu ardietsi duzue.
31 Berdin heiek ere, orai bihurri daude,
zueri egin zaitzuen urrikalmenduagatik,
heiek ere orai urrikalmendua ardiets dezaten.
32 Alabainan, guziak bihurrikerian gakotu ditu Jainkoak,
guzieri urrikalmendu egiteko.
Jondoni Paulok berri ona hedatu du paganoeri, judu ainitzek Ebanjelioa ez baitute onartu.
Bainan Paulok ez du nahi konbertitu-berri horiek urgulutan sar diten, eta erraiten diote
bihozberritze hori Izrael herriari zor diotela. Paulo beldur da paganoek har dezaten beren burua
herri hautatutzat. Ulertarazten diote, betiereko bizia Jainkoarenganik opari bat dela, onartu behar
dena, dretxorik ez dutela.
Jainkoaren dohaina urririk da paganoentzat juduentzat bezala : « Behin betikoak dira
Jainkoaren dohainak eta deia. » Hortakotz Paulok ez du etsitzen Izraelen geroari buruz, zeren lehen
paganoak Jainkoarenganik urrun ziren eta orai ukan dute urrikalmendu. Bainan goiz edo berant
Izraelek ere, mirespenean, Jainkoaren urrikalmendua aurkituko du. Paulo ausartatzen da
erraitera : « Alabainan, guziak bihurrikerian gakotu ditu Jainkoak, guzieri urrikalmendu egiteko. »
Ez dezagun uste ukan Jainkoak ereman dituela denak bekaturat, gero deneri barkamendu emaiteko ;
Jainkoak emaiten du amodio osoa, eta bere amodioan errespetatzen du gure libertatea; ez badugu
nahi haren laguntza ez da tematzen.
Ebanjelioa
Alleluia , alleluia
Lehertuak Jaunak ditu xutiarazten, arrotzak Jaunak ditu zaintzen,
Dohatsu Jauna baitan fidatzen dena!
Jesu Kristoren Ebanjelio jondoni Matiuren liburutik 15,21-28
21 Jesus Tir eta Zidoneko eskualderat joan zen.
22 Eta horra lurralde hartako emazte kanaandar bat oihuka:
“ Urrikal zakizkit, Jauna, Dabiden Semea!
Debruak oinaze gorritan dauka nere alaba.”
23 Bainan Jesusek ez zion hitzik ihardetsi.
Dizipuluek, hurbildurik, eskatu zioten:
“ Egiozu nahi duena, ondotik oihuka ari baitzaiku.”
24 Jesusek ihardetsi:
“ Ez naiz Izrael herriko ardi galduenganat baizik igorria.”
25 Bainan emaztea, hurbildurik, ahuspez eman zitzaion, erranez:
“ Jauna, lagun nezazu!”
26 Jesusek orduan:
“ Ez da ongi haurren ogia hartu eta xakur ttipieri botatzea.”
27 Emazteak erran zuen:
“Hala da, Jauna, bainan xakur ttipiek ere jaten dute
nagusien mahainetik erori porroxketarik. ”
28 Orduan Jesusek erran zion:
“ Emaztea, handia da zure fedea, egin bekizu nahi duzun bezala.”
Eta ordu berean sendatu zitzaion alaba.
« Eska eta emanen dauzue Jainkoak ; bila eta aurkituko duzue ; jo atea eta zabalduko
zaizue. Zeren eskatzen duenak ukaiten baitu, bilatzen duenak aurkitzen eta atea jotzen duenari
zabaltzen baitzaio. » Mendi gainean erran hitz horiek badute oihartzun handia Ebanjelio osoan.
Jesusek emaiten ditu ainitz moldetan : « Otoitzean fedez eskatu guziak ukanen dituzue. » Lukek
Ebanjelioan dio : « Eman dezagun zuetarik batek adixkide bat baduela eta gauerditan datorkiola,
erranez : « Adixkidea, prestazkidak hiru ogi ; lagun bat etorri zaitak bidaian eta deusik ez diat hari
eskaintzeko. » Eman dezagun besteak barnetik ihardesten diola : « Bakea emak, orai atea hetsia
duk eta haurrak eta nihaur ohean gaituk : ez nauk emaiteko jeikitzen ahal. » Nik diozuet adiskidea
duelakotz ez bada ere, nardagarria delakotz, jeiki eta emanen dio behar duen guzia. »
Matiuk emaiten dauzkigu bi galdegileen ixtorioak eta ikusten dugu Jesusek errana egiten
dutela. Eta biak paganoak dira, bat Kafarnaumeko ehuntaria, bestea Kanaandar emazte bat. Biek
Jesus otoizten dute zerbait egin dezan eri maite batendako. Ehuntariak bere mutilarendako eta
kanaandar emazteak bere alabarendako. Biek galdegiten diote fite jin dadin. Jesus ez da prisatua.
Ehuntariari erraiten dio : « Etorriko naiz haren sendatzeko », xuxen erran gabe noiz. Kanaandar
emazteari ez dio erreposturik emaiten eta gehiago dena erraiten dio galde hori ez dagokiola : « Ez
naiz Izrael herriko ardi galduenganat baizik igorria. »
Ez ehuntariak ez eta Kanaandar emazteak ez dute etsitzen. Ausartatzen dira : ehuntariak
aitortzen du bere fedea Jesusen urrikalmenduan duela : « Errazu bakarrik hitz bat eta ene mutila
sendatuko zait. » Emaztea ausartatzen da oraino gehiago, erortzen da Jesusen oinetarat eta haren
umiltasunak eta fedeak hunkitzen du Jesus eta galdegiten duena emaiten dio, erranez : « Emaztea
handia da zure fedea. » eta Jesusek aitortzen : « Egiaz, erraiten dauzuet ez dutala Izraelen holako
federik kausitu. » Errepostu horiek erakusten daukute Jesusen ikuspegia Izrael dela : « Ez naiz
Izrael herriko ardi galduenganat baizik igorria… Ez da ongi haurren ogia hartu eta xakur ttipieri
botatzea. » Bainan, jadanik ikusten du salbamendua hedatuko dela Izraeleko mugetarik
harat : « Erraiten dauzuet ainitz etorriko direla eguzkialdetik eta mendebaletik, Abraham, Isaak eta
Jakobekin Jainkoaren erresumarat. »
Galdegileak tematzen ziren maite zutenarendako. Hain segurki guk ere, tema berarekin
galdegin behar dugu munduaren salbamendua , aski maite balinbadugu.