HIRUTASUNA (Urteko 9. ig. B, 2015-05-31)

SARRERA

Senideok, Pazkoaldia bukaturik, Hirutasun Santuaren eguna ospatzen dugu gaur. Egia esateko, jai hori etengabe ospatzen dugu geure bizitzan: «Aitaren» egitean, «Aintza» esatean, «Aintza zeruetan Jainkoari» abestean etab. Bereziki, bataiokoan: Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean bataiatuak izan gara. Halaz guztiz, egun berezia eskaini nahi izan diogu Hirutasunari katolikoek. Guztientzat, poz-arrazoi izan behar du jai honek.
Jakina, ezin dugu ulertu Hirutasuna bere baitan zen den. Bere baitan diot. Hain juxtu, jai baten helburua ez da hori izaten; jaia ospatzea, ez da ezer ikastea, ez da gauza berriak jakitea. Jaia, beti, edozein kasutan, zerbait ospatzea da: bai familiako baten urteurrena ospatzean, bai bizitzako egun berezi bat (bataioa, jaunartzea, sendotza, ezkontza etab.) ospatzean. Gauza bera Jesusen jaiotza, Jesusen piztuera, Espiritu Santuaren etorrera, Hirutasuna, Corpus eguna ospatzean. Ospatzea da kontua: pozik gogoratzea, pozik jai bihurtzea, pozik berritzea, pozik eguneratzea.
Gaur, beraz, Hirutasun Santua ospatzen dugu: Aita kreatzailea dela, Semea Salbatzailea dela, Espiritu Santua gure bidelaguna dela. Hitz batean, Jainkoa maitasuna dela ospatzen dugu.
Senideok, Hirutasunaren mundu horretan sartzea da gaurko gure egitekoa: Aitaren, Semearen eta Espirituaren sentimenduetan sartzea, pozik miatzea sentimendu horiek, pozik gozatzea gurekiko sentimendu horietan gustura aztarrika eginez. Hirutasun Santua, egiguzu txoko bat zeure maitasunezko mundu horretan, zu zeu bezalaxe, gizon-emakume guztientzat, maitasunaren, pozaren eta esperantzaren ispilu bizi izan gaitezen.

LEHENENGO IRAKURGAIA Deuteronomio liburutik (4,32-34.39-40)

Entzungo dugun pasarte honek bi zati ditu.
Fede-aitorpena handia egiten da. Fede monoteista; alegia, Jainkoa bat dela, ez dagoela besterik. Jauna dela egiazko Jainkoa. Gaur guretzat ez du horrek esanahi handirik. Baina Deuteronomio liburua idatzi zenean, beste giro bat bizi zuten. Alabaina, Jainkoa bat dela eta bakarra delako hori aitortzeko, ez dira joan arrazoi filosofikoetara. Ez. Baizik eta Jainkoa den Jaun horrek Israelen historian zer egin dituen gauza miresgarriak kontuan hartzeko eskatzen die Moisesek: begiratu «zure begien aurrean gertatu zen hari». Eta hainbat gertaera aipatzen ditu: Sinai mendian izandako esperientzia bizia, Egiptotik atera izana, etab. Guretzat ere balio du bide honek; ez dezagun jo Jainkoa badela frogatzera, liburu asko nahastuz; jo dezagun Jainkoa geure bihotzean, geure elkartean esperimentatzera.
Bigarren zatian, fede-aitorpenaren ondorio bezala, Jainkoak esan eta irakatsitakoa kontuan hartzeko eskatzen digu. Jainkoagan dugun fede eta konfiantza honek argitzen du gugan esperantza. Konfiantza hori da iturria; alde batetik, pozaren eta alaitasunaren iturria; bestetik, gizon-emakume guztiekiko konpromisoaren iturria.

BIGARREN IRAKURGAIA Erromatarrei egindako gutunetik (4,32-34.39-40)

Gaurko pasartea baino lehentxeago, haragiaren neskame-morroi direnez idatzi du Paulok; hau da, Jainkoaren kontrako joeraren neskame-morroi direnez.
Joera makur horietatik libratzeko, Espirituaren beharra dugu, esaten digu gaurkoan. Baina hartu dugun Espiritua ez da esklaboen espiritua, baizik Kristoren Espiritua. Ez gaude, beraz, legearen mendean. Jainkoari Aita esatera eragiten digu. Horrela, Jainkoarekiko gure harremanak erabat aldatu dira. Soldatapeko baten espiritua duena, agindu dioten hura egitera mugatzen da. Jesusen Espirituaren arabera bizi denak, Espiritu horri berorri uzten dio gida dezan.
Senideok, beste mundu bat da Espirituaren arabera bizitzea. Saia gaitezen aske eta libre izaten Espirituri jarraituz.

EBANJELIOA Mateoren liburutik (28,16-20)

Egin nire ikasle munduko herri guztiak. Horra Jesusek utzi digun egitekoa, Hirutasunaren izenean.
Gizon-emakume guztiok Hirutasunaren barruan murgiltzea da arazoa. Bataiatu ginenean, Jainkoaren barne-barneko bizian txertatuak izan ginen. Eta Jainkoaren barneko bizi hori elkartasuna da, komunioa da, batasuna da.
Kristau-bizitza, beraz, Hirutasunaren bizian murgiltzea da. Haren sentimenduekin bat egitea: Kreatzailea den Aitarekin bat egitea, geu ere kreatzaile izateko; munduaren Salbatzailea den Semearekin bat egitea, geure ere salbatzaile izateko; gizon-emakume guztien bidelagun den Espirituarekin bat egitea, geu ere bidelagun izateko.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Munduan, muga politiko, ideologiko, etniko, kultural eta erlijiosoen gainetik, elkartasuna sortzen saiatzen direnentzat. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Bakarrik edo bazterturik bizi direnentzat, munduan inor gabe edo lagunik gabe daudela sentitzen dutenentzat. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Eliza elkarte-eredu izan dadin; alegia, senide-artekotasuna, partizipazioa, elkartasuna bizi eta agertzen duena. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Gure kristau-elkarteentzat: haietako bakoitza elkarterik biziena den Hirutasun Santuaren isla edo ispilu izan dadin. Eska diezaiogun Jaunari.