Urteko 9. igandea B HIRUTASUNA (2015-05-31)
Homilia
Anai-arrebok!
Hirutasun Santuaz hitz egitea ez zaigu gertatzen, askotan, oso gauza atsegina. Txikitan kaskoan sartu ziguten huraxe bakarrik etortzen zaigu burura: Hiru pertsona, baina Jainko bakarra. Eta orduko galdera bera datorkigu gaur ere: zer da hori?, nolatan izan daiteke hiru pertsona izan eta halere bat bakarra izatea? Mahomak ere Koran liburuan horrelaxe hartu zuen Hirutasun Santuaz teologiak agertzen digun irakaspen guztia; Mahomarentzat, kristauok Jainko bakarra ez, baizik jainko asko direla aitortzen dugu.
Baina ez. Hirutasun Santuaren jaia ospatzea ez doa bide horretatik. Jai honek ez digu irakatsi nahi Jainkoa zer den bere baitan. Jainkoa guretzat zer den adierazten digu. Eta horren muina hitz batek adierazten du: Jainkoa hurbil-hurbilekoa dugu, Jainkoak maite gaitu, Jainkoa geurekin dugu, geure bihotzean, geure barruan. Jainkoa maitasuna dugu.
Horixe agertzen digu lehenengo irakurgaiak. Moisesek esaten dio Israel herriari: ireki itzazu begiak Jaunak zure historian zer egin duen ikusteko. Eta, besteak beste, bi egintza hauek aipatzen ditu: izan gogoan nola hitz egin zigun Sinai mendian, nola agertu zigun zorionerako bidea, bere legea eta bere aginduak agertuz; izan gogoan –jarraitzen du Moisesek– nola lagundu zigun, nola argitu gintuen Egiptoko esklabotzatik irteten, ihes egiten. Eta gehitzen du: gure Jaun hori da Jainkoa; Jaun hori bakarrik da Jainkoa. Ez da beste jainkorik. Eta hain hurbilekoa dugulako, hain adiskidea dugulako, bete ditzagun –jarraitzen du Moisesek– haren esanak; har eta jarrai dezagun haren bidea.
Itun Zaharrean Israel herriari agertu zitzaion Jainko hori, era biziagoan, era argiagoan agertu zaigu Jesusengan, Semeagan. Honek bere bizieraz eta hitzez agertu digu Jainkoaren hurbiltasun hori, adiskidetasun hori, maitasun hori.
Eta Jesus, Semea, zerura joatean, Espiritu Santua bidali digu: argi, kontsolamendu, bidelagun bezala. Orain, Elizan, Espirituaren argipean bizi gara.
Horrela, pixkana-pixkana, argi betea den Hirutasunaren jaia ospatzeko gai egin gaitu Jainkoak berak. Pozik aitortzen dugu, Aitak kreatu gaituela eta gu kreatzen jarraitzen duela; pozik aitortzen dugu, Semeak askatu eta salbatu gaituela, eta gu askatzen eta salbatzen jarraitzen duela; pozik aitortzen dugu, Espiritu Santuak Jainkoaren beraren seme-alaba egin gaituela, Hirutasun Santuaren muinean txertatu gaituela, eta horretan eusten digula.
Paulok esaten digun bezala, Espiritu horrek argitzen gaitu bekatuzko joerari ihes egiteko, eta Jainkoaren bideari eusteko.
Espiritu Santuak gidatzen gaitu, Jesusek gomendatu digun egitekoa betetzeko, gizon-emakume guztiei Jainko on horren berri ematen: Zoazte eta egin herri guztiak Jesusen ikasle.
Hirutasun Santuaren jaia, beste edozein jai bezala, ez da gauza berriak ikasteko konferentzia bat edo kongresu bat. Jaia ospatzea da: Aita kreatzailea dela, Semea salbatzaile adela, Espiritu Santua bidelaguna dela ospatzea da. Guk guztiok Jainko horren seme-alaba garela ospatzea da. Gu guztioi eginkizun handi bat eman digula ospatzea da.
Hirutasun Santua, egizu, sar eta txertatu nadila gero eta sakonkiago zure bihotzean, bizi ditzadala gero eta sakonkiago zure sentimenduak berak, bat egin dezadala gero eta bizikiago gizon-emakume guztiez duzun maitasun-asmo horrekin.
Dionisio Amundarain