Urteko 8. igandea C 2019-03-03 OHARPENAK

SARRERA

Anai-arrebok! Urtekoa deitzen dugun liturgiako aldiko azken igandea dugu gaurkoa; hobeto esan, urteko horren lehen zatiko azkena. Bigarren zatia, Mendekoste ondoren hasiko dugu. Datorren asteazkenean HAUSTERRE ospatuko dugu, GARIZUMAren hasiera.
Gaurko honetan, galdera handi hau planteatu digu Jesusek ebanjelioan: «Ez al naiz ni itsu baten itsuaurreko? Ez al naiz ni itsu bat gidatu nahi duen itsu handiago bat?» Zer esan nahi du, testuinguru honetan, itsu izateak? Grafikiko samar adierazteko, norberaren erru-fardela sorbaldan eramatea, eta besteren erru-fardela norberaren begi-bistan ematea.
Hipokrita izatearen kontra ari da Jesus. Egiazale izatera dei egiten digu. Egiazaletasun hori egintzetan agertzera.

Lehen irakurgaia Ben Sirak liburutik (27,4-7)

Ben Sirak edo Eklesiastiko: bi izan ditu liburu honek. K.a. II. mendean idatzi zuen Siraren Jesus semeak. Juduen tradiziozko ondare erlijiosoa defenditzen du. Arriskuan ikusten batzuen, batez ere Palestinatik kanpo, atzerrian, bizi ziren juduen aldetik.
Gaurko zatian, benetako lagun bat nola ezagutu azaldu nahi du. Eta hainbat konparazio dakartza. Bat aipatzeko, har dezagun galbahearena: galbahea pasatzean, erreusa gelditzen zaizu eskuetan. Pertsona bat aztertzean, hitzak adieraziko dizu zer den; onerako nahiz gaitz egiteko erabil dezake hitza. Eta hitzak bihotzari dariona kanporatzen du.

Bigarren irakurgaia Paulok Korintoarrei egindako 1. gutunetik (15,54-58)

Paulok, beste behin, heriotza eta bizia kontrajartzen ditu. Heriotza eta legea alde batean ipini ditu; bizia, maitasuna eta Jesu Kristo beste aldean.
Gizakiak aukeratu beharra du, bera zein aldetan jarri; kontuan izan behar du, norberaren borondatea ahula dela Jaunaren laguntzarik gabe.
Gizakia eta Jainkoa lankide; bestela, atarramendu onik ez gizakiak.

Ebanjelioa San Lukasen liburutik (6,39-45)

Lautadako hitzaldiaren azken zatia da. Hainbat irudiz mintzatu da Jesus. Adibidez, ikaslea eta itsua. Beldur da Lukas. Bere kristau-elkartean, hainbat jende ikusten du, besteak baino eskolatuago dena; gainerakoen irakasle eta gidari izan nahi duena. Beldur da, ez ote den gertatuko, itsuak itsuaurreko izan nahia. Gainera, gogorarazten du, ikaslea ez dagoela bere Maisuaren gainetik, ezta beste ikasleen gainetik ere.
Beste irudi bat, izpiarena eta habearen da. Zeure begian habea ez duzu ikusten, eta bestearen begian izpi bat ikusten omen duzu.
Kontua, hitz batean esateko, bihotza garbi edukitzea da. Bihotzari dariona azaltzen du, bai mihiak, bai jokabideak.

Herriaren otoitza

1.-Elizaren alde: ez dadila gelditu erlijio espiritualista hutsean, kultuzko eta sentimenduzko erlijio hutsean. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Eliz arduradunen alde: joan den astean Erroman aztertutako pederastiaren arazoan, trikuarena egin ez dezaten; baizik eta bihotza eta arrazoia eta eginbeharra ustetsu landu ditzaten. . Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Madrilen aztertzen ari diren politiko katalanen auzian eta preso guztien arazoan, arduradunek kontzientzia garbiz joka dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.

4.-Hemen elkartu garenon alde: geure bihotza, geure jarrera, geure usteak, geure sentimenduak miatu eta aztertu ditzagun, Jesusengan ikusten ditugunekin konparatuz. . Eska diezaiogun Jaunari.