Saihestu beharreko lau errore (Lukas 6,39-45)
Urteko 8. igandea C 2019-03-03
«Lautadako Hitzaldiaren» azken zatia nahasgarri gertatzen da pertsonaiak hain askotariko direla eta: bi itsu, ikasle bat eta berauen irakaslea, elkarteko bi kide, gizon on bat eta beste gaizto bat. Irudiak ere oso askotariko dira: zulo bat, izpia eta habea begian, arbola sanoa eta arbola ustela; pikuak eta laharrak, mahatsak eta arantzak. Jakina, Jesusek une eta inguruabar desberdinetan jaulkitako esaldiak dira. Halaz guztiz, erlaziona daitezke Lukas kezkatzen duen gaiarekin, joan den igandean irakurriarekin: «ez juzkatu, ez gaitzetsi».
[Oharra: Liturgiak, ebanjelioa murrizteko duen zaletasunarekin, ezabatu egin du hain garrantzizkoa den azken oharpena: aurreko guztia bete beharraz dioena. Neure iruzkinean gehitu egin dut eta esango nuke komeni den homilian kontuan hartzea-]
Lau errore handi
1.-Gainerako jendea juzkatzeko eta gaitzesteko bista ona duzulakoan bazaude, oker zabiltza. Itsu zaude. Eta itsu batek itsu badu gidari, biak eroriko dira zuloan.
2.-Gainerako jendea juzkatzeko eta gaitzesteko oso aztia eta oso prestatua zarelakoan bazaude, oker zabiltza. Ez zara katedratiko bat, baizik eta lehen urteko ikasle. Gehienik ere, ahalegin askoren ondoren, katedratiko izatea irrika dezakezu.
3.-Gainerako jendea juzkatzeko eta gaitzesteko gai zarelakoan bazaude, oker zabiltza eta hipokrita bat zara. Zeure akatsak askoz handiagoak dituzu. Zure begiko habea handiagoa da zure anaiaren begiko izpia baino eta ondo ikustea galarazten dizu.
4.-Gainerako jendea juzkatzen eta gaitzesten duzunean egin duzun gauza bakarra gozatzea duzula edota besteri kalte egitea, oker zabiltza. Zeure buruari diozu kalte egiten, ahotik darizkizu hitzek begi-bistan ipintzen baitute zure bihotzaren gaiztakeria. [Arbola onaren eta txarraren azken konparazio honetan, azken hitzak dira giltzarri: «Bihotzaren ugaritasunetik mintzo ohi da ahoa». Gizon on bati ez zaio irtengo sekula kritikarik, iritzi gaiztorik, murmuraziorik; soilik, barkazioa eta bihotz zabaltasuna jarioko zaio. Aitzitik, kritikatzen, juzkatzen murmuratzen duenak bihotza ustel duela azaltzen du.]
Azken oharpena (liturgian ezabatua)
Bukatu da hitzaldia. Jesusek adierazi du bata bestearen kontrako bi talde daudela: behartsuak – gorrotatua eta aberatsak – onetsiak. Ikasleak lehen taldekoak dira. Baina ez du etsaien buruz buru jarri behar, baizik maitatu egin behar dituzte, ondo tratatu, bedeinkatu, otoitz egin halakoen alde. Eredua Aita errukitsu eta gupidatsua izan behar dute, «bihotz zabala esker txarrekoekin eta gaiztoekin». Elkarteko gainerako kideei dagokienez, handiak izan dira eskakizunak ere: ez juzkatu, ez gaitzetsi, barkatu, eman.
Bada arrisku bat: aurreko hori guztia hitzaldi politzat ematea, zertan beterik ez dena. Aski litzateke Jesusi «Jauna, Jauna»! deitzea, fede-aitorpen handia. Esango lukeena bezala: «Aski da Mezara joatea». Baina, ez. Jesusen irakaspena bete beharrekoa da. Bestela, etxea ibai-bazterrean eraiki duen zentzugabea bezalakoa izango zinateke; uholdekoa hor darama urak etxea. Izan zaitez zentzudun eta bete ezazu.
Lehen irakurgaia: Jakin nahi al duzu nolako de pertsona bat (Ben Sirak 27,5-8)
Testu labur hau, lehen begiratuan nahasgarria, argi gertatzen da ebanjelioko hitz hauekin erlazionatzen dugunean: «Bihotzaren ugaritasunetik mintzo ohi da ahoa». Jakin nahi al duzu nolakoa den pertsona bat? Errepara iezaiozu zeure inguruko jendeak egiten duenari (K.a. II. mendean gaude).
Gari-alea lastotik bereizi nahi duenean, galbahetu egiten du.
Buztin-ontzi bat probatu nahi duenean, buztingilearen labean sartzen du.
Arbola bat ona den jakin nahi duenean, haren fruituei erreparatzen die.
Pertsona bat sakon ezagutu nahi izango duzuenean, erreparatu nola arrazoitzen duen eta zer esaten duen. «Bihotzaren ugaritasunetik mintzo ohi da ahoa».
Gogoeta
«Lautadako Hitzaldia», Mateoren «Mendiko Hitzaldiaren famarik ez badu ere, laburpen oso ona da etsaiez eta anai-arrebez izan beharreko jarreraz. Eskuarki, gehiago gogoratu ohi da etsaiekiko maitasuna, eta sarritan ahaztu ohi da elizako gainerako kideekiko maitasuna; sarritan ahazten da norberak ez bezala pentsatzen eta jokatzen dutenak ez juzkatzeko eta ez gaitzesteko proposamena.
Lehen mendean, aurreikusi zuen arrisku hau Klemente aita santuak: «[Paganoek] entzungo digutenean Jainkoak esaten duela: «Ez du merezimendurik maite zaituztenak maitatzeak; etsaiak eta gorroto zaituztenak maite dituzuenean izango duzue merezimendurik; hau entzutean, harrituko dira hain onberatasun handiaz; baina konturatzen badira ez ditugula maite, ez gorroto digutenak bakarrik, baizik eta maite gaituztenak berak ere ez ditugula maite, barre egingo dute gutaz eta madarikatu egingo dute [Jesusen] izena» (Klementeren 2. gutuna Korintoarrei, 13,4)
Bestetik, hain errotikoa den baieztapen batzuen izaerak argibide bat eskatzen du. Baina iruzkinik hoberena ez da, ez ingelesez, ez alemanez. Lukasen ebanjelioa bera da argibide. Bera irakurriz eta berrirakurriz, esaldi misteriotsu asko argitzen dira.
José Luis Sicre