GELDIALDI BAT EGIN Lukas 6,39-45
Urteko 8. igandea C 2019-03-03
Gure herriek eta hiriek aldeko ingurugiro koxkorra eskaintzen diote jendeari, isiltasun eta bake apur baten bila dabilenean, bere buruarekin eta Jainkoarekin topo egin ahal izateko. Ez da erraza ihes egitea etengabeko builari eta mota guztietako deien eta mezuen oldar jarraikiari. Bestalde, eguneroko kezkek, problemek eta presak batetik bestera garabiltzate, geure buruaren jabe izateko aukerarik eman gabe.
Norberaren etxean ere, telebistak hartua eta askotariko tiranduren eszenatoki bihurtua delarik, ez da erraza behar-beharrezko sosegua eta barne-bildura aurkitzea, nork bere buruarekin topo egiteko edota Jainkoarekin gozo-gozo atsedeteko.
Eta hona: hain juxtu, isiltasun-, bildura- eta otoitz-lekuak inoiz baino beharrezkoagoak ditugunean, fededunak itxirik edukitzen ditugu sarritan geure tenpluak eta elizak egunaren zatirik handienean.
Ahaztu egin zaigu geldialdi bat egitea, minutu batzuetan geure presa etetea, geure tirandurei une batzuetan ihes egitea eta toki sakratu bateko isiltasunak eta lasaitasunak har gaitzaten uztea. Gizon-emakume asko harrituko litzateke aurkitzean ezen aski dela, sarritan, geldialdi bat eta isilalditxo bat egitea espiritua baretzeko eta argitasuna eta bakea berreskuratzeko.
Zein beharrezkoa dugun gaur egungo gizon-emakumeok isiltasun hori bizitzea; geure buruarekin topo egiten lagunduko liguke, askatasuna berreskuratzeko eta geure barne-energia guztia berregiteko.
Builari eta zalapartari emanak bizi garelarik, ez dugu barruntatzen ere isiltasunaren eta bakardadearen onura. Albisteen, irudien eta zirraren irrikaz beterik gaude, eta ahaztu egin zaigu ezen geure izatearen hondoenean entzun dezakegunak bakarrik aberasten gaituela zinez.
Barne-isiltasun hori gabe, ezin entzun diogu Jainkoari, ezin antzeman diogu beraren presentziari geure bizitzan eta ezin hazi gara geure barnetik gizaki eta fededun bezala. Jesusen hitzetan, «bere bihotzean altxor egina duen ontasunetik ateratzen du ongia» pertsonak. Ongia ez da ateratzen gugandik berez. Landu egin behar izaten dugu, geure bihotzaren barnean hazarazi egin behar izaten dugu. Jende asko hasiko litzateke bere bizitza eraldatzen, geldialdi bat egiten ikasiko balu, bere bihotzaren isiltasunean sustatzen duen on guztia entzuteko.
Jose Antonio Pagola