Urteko 8. igandea C 2019-03-03

HOMILIA

Anai-arrebok!

Gaurko ebanjelioarekin bukatuko dugu Lautadako Hitzaldia (Lukas 6,12-49). Gaurko pasartea ulertu nahi badugu, garrantzizkoa da xehetasun hori kontuan hartzea.

Hona labur-labur zein gai ukitu dituen Hitzaldi horrek: Jesusek mendian hamabi ikasleak aukeratu ditu; menditik lautadara jaitsi, eta ikasleei eta jendeari hitz egiten hasi da; zoriontasunak aipatu dizkie (funtsean, esaldi honetan biltzen dira zoriontasun horiek: zorionekoak behartsuak; horietan nagusiena eta gogorrena, ordea, hau da: «baina zuei, entzuleoi, hau diotsuet: Maitatu zeuen etsaiak»]; eta jarraitzen du: ez gaitzetsi inor; zuhaitz onak eta fruitu onak; benetako ikasleak.

Joan den igandean entzun genuen Hitzaldiaren lehen zatia. Gaur bigarren zatiaren puska bat entzun dugu. Baina gaurko hau ez dugu ulertuko, joan den igandeko azken zatia kontuan hartzen ez badugu. Honela bukatu zen joan igandekoa: «Ez gaitzetsi inor eta Jainkoak ez zaituzte gaitzetsiko…». Gaurko pasartean eskakizun hori bera argitu nahi du Jesusek: «Ez gaitzetsi…». Eta parabolatxo batekin hasi da: «Izan al daiteke itsu bat itsuaurreko?» Eta beste irudi batzuekin jarraitu du.

Honenbestez hau esan nahi digu Jesusek:
1.-Uste al duzu, gai zarela besteak juzkatzeko? Ba, itsua zara zu zeu. Zeure akatsak eta mugak ez dituzu ikusten? Nola ikusi besteenak?

2.-Besteak baino jakintsuago zarela uste al duzu? Ez al zara konturatzen ikasle huts zarela? Asko falta zaizula Maisuaren, Jesusen, ikusmoldea eta jokabidea ezagutzeko? Eta askoz gehiago falta zaizula hark bezala jokatzeko?

3.-Besteen akatsak juzkatu? Hipokrita huts zara. Zeure begian habea duzu eta ez zara hura ikusteko gai. Eta besteen begiko lasto-izpi bati erreparatzen diozu?

Jesusek esan nahi digu, geure bihotzari begiratu behar diogula lehen-lehenik. A, zer lana! Gaurko munduak, barruari ez beste edozeri begira jartzen gaitu. Lazkaon 5.500 lagun inguru bizi gara. Horietarik zenbat jendek egiten du geldialditxo bat, hausnartzeko, nork bere bihotzari begiratu bat emateko: pertsona zintzoa al naiz?, pertsona zuzena al naiz?, pertsona gizakoia al naiz?, pertsona herrikoia al naiz?, pertsona minimoki maitekorra al naiz?, pertsona neurekiko minimoko arduratsua al naiz?, neure iraganari begiratu bat eman al diot noizbait?, neure orainari begiratu bat eman al diot inoiz?, neure geroari begiratu bat eman al diot inoiz?

Aitzitik, zenbat aldiz hasi eta jarraitu dut hau eta bestea esan eta esaten, beste hartaz, beste haietaz; beste honetaz, beste hauetan; beste horretaz, beste horietaz?

Neuri gertatu izan zait. Lagun batekin beste pertsona batez hitz egin; zuzenean behintzat gauza txarrik aipatu eta esan gabe; baina ez dudala beste hura pertsona jator bezala ikusten; ez dakidala zergatik, baina ez dudala begiko. Eta handik egun batzuetara, nire lagun horrek aukera izan zuen beste pertsona harekin luze samar aritzeko, eta niri bere iritzia: Dionisio, beste pertsona hura pertsona bete-betekoa da.

Anai-arrebok, Jesusek autokritiko izatera dei egin digu. Eredutzat zeruko Aita eman digu: Aita errukitsu eta gupidatsua. Eskuzabala, esker txarreko eta gaiztoekin ere.

Blai egin gaitzala Jesusen Espirituak zeruko Aita hori gero eta hobeto ezagutu eta haren bideari jarraitu ahal izateko.

Laburpena

Lautadako Hitzaldiaren azken zatia entzun dugu. Pertsonaia asko ageri dira pasarte horretan: itsua eta itsuaurrekoa; ikaslea eta irakaslea; adiskidea eta adiskide itxurazalea.

Era berean, irudi edo imajina asko ageri dira: itsuarentzat arrisku den zuloa, lasto-izpia eta habea begian, arbola ona eta arbola txarra etab.

Batez ere, ordea, bihotza aipatzen da. Bihotzetik irteten da mihiak esaten duena. Nolako bihotza, halako mihia. Nolako mihia, halako bihotza. Hain justu, lehen irakurgaiak hauxe esan digu: pertsona bat ezagutu nahi baduzu, haren bihotza ezin duzu ikusi, baina erreparatu iezaiozu hark esaten duenari; esaten duenetik atera dezakezu nolako bihotza duen, nolako pertsona den.

Lautadako Hitzaldia bukatu dugun honetan, oso ondo gertatuko zaigu esaldi bat gogoratzea. Lehen mendearen azken aldean aita santu izan zen Klemente lehenarena da: Paganoek «entzuten badizuete, Jainkoak esana dela: “Ez duzue izango merezimendurik maite zaituztenak maitatzearekin, baina merezimendua izango duzue etsaiak eta gorroto zaituztenak maitatzearekin”; hori entzutean, miretsi egingo dute halako onberatasun hori; baina ikusten badute, ez dituzuela maite, ez gorroto dizuetenak bakarrik, baizik eta ez dituzuela maite maite zaituztenak berak ere, orduan barre egingo dute zuen bizkarretik eta biraoka hasiko dira [Jesusen] izenaren aurka» (Klementek Korintoarrei bigarren gutuna 13,4).

Bukatzeko, gogoan har dezagun Jesusen hitz hau: «Erakutsiko dizuet noren antzeko den nigana hurbildu eta nire esanak entzun eta betetzen dituena: etxea eraikitzean, harkaitz gainean eraiki zuenaren antzekoa da…». (Lukas 6,47)
Dionisio Amundarain