URTEKO 8. IGANDEA A 2017-02-26
SARRERA
Senideok, ebanjelioan, gaur ere, Jesusen Mendiko Hitzaldiko pasarte bat entzungo dugu. Aurreko igandean «etsaiak ere maitatu» esan zigun Jesusek. Horren segidan, limosnaz, otoitzaz eta barauaz ari den zatia zetorren; baina zati hori laster hasiko dugun garizumarako utziko dugu. Eta gaurko ebanjelioa Jainkoagan konfiantza izateaz ari zaigu, gure arduren artean hurrenkera edo hierarkia bat jartzeaz; alegia, kontuan izan behar dugu, geure bizitzako gauza guztiak ez direla parekoak, ez direla maila berekoak, batzuk inportanteagoak direla besteak baino; esaten digu, gizakia ez dela gorputza bakarrik, ezta espiritua bakarrik ere; garrantzizkoa dela gizakiaren xede edo helburu nagusia zein den kontuan hartzea; hobeto esan, gizakia osorik hartzea da kontua, beraren baitan osagai guztiek bat egiten dutela. Azken batean, Jesus bere baitan oso-osorik bat izan zen bezala, hala izatea dagokigu guri ere.
Horiek horrela, fede hau aitortzeko eta bizitzeko proposatzen digu, beste hitz batzuekin, gaurko ebanjelioak: Sinesten dut zorioneko direla, Jainkoa aintzat hartuz, elkarrekin gauzak banatzen dituztenak, gauza gutxirekin bizitzen dakitenak, beren desioen esklabo izan gabe bizi direnak.
Izan dezagula lagun Jainkoa, fede hori bizi bihurtzeko.
LEHENENGO IRAKURGAIA Isaias profetaren liburutik (49,14-15)
Pasarte hau bere testuinguruan kokatu behar dugu: Israel herriko jende asko Babilonian bizi zen. Batetik, Babiloniako bizierak eragin handia izan zuen jende horrengan; bestetik, ez zuten jakin beren sinesmenari adorez eusten. Giro horretan, profetak Jainkoaganako konfiantza eta esperantza aldarrikatu nahi dizkie. Guretzat ere ez da gaizki etorriko mezu hori.
Gaurko zati labur hau beste luzeago baten puska da. Luzeago horretan Jainkoaren eta Israel herriaren arteko elkarrizketa ageri da. Israel herriak uste du, Jainkoak eskutik utzi egin duela, eta hala agertzen dio Jainkoari. Jainkoak, ordea, irudi bikain eta sarkor baten bidez, bere jarrera agertu dio, eta esan: ama bat bere seme edo alaba txiki batez ahazteko gai baldin bada ere, ni ez; ni ez naiz gai Israel herriaz ahazteko. Jainkoak bere burua ama bezala agertu die. Oso testu gutxitan ageri da Jainkoa ama bezala.
Horra Jainkoak gizadi osoaz eta gutako bakoitzaz duen bihotz errukitsua. Nolatan ahaztuko da Jainkoa, berak maitasunez sortu duen gizakiaz?
Senideok, poztu gaitezen eta eskerrak eman Jainkoari; ez bakarrik maitasun hori digulako, baita maitasun hori mila eratan agertu digulako ere.
BIGARREN IRAKURGAIA Korintoarrei egindako lehen gutunetik (4,1-5)
Paulok beraren aurkako kritika bati erantzun nahi dio. Eta erantzunean dio, bera Jainkoaren zerbitzari hutsa dela, eta zerbitzari ona ala txarra den Jainkoak bakarrik esan dezakeela egi-egiaz.
Funtsean, bi adierazpen egingo dizkigu Paulok.
Batetik: Kristoren zerbitzari da apostolua. Kristok gizadiaren eskura jarri dituen ondasunen eta hitzaren administratzaile da. Ez da, beraz, pertsona pribilegiatu bat. Ez da besteak baino duintasun handiagoa duen bat. Bere egitekoa ondo eta zuzen betetzea dagokio.
Bestetik: Paulo zerbitzariaz izan daitekeen iritzia. Kontua ez da arrakasta izan ala ez. Jendeak zerbitzariaz izan dezakeen iritzia ez da azken hitza. Norberaren iritzia ere ez da guztiz segurua. Balio duen iritzia, hondo-hondoan, zerbitzariaz Jainkoak duen iritzia da.
Jakina, honek ez du esan nahi, jendearen iritziak eta kritikak baliorik ez dutenik. Jainkoa gizakiez baliatzen da, askotan, bere iritzia emateko.
Senideok, eska diezaiogun Jainkoari: batetik, eliz zerbitzarien alde: jakin dezatela entzuten eta aintzat hartzen jendearen iritziak eta kritikak; jakin dezatela, batez ere, bihotzean hitz egiten dien Espiritua entzuten; bestetik, eliztar guztien alde: jakin dezagula bereizten zerbitzariengan, zein jokabide den jatorra eta zein ez; kasu guztietan, Espirituaren argipean.
EBANJELIOA San Mateoren liburutik (6,24-34)
Hiru zati ditu orain entzungo dugun ebanjelio honek. Batetik: inor ezin izan da bi jaunen zerbitzari; ezin izan gara Jainkoaren eta jainko bihurtutako diruaren zerbitzari. Bestetik, hegaztiez eta loreez arduratzen den Jainkoa, nolatan ez da arduratuko haiek baino balio handiagokoa den gizakiaz? Hirugarren, bila ezazue lehenik Jainkoaren erregetza eta haren zuzentasuna; gainerakoa, gehigarri emango dizue Jainkoak.
Hitz batean, Jainkoagan konfiantza izateko eskatzen digu Jesusek.
HERRIAREN OTOITZA
1.-Kristau guztien alde: munduaren ardura kreatzailea duen Jainkoarentzat, gu aho, esku, bihotz eta buru izan gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Munduan gerran ari diren nazioen eta estatuen alde: beren interesen eta arduren artean, hurrenkera edo hierarkia zuzena jar dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Gure artean etxerik gabe, lanik gabe, preso, gaixo bizi direnen alde: herritarren artean laguntza aurki dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Hemen bildu garenon alde: Jainkoagan konfiantza bizia izan eta besteei hori bera kutsatzen saia gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.