Krisialdirako ebanjelioa: larritasunetik konfiantzara
Urteko 8. igandea A (2017-02-26)
Kristau-jarreraren eta lege-maisuen jarrera legalistaren arteko aldea (honen aurreko bi igandeak) azaldu ondoren, beste urrats bat eman du Mendiko Hitzaldiak: erruki-egintzei dagokienez (otoitza, limosna eta baraua) kristauaren eta fariseuaren arteko aldea adieraztera jo du. Liturgiak alde batera utzi du pasarte hau. Orobat utzi du alde batera hitzaldiaren hirugarren zatiaren hasiera, ondasun materialei dagokienez kristauaren eta paganoaren arteko aldea dakarrena.
Esperientzia bikoitzak, Jesus diruagatik saldua izan zelakoa (Mt 26,14-16) eta «aberastasunaren lilurak Jainkoaren hitza ito egiten eta fruiturik gabe gelditzen delakoa» (Mt 13,22), lehen ebanjelio hau honetara darama: ondasun materialen gaia indar handiz tratatzera, nahiz eta bertako esapideak batzuetan oso labur eta, are, ilun gertatzen diren.
Hitzaldiaren hariari jarraituz, segidako gai hauek ageri dira: hasierako erregu bat, bihotza Jainkoagan jartzera, eta ez diruan (Mt 6,19-21); bigarren erregu bat, eskuzabal izatera (6,22-23); Jainkoarekiko kultua eta diruarekikoa bateratu ezinak (Mt 6,24); erregua, ez larritzera eta Jainkoaren arduran konfiantza izatera (Mt 6,25-34).
Igande honetako liturgia azken bi gaietara mugatu da.
Hautabide handia
«Ezin izan da inor bi nagusiren zerbitzari… Ezin izan zarete Jainkoaren eta diruaren zerbitzari».
«Ez duzu izango beste jainkorik nire aurrez aurre», esan digu lehen aginduak. «Ezin izan zarete Yahveren eta Baalen zerbitzari», esan die Elias profetak israeldarrei Karmelo mendian. Hain antzekoa den ebanjelioko formulazioak agertzen du Jesusen hitzak idolatriaren aurkako borrokaren ildoan txertatu direla. Hasieran, israeldarrek uste izan zuten Jainkoaren arerio bakarrak inguruko herrien jainkoak zirela (Baal, Astarte, Marduk, etab.). Profetek adierazi zieten, Jainkoaren arerioak edozein eremutan gerta daitezkeela, ekonomikoa barne. Jesusen ustez, aberastasunak kultua eskaintzen eta idolatrian erorarazten gaituen jainko bihur daitezke.
Jakina, gutako inor ez da joango banketxe edo aurrezki kutxa batera diruaren jainkoari otoitz egitera, ez die bederatziurrenik egingo bankeroei ere. Baina eror gintezke diruaren idolatrian. Bibliaren arabera, hiru eratan eskaintzen zaio kultua diruari:
1) Zuzeneko zuzengabekeria dela medio (lapurreta, iruzurra, hilketa). Dirua on absolutu bihurtzen da, Jainkoaren, lagun hurkoaren eta norberaren gaindiko jainko.
2) Zeharbidezko zuzengabekeria, egoismoa dela medio: ez dio kalterik egiten zuzenean lagun hurkoari, baina hartaz arretarik ez izatera eramaten gaitu (gogora ekarri aberatsaren eta Lazaroren parabola: Lk 16,19-31).
3) Mundu honetako ondasunen itolarria dela medio: Jainkoaren arduraz konfiantza galtzera eramaten gaitu. Gai honi, kristaurik gehienentzat oinarrizkoa, eskaintzen dio Mateok hitzaldiaren zati honetako atalik hedatuena.
Itolarritik Jainkoaren Ardurarekiko konfiantzara
Atal labur honetan sei aldiz ageri da «itolarri» terminoa. Jesus ez da mintzo edozein itolarri-motaz, baizik eta jatekoaren eta janztekoaren premia materialek eragindakoaz. Kasu bietan eguneroko irudiak aipatzen ditu (Jainkoak txoriak elikatzen ditu eta bikain janzten lirioak), Ardurarekiko konfiantza sustatzeko. Baina erdi parean eta azkenean agian ironikoak diren gogoetak tartekatzen ditu: «gehienik larriturik ere, ez zara biziko urte bat gehiago», eta «ez ezazu larritu zeure burua, bizitzak emango dizu-eta zertaz larritu».
Batzuek uste dute pasarte hau dela ebanjelioko utopikoena eta alienagarriena, esperientzia ororen eta zentzu komunaren kontrakoa. Baina Jesusen ikuspuntuan jarri beharra izango genuke, gureak ez bezalako, oso, bi koordinatutan mugitzen da hura: konfiantza sakona Jainkoagan eta erabateko atxikipenik eza mundu honetako ondasunei dagokienez. Eredutzat txoriak eta lirioak jartzean, izate bakarra bizirautea duten izakiez mintzo zaigu, etxerik, lursailik, harribitxirik, altxorrik pilatzen ez dutenez, alegia. Jesusentzat, aski da bizirautea, aski da «gure eguneroko ogia» izatea. Eta konbentziturik dago Jainkoak emango duela. (Pobreek, eta beren bizitzako momenturen batean premia handiak jasan izan dituztenek, problemez eztabaidatzera mugatzen direnek baino hobeto ulertzen dute hori guztia).
Bestetik, Jainkoaren Arduraz ari den testu hau oso ondo uler daiteke epe laburrerako eta luzerako helburuen teoria marxista aplikatuz. Marxismoarentzat, garrantzizko helburua epe luzerakoa da (proletarioaren diktadura); epe laburrerako helburuak (soldata-eskabideak, bizimaila handitzea, etab.) tranpa bihur daitezke langile-klasearentzat, burgestera eramango lukeen tranpa eta helburu nagusiari uko egitera.
Jesusek, ikuspegi gizatar eta erlijioso batetik, jarrera bera hartu du. Garrantzizkoa «Jainkoaren erreinua eta haren zuzentasuna» da, kristauok ahal den neurrian aurreratu behar dugun gizarte bete-beteko hori, alegia. Horren baitan ez dute lekurik, ez ezparekotasun zaurgarriek, ez zuzengabekeriak, ez anai-arreba batzuk goseak hiltzeak edota egundoko premiak jasateak, beste batzuek ondasunak gainezkoa dituztelarik. Baina, soilik janariaz eta jantziaz, lehen mailako premiez, arduratzen bagara, uko egiten diogu Jainkoaren Erreinua bilatzeari. Aitzitik, guztien gainetik Jainkoaren Erreinuaz arduratzen bagara, «hori guztia (janaria, jantzia) gehigarri emango dizue Jainkoak».
Jainkoaren Ardurari buruzko ikusmolde alienagarria saihesteko, komeni da gogoratzea nola ulertu zuen hasierako Elizak:
1) Lehenik eta behin, ez du eragozten lan egitea. Tesalonikako kristauei Paulok esan die: «Lanik egiten ez duenak ez dezala jan» (2 Ts 3,10).
2) Norbait premian denean, besteek ez diote eskatzen Jainkoari lagundu diezaion; berek laguntzen diote. Horixe egin zuten Greziako kristauek Jerusalemgoekin (2 Ko 8−9).
Bai. Gainerakoen arduradun gu geu gara. Honetan dago okerra: gure egoismoak beste askori eragotzi egiten diola Jainkoaren Arduran sinestea. Kasu horretan, geure buruari aplikatu beharko genizkioke San Pauloren hitz hauek: «Zuen kulpaz egiten dute birao Jainkoaren aurka».
Laburtuz, Jesusen mezua oinarrizko bi burubide hauetan sintetizatzen da: a) lurreko ondasunek badaezpadako balioa dute Jainkoaren eta haren erreinuaren goreneko balioaren ondoan; b) premian den pertsonak erabateko balioa du, eskuzabaltasun-jarrera eskatzen diguna.
Ebanjelioak, Jainkoaren Ardurarekiko konfiantzara eragiteko, Aitatzat agertu digu Jainkoa, bere sorkariez arduratzen dela esanez. Lehen irakurgaia labur-laburra da; are irudi adierazkorrago bat darabil: Jainkoa amatzat agertu digu, bere erraietako seme-alabez ezin ahaztu den amatzat.
José Luis Sicre