Urteko 8. igandea A (2017-02-26)
HOMILIA
Anai-arrebok!
Aurreko bi igandeetan, benetako kristau baten jarreraren eta lege-maisuen jarrera legalistaren aldeaz hitz egin zigun ebanjelioak. Esan ziguten: batetik, inor ez hiltzeko esatean, kontua ez dela odolik ez isurtzea bakarrik; bihotzean inor ez hiltzea dela arazoa; bestetik, ez dela aski talio-legea, begia begi truk dioena; baizik eta etsaia ere maitatzea dela arazoa, zeruko Aitak gizon-emakume guztiak maite baititu. Jakina, hau ulertzeko, ekintza eta ekintza aritzea ez dugu aski izango. Beharrezkoa izango dugu jarrera kontenplatiboa: zeruko Aitak guztiok maite gaitu! Zer Aita da, nolako Aita da. Aita ez ezik Ama da, lehen irakurgaiak esan digunez. Baina hori guztia hausnartu egin behar da. Bihotzean gozatu. Berriro esan, ez da aski ekintza eta ekintza aritzea.
Gaurko ebanjelioak bi puntuok gomendatzen dizkigu: batetik, ezin dira bateratu Jainkoaren kultua eta diruaren kultua; bestetik, ez larritzeko eskatzen digu ebanjelioak, baizik eta konfiantza izateko Jainkoaren arduran, konfiantza izateko Jainkoak gurekiko duen arduran.
Ebanjelioko lehen gaia. Ezin izan zarete bi nagusiren zerbitzari. Ezin izan zarete Jainkoaren eta diruaren zerbitzari.
Hau dio lehen aginduak: Ez duzue izango ni beste jainkorik. Elias profetak, berriz, hau esan die israeldarrei: Ezin izan zarete Yahveren eta Baalen zerbitzari. Azken batean eta hondo-hondoan, idolatria salatzen du Biblia osoak, eta, zehazki, gaurko ebanjelioak. Dirua eta aberastasunak jainko bihurtzea gaitzesten du. Dirua esatean, Jainkoa ez den beste zernahi adierazten da: Frantzisko aita santua ez da Jainkoa, senarra / emaztea ez da Jainkoa, semea / alaba ez da Jainkoa, etab.
Hainbat eratan har dezakegu dirua jainkotzat. Dirua jainkotzat hartzeko era bat: dirua lortzeko, lapurreta egitea, iruzurra egitea, engainatzea, norbait hiltzea. Dirua jainkotzat hartzeko beste era bat: lagun hurkoaz arduragabe izatera garamatzan jarrera eta jokabide egoista (gogoratzen al zarete aberatsaren eta Lazaro behartsuaren parabolaz?: aberatsa eguna joan eguna etorri otordu handiak etab. eginez; bere etxe-atarian duen Lazaro behartsua ez du ikusi ere egiten). Dirua jainkotzat hartzeko hirugarren era bat: mundu honetako ondasunengatik estu eta larri bizitzea, Jainkoak gurekiko duen Arduraz ahaztuz.
Ebanjelioko bigarren gaia. Ez al zarete zuek hegaztiak eta loreak baino balio handiagoko? Hegaztiez eta loreez arduratzen dena, ez ote da zuetaz arduratuko?
Jakina, Jainkoaren arduraren arazo hau oker uler daiteke. Garai batean, joera handia zen pentsatzeko: Jainkoak lagunduko dit, Jainkoak konponduko dit arazoa etab. Gaur egun ere bada horrelako jenderik. Baina, zorionez, gutxiago. Ezin gara bizi Jainkoak mundu honetako arazoetan burruntzalia sartuko duelakoan. Geuri dagokigu mundu honetako arazoak kudeatzea; hain juxtu, Jainkoa ez balitz bezala jokatuz eta arduratuz, baina hondo-hondoan Jainkoagan dugun usteaz jokaturik.
San Paulok berak esana zien tesalonikarrei (2 Ts 3,10): lanik egiten ez duenak, ez dezala jan. Geuk ere, kristau bezala jokatu nahi badugu, norbait premian ikusten dugunean, ez diogu eskatzen Jainkoari lagundu diezaion, Jainkoak berak zuzenean; baizik eta geuk lagundu behar izaten diogu. Horixe egiten zuten Greziako kristauek Palestinako kristauekin: diruz lagundu (2 Ko 8−9 kapituluak). Jainkoaren Ardura gu geu gara.
Arriskua da, gu egoismoak jota bizitzea. Orduan sortzen da israeldarrek izan zuten uste okerra: uste izatea Jainkoa ez dela arduratzen gizadiaz.
Senideok, har dezagun kontuan gaurko lehen irakurgaikoa: ama bat bere semeaz edo alabaz ahazten bada, ni ez naiz ahaztuko zuetaz. Gu geu gara Jainkoaren bihotz, esku, aho… Ez diezaiogun huts egin. Ez digu huts egingo Jesusen Espirituak, argia eta adorea emanez.
Dionisio Amundarain