Urteko 7. igandea C 2019-02-24 OHARPENAK

SARRERA

Anai-arrebok!
Joan den igandean zoriontasunak entzun genituen. Gaur eta datorren igandean ere, Lautadako Hitzaldiaren zatiak entzungo ditugu. Hau da gaurko gaia: etsaiei ere barkatzea, eta, zentzu baikorragoan, adiskidetzen saiatzea.
Lehen irakurgaiak, Daviden jokabidea dakarkigu. Saul erregea David nola hilko zebilen. Eta David ihesi. Behin batean, ordea, Saul erregea hiltzeko aukera garbi-garbia izan zuen Davidek; halere, barkatu egin zion.
Ebanjelioan, etsaiei barkatzeko eskatu digu Jesusek. Baina esapide jakingarri hau jaulkiz hasi da hitz egiten: «Zuei, niri entzuten ari zaretenoi esaten dizuet». Zoriontasun batean esandakoa ageri da Jesusen esaldi horretan. Zoriontasun hark hau dio: «Zorionekoak Jainkoaren Hitza entzun eta gordetzen dutenak». Duela igande batzuk Paulok esana ere iradokitzen dute Jesusen hitz horiek: maite duenak den-dena jasaten du.
Jesusek badaki, zeinek ulertu eta bete dezakeen bere agindua: etsaiei ere barkatzea. Soilik, Jainkoaren Hitza entzun eta betetzen dutenek.
Gaur, bestalde, elizbarrutiko premia pastoralen alde otoitz egiteko eguna dugu eta laguntzekoa, ahal dugun neurritxoan. Irten gaitezen geure baitatik eta begira dezagun urrutirago.

Lehen irakurgaia: Samuelen lehen liburutik (26,2.7-9.12-13.22-23

Israeldarrek hasiera batean ez zuten erregerik. Yahve zuten beren errege. Baina, ikusirik inguruko herriek zeinek bere erregea zutela, israeldarrek lurreko errege bat nahi zutela esan zioten behin eta berriz Samuel profetari.
Samuelek adierazi zien beren kalterako izango zutela erregea. Baina alferrik. Azkenean, Saul izendatu zuten errege. Baina, Samuelek esan bezala, ustel atera zitzaien. Bitartean, Jauna Daviden alde ari zen. Eta Saulek inbidia hartu zion Davidi. Eta mendira irten zen bere soldaduekin, Daviden bila. Gau batean, Saul lo zegoela, David ondora joan, haren ezpata hartu eta alde egin zuen. Saul hiltzeko esaten zion Davidi berekin zuen lagunak, baina ez. Barkatu egin zion Davidek. Halere, Daviden barkazioa erdizkakoa izan zen. Sauli Jainkoak aukeratua zelako barkatu zion. Eta Saulen partez, etsaia beste edozein bat izan balitz?
Jesus etorri zain egon beharko dugu, jakiteko, edozein pertsona dela Jainkoaren aukeratu, Jainkoaren seme edo alaba, barkatu beharreko.

Bigarren irakurgaia: Paulo santuak Korintoarren egindako lehen gutuna (15,45-49)

Paulo, 15. kapitulu honetan, piztueraz mintzo zaie / zaigu Korintoarrei. Kristo da Adam perfektua, zerutarra eta espirituala; lehen Adami kontrajarria. Erabakitzailea da bigarren Adam hau, Kristo alegia, gure salbaziorako. Lurtar izatea eta zerutar izatea kontrajartzen ditu. Kristori itsatsirik parte hartuko dugu piztueran.

Ebanjelioa San Lukasen liburutik (6,27-38)

Ebanjelioaren gaurko pasarte hau ere Lautadako Hitzaldiaren zatia da. Lau agindu esanguratsu ageri dira: maitatu, on egin, bedeinkatu, otoitz egin.
Bistan da: ebanjelioa ez da mugatzen «etsaiari barkatu» esatera. Jesusek, agindu diguna, berak bete du lehenik. Baina garrantzizkoa da zer esan digun kontuan hartzea: berari jarraitu, bera imitatu, beraren biziera egin, etsaiak maitatu.
Tratatu besteak, zeuek tratatuak izatea nahi zenuketen bezala. Baina ez da aski elkarrekiko maitasuna. Maitatu etsaia ere; hor ez dago elkarrekiko maitasunik; helburua hori bada ere: etsaia maitatuz, harengan maitasuna sortzea da helburua.
Helburu hau, jakina, ez dago gizakiaren esku. Baina har dezagun kontuan gaurko Mezako Sarreran esana: Jesus Jainkoaren Hitza entzun eta betetzen dutenei ari zaie. Eta halako jendeak badaki, berak ezin duena, berarekin dagoenak, Jaunak, badezakeela.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Azken egun hauetan Erroman pederastiaren inguruan bildu direnen alde: bileran aztertu eta hausnartutako gaiak, hutsean geldi ez daitezen; baizik eta Espirituaren suaz eta ausardiaz joka dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Kristau guztien alde: bakearen Jainkoak bakearen tresna bizi egin gaitzan. Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Kristauok aipatzen dugun maitasunak, munduko gizon-emakume guztiak besarka ditzan. Eska diezaiogun Jaunari.

4.-Maitatu beharrak eta barkatu beharrak ez gaitzatela urrundu zuzentasunaren alde borroka egitetik, baizik eta Jesusek agertu zuen suarekin eta adorearekin joka dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.