ETSAIAK BERAK ERE Mateo 5,38-48

Urteko 7. Igandea A 2020-02-23

Ezin ukatua da egoera paradoxiko batean bizi garela. «Eskubideak hankapean hartzearen edo indarkeriazko zuzengabekeriaren aurkako sentiberatasuna gero eta handiagoa den bitartean, are handiagoa ari da bihurtzen beste sentimendu hau: antsiatzen diren aldaketa sakonak gauzatu ahal izateko, indarkeria kirten eta neurrigabera jo behar izatearen sentimendua». Horixe zihoen, duela urte batzuk, bere azken Agirian, Jesusen Lagundiko Probintzia-buruen Batzar Orokorrak.

Ematen du problemak konpontzeko indarkeriara jo beste biderik ez dagoela. Horrenbestez, ez da harritzekoa Jesusen hitz hauek gure gizarte honetan oihu xalo eta, are, desarmoniatsu edo diskordante iruditzea: «Maitatu zeuen etsaiak, egin on gorroto zaituztenei».

Eta, halere, gehienik entzun beharreko hitza dugu hori une hauetan, zeinetan, duda-mudak harturik garela, ez baitakigu zehazki zer egin mundutik indarkeria erauzten joateko.

Norbaitek esana da: «indarkeriaz bakarrik konpon daitezkeen problemak berriro planteatu behar dira» (F. Hacker). Eta, hain justu, hemen egin dezake bere ekarpena, gaur ere, Jesusen ebanjelioak, ez gatazken aterabide teknikoak eskaintzeko, baina bai zein jarreraz egin behar diegun aurre adierazteko.

Konbentzimendu sakona du Jesusek. Gaizkia ezin gainditu da gorrotoaz eta indarkeriaz. Gaizkia ongiaz bakarrik gaindi daiteke. Martin Luther Kingek zioen bezala: «indarkeriaren azken akatsa da, beheranzko espirala eragiten duela, sortzen duen guztia suntsitzen duela. Gaizkia gutxitu ordez, handitu egiten du».

Jesusek ez du jo zehaztera, kasu jakinen batean, indarkeria bidezkoa izan ote daitekeen. Hobekiago, inoiz ere indarkeriarik izan ez dadin lan eta borroka egitera gonbidatu gaitu. Horregatik, garrantzizkoa izango da beti, anai-arreba artekotasunera, eta ez anai-arreben hilketara, eramango gaituenaren bidearen bila ibiltzea.

Etsaia maitatzeak ez du esan nahi zuzengabekeria toleratu eta gaizkiaren aurkako borrokatik, eroso, alde egitea. Jesusek argi ikusi duena da, ez dela gaizkiaren aurka borroka egiten pertsona suntsitzen denean. Gaizkiari aurka egin behar zaio, baina arerioa suntsitzera jo gabe.

Baina ez dezagun ahaztu gauza garrantzizko bat. Indarkeriari uko egiteko dei hau, indarkeria suntsitzailerako ahalmenik eta irispiderik doi-doi duten ahulei baino lehenago eta batez ere, boterea, dirua edo armak dituztenei doakie, ahulenak eta babesgabeenak indarkeriaz zapaltzen ahal dituzten hauei.

Jose Antonio Pagola