Urteko 7. igandea A (2017-02-19)
Mendekutik maitasunera
Joan den igandean, Jesusen bi baliabide ikusi genituen lege-maisuen legalismoari aurka egiteko: legea beraren azken ondoriotara eraman (hilketa, adulterioa) eta indarrean den legea desegin (dibortzioa, zin egitea). Igande honetako ebanjelioak beste baliabide bat gehituz bukatu nahi du gaia: arau bat jarri beste baten ordez. Mendekuaz eta hurkoarekiko harremanez hitz eginez gauzatu du asmo hori.
Eskuzabaltasuna mendekuaren ordez
Bosgarren kasutzat talio-legea hartu du («begia begi truk, hortza hortz truk»). Lege hau ez da izan batzuetan uste izan den bezain krudela. Lamek-en krudeltasunari galga ezarri nahi izan dio, hau zioenari: «Zauritu ninduelako, gizona hil dut; jipoitu ninduelako, mutikoa» (Hasiera 4,23). Neurririk gabeko mendeku-asmoaren aurka (zauritzeagatik hiltzea), mendekua iraina baino harago joan ez dadin nahi du talio-legeak (begia begi truk). Nolanahi den, mendekuaren ideia zilegitzat emanez jarraitzen da.
Eskiloren Koeforak liburuan, ideia honek duen indar unibertsala nabari da. Bere aita asasinatu ondoren, Elektrak Koruari galdetu dio zer eskatu behar duen, eta honek erantzun:
−Jainko bat edo hilkor bat etor dadila haien gainera…
−Epaile ala mendekatzale?
−Esazu besterik gabe, «heriotza heriotzaren truk emango duenen bat».
−Baina uste al duzu santu eta zuzen iritziko diotela jainkoek nire erreguari?
−Agian, ez ote da santu eta zuzen etsai bati gaitza gaitz orde ematea?
Jesusek ez du onartu jarrera hau bere ikasleentzat. Iraintzen dutenei aurka ez egiteaz gain, eskaintza- eta eskuzabaltasun-jarrera bizi behar dute. Irakaspen hori adierazteko, bost kasu zehatz aipatu ditu Jesusek. Nola jokatu behar duzu zaplaztakoak eman dizkizunarekin, tunika kentzeko auzitara eraman zaituenarekin, milia bat ibiltzera behartzen zaituenarekin (agian, erromatar soldaduez ari da, soldaduen zama distantzia horretan eramatera behartu baitzitzaketen juduak), maileguz eskatu dizun edo eskatzen dizunarekin? Aski genuke nork bere buruari galdera horietako bat egitea, nola erantzungo genukeen pentsatuz, ohartzeko Jesusen erantzunekin dugun alde handia.
Nolanahi den, Jesusen esana ez dugu hartu behar hitzez hitz; bizitza mingostu besterik ez liguke egingo. Jesusek berak, zaplaztako bat eman ziotenean, ez zien eskaini beste masaila; zergatik jotzen zuten galdegin zien. Inporta duena, lagun hurkoaren aurrean izan ohi dugun jarrera orokorra aztertzea da: ea mendeku-jarrerak eragiten digun, edo gorrotoak, edo geure laguntza azkeneraino xuhurtzeak, ala eskuzabal eta eskaintzaz jokatu ohi dugun.
Etsaia maitatu
Azken kasu hori idatzitako lege batetik dator («maitatu lagun hurkoa»: Lebitarrena 19,18) eta idatzi gabeko arau batetik, asko praktikatzen den batetik («izan gorroto etsaia»).
Egia da, Irteera liburuak bi lege dituela, etsaiarekin ondo jokatzeko eskatzen dutenak: «Zeure etsaiaren zezen edo asto galduak aurkituko dituzuenean, jabeari emango dizkiozu. Zeure arerioaren astoa zamapean eroria ikusiko duzunean, ez egin ezikusiarena; lagundu ezazu» (Irteera 23,4-5). Baina gauza bitxia da nolatan aldatu den lege hau geroagoko batean: «Zeure anaiaren idia edo ardia galdurik ikusten baduzu, ez egin ezikusiarena: itzuli zeure anaiari. Zeure anaiaren astoa edo idia bidean erorita ikusten baduzu, ez egin ezikusiarena, lagundu altxatzen» (Deuteronomio 22,1.4). Azken kasu honetan eginbeharra ez da etsaiarekiko edo arerioarekiko, baizik eta anaiarekiko (zentzu zabalean). Norbaitek esan lezake, Deuteromioarentzat ez dagoela etsairik, denak anaia direla. Baina interpretazio onberaegia da hori.
Ebanjelioa oso errealista da: Jesusen jarraitzaileek etsaiak dituzte. Lehen kristau-elkarteek, Israel herritik banandu zirelako gorrotatuak eta kalumniatuek ziren haiek, jasaten zituzten pertsekuzioak dakarzkigute burura ebanjelioko hitzek; baita Afrikako eta Asiako hainbat elkartek gaur egun sufritzen ari direna ere. Une horietan senti daitezkeen errabiaren eta gorrotoaren aurka, gorrotorik ez izateko erregutzen digu; are gehiago, pertsegitzaileei barkatzeko, eta halakoentzat otoitz egiteko.
Eskatzen diguna hain zaila delako, arrazoitu beharra sentitu du. Horretarako, bi adibide kontrajarri ditu: Jainko Aitarena, israeldar batentzat maite-maitea, eta zerga-biltzaileena eta paganoena, talderik gorrotatueneko bi. Horietarik zeinen antzeko izan nahi dugu? Bere ondasunak (eguzkia eta euria) gizon-emakume guztiei ematen dizkien Aitaren antzeko, onak ala gaiztoak izan, berarekin jokabide ona ala txarra izan? Ala beraiei maitasuna agertzen dietenak bakarrik maite dituztenen antzeko?
Arazoa ez da batek nahiago duena aukeratzea. Kristauak beharrezkoa du «guztiz ona izatea, zeruko zuen Aita ona den bezala».
Lehen irakurgaia (Lebitarrena 19,1-2,17-18)
Lehen irakurgaiaren ideia da Jainko on eta santua imitatzearena, lagun hurkoarekin ondo jokatuz. Guztiz interesgarria da formulazioa, debekuak eta aginduak txandakatuz. Gorrotoa debekatzen du, zentzaraztea agintzen du, mendekua debekatzen du, maitatzea agintzen du. Horrela, bata bestearen osagarri dira debekuak eta aginduak. Bihotzez gorrotorik ez izateak, praktikan, ez mendekatzea esan nahi du, gorrotorik ez gordetzea. Zentzaraztea, maitatzeko era bat da; izatez, erosoena eta errazena, besteen akatsez dagokionaren aurrean isiltzea izaten da eta atzetik kritikatzea; kristau baten eran norbait zentzarazteko, beharrezkoak dira maitasun handia eta apaltasun handia.
José Luis Sicre