Urteko 6. igandea C 2019-02-17

SARRERA

Anai-arrebok! Joan den igandean, ebanjelioak Jesusen lehen jarraitzaileak aurkeztu zizkigun; Jesusi entzun eta haren Hitzean konfiantza jartzearen ondorioa izan zen. Segidan, ebanjelariak Jesusen jarduera kontatzen jarraitu du.
Gaurko pasartearen aurretik, Lukasek esan digu, Jesus mendira igo dela, eta gau guztia otoitzean eman duela. Goizean, ikasleei dei egin eta hamabi aukeratu ditu. Kontu egigun: hamabiak aukeratu aurretik. otoitz luzea egin du.
Talde horrekin menditik jaitsi eta lautadan jende askorekin topo egin du. Eta Jesus hitz egiten hasi zaie, Zoriontasunak hots eginez. San Mateok Mendiko Hitzaldia bezala, Lukasek Lautadako Hitzaldi dakarkigu; horren zatia da gaurko ebanjelioa.

Lehen irakurgaia (Jeremias 17,5-8)

Ebanjelioan Jesusek zorionekoak / zoritxarrekoak aipatuko ditu. Jeremias profetak, berriz, irakurtzera goazen testuan, madarikatuak / bedeinkatuak aipatu ditu.
Konfiantza non jarri azaldu nahi digu Jeremiasek. Madarikatua bere konfiantza guztia gizakiagan ipintzen duena. Bedeinkatua bere konfiantza Jainkoagan ipintzen duena.
Konfiantza gizakiagan ipintzen duena, basamortuan aldatutako landarea bezala da. Konfiantza Jainkoagan ipintzen duena ibai ondoan aldatutako arbola bezala da.

Bigarren irakurgaia (1 Korintoarrei 15,12.16-20)

Pauloren aitorpen handia dakar entzungo dugun pasarte honek: KRISTO PIZTU DA. Korintoarrek dituzten duda-mudei emandako erantzun bipila da. «Nolatan diote zuetako batzuek hildakoak ez direla piztuko?» Kristo piztu da, eta haren piztuerak guztiok harrapatzen gaitu. Egia balitz Kristo ez dela piztu, munduko zoritxarrekoenak izango ginateke. Orduan haren heriotzak ez baitzuen ekarriko bekatuen barkaziorik. Baina Paulo seguru dago eta seguru mintzo da, bai Kristoren piztueraz, bai gureaz. Kristau-fedean horixe dugu funtsezkoena. Paulok agertu duen fede eta konfiantza horixe eskatu beharko genioke Jesusen Espirituari.

Ebanjelioa (Lukas 6,17.20-26)

Gaurko ebanjelioa, alde batetik eta batez ere, poz ematekoa da; bestetik, zorrotza da.
Poz ematekoa. Jesusek zorioneko deklaratu ditu pobreak.
Zorrotza. Zoritzarrekotzat jo ditu aserik bizi direnak.
Mateoren ebanjelioak bezala, Lukasen ebanjelioak ere zoriontasunak aldarrikatu ditu.
Mateorenari, Mendiko Hitzaldia deitzen diogu. Lukasenari, Lautadako Hitzaldia.
Mateorenean, zortzi zoriontasun datoz. Lukasenean lau zoriontasun eta lau madarikazio.
Hondo-hondoan, esperantza izatera eta esperantza bizitzera gonbidatzen gaituen testua da. Eta Jesus da gure Esperantza.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Eliza osoaren alde: izan dadila egiaz Zoriontasun gure mundu honentzat; izan dadila aldarrikapen, beste mundu bat posible dela hots eginez.

2.- Fededun guztion alde: ez gaitezela erori kristautasun eroso baten tentazioan; alderantziz, konprometitu gaitezela Jesusek egin digun proposamenarekin. Eska diezaiogun Jaunari.

3.- Kristau guztien alde: kontuan izan dezagula Jesusen hitz hau: alegia, Jainkoaren Erreinua iritsi dela pobreentzat, goseak direnentzat. Eska diezaiogun Jaunari.

4.-Bere bizitza zapaldurik sentitzen duten guztien alde: topo egin dezatela «Berri On» diren pertsonekin; horizonte berri bat eta esperantza emango dieten pertsonekin. Eska diezaiogun Jaunari.