URTEKO SEIGARREN IGANDEA C

Lehen irakurgaia

( Lege zaharreko madarizione eta benedizioneak )

Jeremi profetaren liburutik 17, 5-8

5 Hunela mintzo da Jauna:
Madarikatua konfiantza gizakiaren baitan duen gizona,
giza indar hutsean oinarritzen dena
eta bihotza Jaunarenganik urruntzen duena.
6 Basamortuko zuhaixka iduriko du,
ez du ikusiko deus onik heldu.
Basamortuko bazter idorretan egonen da,
lur gazi, bizi ezinean.
7 Benedikatua konfiantza Jauna baitan duena,
bere esperantza Jauna duena.
8 Ur bazterrean landatu zuhaitza iduriko du:
ur bizigarrietarat hedatzen ditu erroak:
ez du beroaren beldurrik, eta haren hostoa hezerik dago;
idorteak ez du izitzen, ez baitu fruitu emaitetik trabatzen.

Predekari on guziek bezala Jeremi profetak entzuleen bizian hartzen ditu etsenplu eta
irudiak.
Irudi horiek bere mezuaren argitzeko erabiltzen ditu : « Benedikatua konfiantza Jauna
baitan duena / madarikatua konfiantza gizakiaren baitan duen gizona ». « konfiantza » edo
« fidantzia » indar handiko hitza da : zerbaiten gainean bermatzea da, harrokaren gainean
bermatzen den bezala. Jaunaren gainean bermatzen ez dena, ez da gehiago hari buruz
itzultzen. Izraelen harroka Jainkoa da…eta ez beste nehor, dio hemen Jeremik. Profetaren
solasean, benedikatua da konfiantza Jauna baitan duena, bainan ere madarikatua konfiantza
jende hilkor batean ezartzen duena, bide berez bihotza Jauna ganik urruntzen baitzaio.
Profetaren begietan huts larria Jauna ganik baztertzea da.
Jeremik hemen begistatzen dituenak hain segur, erregeen, erlisione buruzagien eta
herri guziaren bi huts galgarri dira : idolatria eta elkargoak.
Idolatria lehenik. Errege batek baino gehiagok Izraelen berriz sartu du egiazko Jainkoari zor
zaion kultuaz besterik. Beste Jainko batzu otoizten dira, heieri sakrifizioak eskaintzen.
Urrutxago Jeremik dio : “Ene herriak ahantzi nau, eskaintzak erretzeko deusik ez direneri.”
( Jr 18,15)
Gero elkargoak edo hitzarmenak. Jeremik ontsa ezaguturik hausnartua zuen bere garaiko
erregeen politika : Jainkoaren gerizan fidatzeko partez, diplomaziaren itzuli-mintzuliak nahiago
ukan dituzte, Eguzkialde hurbileko erresumekin hitzarmenak eginez. Bainan gerla eta
zorigaitza izan dira ondorio. Lurreko errege bati geriza eskatzen zaiolarik, nahi-ta-ez haren
peko jarri eta askatasuna galtzen da.
Jainkoarekin finkatu Elkargoak eginbehar premiatsua berekin dakar : nazioneen artean
Israelek lekuko izan behar du, Jainkoaz beste nehorekin ez du hitzarmenik egin behar. Jeremi
bere hartan dago : gizakiarentzat iturri bizi bakarra Jauna da. Haren ganik urruntzea, urez
gabetzea da, idortea jasan beharretan izaitea. Hori dio profetak urruntxago : ur biziaren iturria,
Jauna, bere gisa uzten dute (Jr 17,13).
Hola ari izan direnek hautu tzarra egin dute; geroak erakutsiko du tronpatu direla :
madarikatuak dira. Aldiz, beren fidantzia Jauna baitan ezarri dutenek hautu ona egin dute :
benedikatuak dira.

Salmoa 1

Leloa: Bai dohatsua Jaunari dagon fededuna.

Bai dohatsua zuzen ibilki den gizona:
Ez du onartzen gizon makurrek diotena.
Bekatoreen bidean ez da hura sartzen,
Ez eta ere trufatzaileen lagun jartzen.
Zuzen denari Jainko legea zer gozoa!
Gau eta egun haren legean du gogoa.
Iduri luke ur bazterrean den zuhaitza:
Ordu denean fruitu nasaiak baitakartza.
Haren ostoa ez da zimeltzen, ez erortzen:
Egin guziak ongi doazko eta zuzen.
Ezta ez hala gizon makurrez, ezta hala:
Bainan haizean lasto-errautsa den bezala.
Gizon zuzenen urratsak Jaunak zaintzen ditu,
Gizon makurren bideak, aldiz, onik eztu.

Horra Salmoetan lehena, beste guzien gakoa emaiten daukuna.
Lehen hitza, eta beraz Salmotegi guziarena “Dohatsu” da. Salmo egileak konprenitu du
Jainkoak gure zoriona nahi duela.
“Dohatsu” gira nahigabe guziengatik, Jainkoarekin girelakotz eta hura gurekin.
“Dohatsu” agiantza bat ere da : gomitatuak gira zorion hori guhauren baitan handiaraztera.
Munduak gure amodioaren eta zorionaren lekukotasuna behar du.
Salmo hunek bi bide aipu ditu : gizaki zuzenaren eta makurrarena : “Bekatoreen
bidean ez da hura (zuzena) sartzen.” ; “Gizon makurren bideak, aldiz onik ez du.” Biblia,
anitzetan mintzo da bi bide horietaz. Batek zorionera derama, besteak aldiz zorigaitzera. Bibli
erakaspenaren helburu bakarra da gizadiari erakustea Jainkoak eman nahi dion zorionaren
bidea. Adibidez Deuteronomio liburuak dio : “Hara, aitzinean ezartzen dauzkizuet gaur bizia
eta zoriona, heriotzea eta zorigaitza …Hauta zazue bizia.” (Dt 30, 15.19) ” Onarzkizue
(manamenduak)… eta zoriontsu izanen zirezte.” (Dt 6,3)
Bide horien irudiak beste zerbait ere erran nahi du : libre girela. Bada bide bat
zorigaitzera deramana. Hil-bizien bidea da. Jainkoaren gutizia da bide ona har dezagun,
zorionera geramatzana. Bainan kasu : testua ez da bi jende motaz ari : onak alde batera,
gaixtoak bestera. Nor da osoki zuzen eta nor osoki gaixto ? Gutarik bakotxak bietarik badu.
Batean zorionerako bidean gira eta bestean zorigaitzerakoan. Jainkoaren Hitza entzuten dugularik eta hura betetzen, zorion bidean gira.

Bigarren irakurgaia

( Hilen piztea, eta Kristorena )

Jondoni Paulok Korintiarreri 15, 12. 16-20

Haurrideak,
12 Kristo hilen artetik piztua dela aldarrikatzen dugu;
zuetarik batzuek, bada, nolaz diote hilak ez direla pizten?
16 Alabainan, hilak ez badira pizten,
Kristo ere ez da piztu.
17 Eta Kristo ez bada piztu, hutsa da zuen fedea,
eta oraino zuen bekatuetan zaudezte.
18 Eta beraz, Kristo baitan hil direnak ere galduak dira.
19 Kristoren baitan ezarria dugun esperantza
bizi huntarako baizik ez bada,
gizaki guzietan urrikalgarrienak gira.
20 Bainan ez, piztu da Kristo hilen artetik,
piztuko direnetan lehen fruitu.

Bitxi da testo hau zenbatetaraino gaurkoa den. Iduriz Korintiarrek gure neketasun eta
galditz berak zituzten. Heitarik zenbaitek sinesten zuten Kristo piztu dela, bainan gizakiak
piztuko direla, hor zalantzak bazituzten. Guk aitortzen dugu Kredoan : “Igurikatzen dut hilen
piztea”.
Egia erran, ikusten ahal ez den zerbaitetan sinestea ez zaiku errex. Ez dugu uste ukan
behar Jainkoaren mixterioak ulertzen ditugula eta are gutiago argi dezazkegula. Fedeari dei
egin behar diogu.
Paulorentzat hasteko Kristo piztu dela sinestea eta gu ez girela piztuko, bi ideia dira
osoki elgarren kontrakoak, harentzat Kristoren piztea eta hilen piztea gauza bat eta bera
baitira. Zergatik? Gure zortea Kristorenari lotua baita gain-gainetik. Korintiarreri lehen
gutunean Paulok mixterio hori du mintzagai, Jesu Kristorekin dugun kidetasuna : hura da
burua eta gu haren gorputza. Gaur Paulo heriotze eta piztearen mixterioaz ari da, eta hain
zuzen buruaren eta gorputzaren kidetasunaz argitzen du : Kristo aitzinean doakigu, eta gu
jarraikitzen gitzaizkio. Haur bat sortzen denean, zuzenez burua ateratzen da lehen, eta gero
gaineratekoa. Paulok irudi hori derabil bizi berrirat sortzea aipatzean :”Kreazione osoa
erdiminetan intzirika ari da orai arte”. (Erm 8,22)
Pauloren pentsamenduaren gakoa igande huntako irakurgaiaren azken lerroan da :
“Piztu da Kristo hilen artetik, piztuko direnetan lehen piztua.” Testoa zuzenkiago itzultzeko,
Paulok dio Kristo “lehen fruitu” dela, erran nahi baita zerrenda luze batean lehena.
Hari beretik, Paulok Kolosarreri idazten diote Kristo gorputzaren burua dela..
hastapena, hiletarik lehen-sortua, denetan lehena izan dadin. ( Kol 1,18) Gogoan atxiki behar
da beti Jainkoaren maitasunezko xedea : gizadi guzia Jesu Kristo baitan biltzea. Ez hilen
biltzea, bixtan da, bainan bizien.
Hortik bi ondorio atera daitezke. Lehena, gure gorputzaren duintasuna, piztera deitua
baita. Jainkoaren beraren hatzak bizi eman diona ez da betikotz hiltzen ahal. Horra zergatik
handizki ohoratzen den gorputza ehorzketetan; besteak beste intsentsatzen da, Jainkoa bera
haren ordezkariak bezala. Bigarren ondorioa : Jainkoa gizon egin denetik, gure gorputzari
balio handia emaiten dio. Hitza gorputz egin da, osoki gu iduria, hainbestetaraino nun hari
gertatua guri ere gertatuko baitzaiku : piztu bada, gu ere piztuko gira. Piztea ez da bakarrik
Jesusen biziaren bururatze zoriontsua, gizadi osoak heriotzea garaitu duelako lehen goiza ere
da. Lehen sortua betiereko bizian sartu da. Heriotzea ez da gehiago murru bat, ate bat bai.
Hortik sartzen gira gu ere haren ondotik.

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Bozkaria zaitezte, egin jauzi,
Zuen saria nasaia baita zeruetan.

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 6, 17. 20-26

17 Jesus hamabi Apostoluekin menditik jautsi,
eta zelai batean gelditu zen.
Dizipulu multzo handia zen harekin,
bai eta jendeketa handia ere, Judea osotik, Jerusalemetik,
eta Tir eta Sidoneko itsasaldetik etorria.
20 Jesusek, dizipulueri beha, erran zioten:
“ Dohatsuak zuek, behartsuak,
zuena baita Jainkoaren erreinua!
21 Dohatsuak zuek, orai gose zireztenak,
asea ukanen baituzue!
Dohatsuak zuek, orai nigar egiten duzuenak,
irri eginen baituzue!
22 Dohatsuak zuek, gizonek hastiatzen zaituztetenean,
beren artetik botatzen, eta laidoztatzen,
eta zuen izena mespretxuz arbuiatzen dutenean
Gizonaren Semearengatik.
23 Egun hartan, bozkarioz jauzi egizue,
handia baita zuen saria zeruan;
gauza bera egiten zioten profeteri horien arbasoek.
24 Bainan dohakabeak zuek, aberatsak,
hartua baituzue zuen gozoa!
25 Dohakabeak zuek, orai aseak zireztenak,
gose izanen baitzirezte!
Dohakabeak zuek, irri egiten duzuenak,
doluan eta nigarretan izanen baitzirezte!
26 Dohakabeak zuek, jende guzia zuetaz ongi mintzatuko denean,
gauza bera egiten zioten gezurrezko profeteri horien arbasoek!

Lehen irakurgaian Jeremik erraiten zaukun kasu egiteko : ez ezar zuen fidantzia
zihauren edo dituzuen aberastasunen baitan…Jainkoan bakarrik berma zaitezte.
Dohatsutasunen ebanjelioa urrunago doa : Dohatusu behartsuak; Jainkoari fida zaitezte. Bere
ontasunetarik gaindika emanen dauzue…”Bere” ontasunak…!
“Dohatsu” : horrek erran nahi du bekaiztiak eginen dituzuela. Lehen oharra : Jesusen
ondotik zabilan jendea ez zen jaun-andereria. Bigarrena, gero « behartsu » hitzak ez du deus
ikustekorik bankoko dirutzarekin. Bibliaren araberako « behartsuek » ez dute « harro bihotza
eta ozar begia » 131. salmoak dionaz. Ttipiak dira, herriko umilak, profeten erranean.
Zerbaiten eskasa badute. Orduan Jainkoak emanen diote gaindika.
Hemen, berriz aurkitzen dugu igande huntako lehen irakurgaiaren solasa, Jeremiren
testoa : zuen fidantzia aberastasun materialetan ezartzen duzuen horiek, ontsa ikusiak zirezten
horiek, laster bekaiztirik ez duzue ukanen. Ez zirezte bide onean. Hala bazinete, ez zinezkete
hoin aberats, hoin ontsa ikusiak. Egiazko profetak higuingarri izaitearen hirriskua hartzen du.
Lau dohatsutasun hauek Jesusi aplika daitezke : hura behartsua, buruaren
finkatzekorik ez baitzuen, deusik gabe eta bakartasunean hila; hura, Lazaro bere adiskidearen
doluz nigar egin zuena eta laztura jasan Olibetako baratzean; hura, gosea eta egarria ikusi
zuena basamortuan eta kurutzean; hura, mespretxatua, belztua, pertsegitua, eta azkenean
desagerrarazi zutena egiazko erlisionearen izenean (hau bai ederrena!)
Dohatsutasun horiek bizi dituztenak “dohatsu” deituz, eta bera lehenik, Jesusek
eskerrak bihurtzen ditu, baitaki Aitak maite duela eta garaipena jadanik bere duela : hitzeman
piztea eskumenean du, dohatsutasunen gibelean. Testo hunek erraiten dauku : gizakiaren soa
bat da, beste bat Jainkoarena. Gizakiaren mirespena helburuz tronpatzen da : aberatseri,
aseeri, biziak gastatueri buruz doa. Jainkoaren soa besterik da : “Behartsuak oihu egin eta
Jainkoak entzun du” dio salmo batek, edo oraino : “Ez duzu gutiesten, ene jainko, bihotz
hautsi eta damutua. (Sal 50,19)
Behartsuak, pertsegituak, gose direnak eta nigarretan, Jainkoa heietarat ukurtzen da
lehen lehenik. Ez mereximendu bereziak dituztelakotz, bainan egoera hortan direlakotz. Eta
hemen Jesusek begiak idekitzen dauzkigu zorionaren beste ikuspegi baterat : egiazko zoriona,
guri buruzko Jainkoaren so hori da. Orduan, Jainkoaren so hortan, “behartsuek” beren
etorkizuna eskuan hartzen ahalko dute.
Dohatsutasunak Jesusi aplika daitezkeela erran da gorago. Eta gero dizipulueri. Lukek
erraiten dauku : “Jesusek, dizipulueri beha, erran zioten : dohasuak zuek, behartsuak, zuena
baita Jainkoaren erreinua! Dohatsuak zuek, orai gose zireztenak, asea ukanen baituzue!”
Bestela erran : Zuek, jarraikitzen zitzaizkitenak, horra zer bilduko duzuen : gosea, egarria,
beharra. Nigar eginen duzue Ebanjelioa hedatzean, gaizki erabiliak izanen zirezte, garbituak
batzu besten ondotik, bainan hautu ona egin duzue.”
“ Asea ukanen duzue, kontsalatuak izanen zirezte, bozkaria zaitezte, egin jauzi
bozkarioz”. Hola mintzo zen jadanik Testamendu Zaharra Mesiasek ekarriko zuen zoriona
aipatzean. Dizipuluek ontsa ezagutzen zuten mintza-molde hori. Eta biziki ontsa ulertzen dute
ere Jesusek mezutzen diotena :”Zuek, jendetzearen artetik atera zireztenak eni jarraikitzeko,
ez zirezte ohore eta aberastasun biltzera joan, bainan hautu ona egin duzue, ni baitan Mesias
ezagutu baituzue.”