Behartsu eta gorrotatuak ─ Aberats eta onetsiak (Lukas 6,17.20-26)

Urteko 6. igandea C 2019-02-17

2019ko urtarrilaren 27an, atentatu bat egin zuten Sulu-ko (Filipinak) katedralaren kontra; hogeita hamar hildako eta zauritu asko izan zen emaitza. Elkarte horrek eta bera bezala pertsegituak diren beste hainbatek kontsolamendu eta esperantza izango dute igande honetako ebanjelioa. Seguru bizi garenontzat, berriz, akuilu eta kontzientzia-azterketarako aztergai izango da segidako hiru igande hauetan entzungo dugu gaia: «Lautadako Hitzaldia», Lukasen ebanjelioan.

Lautadako Hitzaldia (6., 7., 8. igandeak) (Lukas 6,12-45)

Orain arte, sarritan aipatu du Lukasek Jesusen jarduera, bera predikaritzat emanez, baina esku hartze luze samar bakarra eskaini digu: Nazareteko sinagogakoa. Hartan, entzule guztiei egin zien aurre, bera hil ere hiltzeko gogoa eraginez.

Bigarren esku hartzen honetan, bere aldekoei zuzendu zaie Jesus, baina arerioak ere kontuan izanik.

Hitzaldiaren lehen zatiak bi talde hauek kontrajartzen ditu (6. igandea).

Baina gerlak ez du jarraipenik izango beraien artean. Bigarren zatian arerioak maitatzera eragin die (7. igandea).

Eta nolako portaera izan adiskideekin, elkarteko beste kideekin? Hirugarren zatiak erantzungo dio galdera honi, Jesusen esaldi solteak bilduz (8. igandea).

Oro har, Mateoren ebanjelioko «Mendiko Hitzaldiaren» antzeko Hitzaldia da. Askoz laburragoa, gai gutxiago dakartza, baina interes eta berritasun handikoak.

Zoriontasunak eta aieneak (6. igandea)

«Lautadako Hitzaldia», «Mendiko Hitzaldia» bezala, zoriontasun batzuekin hasi da. Baina ez dira zortzi, Mateorenean bezala, baizik eta lau. Horien segidako lau adierazpenak «ai»rekin hasten dira, antzinako Israelen erostari edo hiletariek erabili ohi zuten terminoa da, hileta-kantu bat hastean. Lehen lau taldeei bizitza zoriontsua agindu zaie. Segidako beste lauei heriotza iragarri die.

Baina, egiaz, zortzi talde dira ala bi soilik? Galdera ez da txorakeria bat, eta erantzuna, lau aldiz errepikatzen den hizñoaren araberakoa izango da: «orain» (non grekoz). Laugarren eta zortzigarren adierazpenak oraingoz alde batera utzirik, segidako egitura hau hauteman dugu:

Zorionekoak behartsuak,
orain gose zaretenak
orain negarrez ari zaretenak.
Ai zuek, aberatsak!,
orain aserik saretenak
orain barrez ari zaretenak.

Ez dira sei talde desberdin, bi baizik: behartsuak eta aberatsak; janari falta edo ugaritasuna dute ezaugarri, eta negarra edo barrea.

Baina 4. eta 8. adierazpenak ez dira ari pertsona desberdinez. Aurreko bi taldeez esana osatzen dute, «gizakiek» ematen dieten tratuari erreparatuz.

Labur esanda, bi talde dauzkagu soilik, behartsuena: gosea jasaten, negar egiten dutenak, gorrotatuak direnak; eta aberatsena: aserik eta barrez bizi direnak, jendeak onesten dituenak. Lehen taldeari tratu txarra ematen diote, antzinako profetei bezala; bigarrenari, berriz, tratu ona, sasi-profetei bezala.

Behartsu eta gorrotatuak

«Zorionekoak behartsuak, zeuena baituzu Jainkoaren erreinua». Mateok gehitu duen «espirituz» ñabardurarik gabe, bukaezineko ezbaiak sorrarazi dituen hori gabe. Behartsuak, besterik gabe. Gosea jasaten eta negar dagitenak. Halako jendea «zoriontsutzat» ematea, eta horregatik hain juxtu ere, birao bat dela ematen du. Gainera, zoritxarrak ez dira horretan amaitzen. Goseari eta negarrari, pertsekuzioak gehitu zaizkie. Oso laburrak diren lehen adierazpenak ez bezala, harrigarria da laugarrena, luzeragatik: «Zorionekoak zuek, gizonaren Semeagatik, gizon-emakumeek gorrotatuko zaituztenean, eta zokoratuko, eta irainduko zaituztenean, eta zuen izena doilortzat zikinduko dutenean. Poztu zaitezte egun hartan egin poz-jauzi, zuen saria handia izango baita zeruan. Horixe bera egiten zuten zuen arbasoek profetekin».

Oraingoan ez da zertan itxaron beste bizitza arte kontsolamendua izateko. Orain jada, Jesusen ikasle eta hari jarraitu nahi izateagatik, gorrotoa, zokoratzea, iraina, izen gaiztoa esperimentatuko denean, egun hartan bertan poztu behar du kristauak poz-jauzika.

Burutik egina ote Jesus? Masokista ote bere buruarekin, eta sadiko bere ikasleekin? Ebanjelioa berriro irakurriz, beraren sorreran batera ageri dira biak: pobretasunik handiena («ostatuan ez da lekurik haientzat») eta egundoko poza («poz handi bat iragartzen dizuet», esan die aingeruak artzainei). Bere jardueraren hasieran, berriz, Nazareten, gorrotoa eta zokoratzea esperimentatu ditu Jesusek, baina ez dute etsiarazi. Ez, ez da zoro-konturik, ez masokismorik eta sadismorik ere, baizik errealitatea ikusteko era desberdin bat. Jesusentzat, funtsezko gauza ez da oraingo egoera, baizik etorkizunekoa. Lehen zoriontasunak Jainkoaren Erreinua agindu du; laugarrenak «sari handi bat zeruan». Hemen, lurrean, antzinako profetak bezala tratatuak izatearen kontsolamendua dago.

Lehen kristau-elkarteek ere esperimentatu zuten pobretasuna, gosea eta pertsekuzioa, baina ez zien eragotzi alai bizitzea. Jerusalemeko elkartea beste elkarte aberatsagoei laguntza eskatu beharrean gertatu zen, Klaudio enperadorean garaiko gosetekoan, bizi ahal izateko. Mazedoniako elkarteak, beren «mutur-muturreko pobretasuna eta guzti», pozak gainezka bizi ziren (2 Korintoarrei 8,2). Eta apostoluak, zigortuak izan ondoren, «pozik irten ziren auzitegitik, Jesusen izenagatik mespretxua jasateko duin gertatu zirelako» (Eginak 5,41).

Lehen lau zoriontasunak lehen kristau-elkarteentzat (eta antzekoak diren gaurkoentzat) emandako bezala interpretatu ditudan arren, ezin baztertu da gizabanakoei emandako bezala ere hartzea. «Zorionekoak orain negarrez ari zaretenok, barre egingo baituzue» delakoak aurreratu egin du Lukasek geroxeago arrazoi desberdinengatik negarrez ari diren bi emakumeez esango duena: Naingo alarguna negarrez ari da seme bakarra galdu duelako, prostituitu anonimo bat barkazio eta kontsolamendu beharrean gertatu da. Historia biek azken zoriontsua izan dute, bizitza honetan jada, Jainkoaren Erregetza iritsi aurretik.

Aberats eta onetsiak

Zenbait jendek 100.000 euro (ehun mila) ordaindu dezake, gau bateko, Macao hotelean. Bere aurrekontua horrenbesteraino ez bazaio iristen, beste batek 25.000 ordaindu dezake, gaueko, Cannesen. Jakina, afaria ere ordaindu beharko du; aski izango du 2.000 eurorekin. Eta jaten ari den bitartean, ordua ere ikus dezake bi milioi kostatu zaion ordularian (Cristiano Ronaldo). Mutur-muturreko kasuak dira. Baina luxuz eta eroso bizi daitekeen milioika pertsona dago.

Azken «aienea» talde honetaz ari al da? «Ai, mundu guztia zuetaz ondo mintzo bada!» Ez du ematen, mundu guztia ondo mintzo den aipatu pertsona horiez, bihotz-aldizkarietan, telebistan eta sare sozialetan berorien pasadizoak irakurtzen jarraituko duten arren.

Aldeak alde, lege-maisuak ageri dira Lukasen ebanjelioan onetsiak izatea nahi dutenen eta diru-gose direnen etsenplu bezala: «Kontuz lege-maisuekin! Gogoko baitute harro-harro jantzita ibiltzea eta plazetan jendeak beraiei agur egitea; gogoko dituzte sinagogetan lehenengo aulkiak eta jai-otorduetan mahaiburuak; eta azkengabeko otoitzen aitzakiaz, emakume alargunen ondasunak irensten dituzte. Epairik zorrotzena izango dute horrelako horiek» (Lukas 20,46).

Eta aberastasuna tristura-bide izan daitekeena, bizi honetan jada, Jesusek eskatu diona uko egiteko gai izan ez den pertsonaia garrantzizkoaren pasadizoan ageri da: «Entzutean, triste jarri zen, oso aberatsa baitzen» (Lukas 18,32).

Iruzkinik hobena: aberatsaren eta Lazaroren parabola

Lehen hiru zoriontasunei eta lehen hiru «aieneri» dagokienez, iruzkinik hobena parabola honetan dakar Lukasek. Azkenengotik, aberatsagandik, hasi da, luxuz janzten da eta otorduz otordu aberatsez egunero; behartsua dator segidan, zauriz josia, aberatsaren mahaitik erortzen diren apurrak jango lituzkeena.

Andre Mariak Jainkoa goratu zuen Magnificat kantikan, «behartsuak ondasunez betetzen dituelako, eta aberatsak esku hutsik bidaltzen». Norbaitek uste badu Mariaren hori bizitza honetan gertatuko dela, oker dabil. Goseak hiltzen utzi du Jainkoak Lazaro, miserian hiltzen. Hil ondoren sartuko da Jainkoaren erreinuan, betiraunean zorioneko izateko; aberatsa, berriz, ur-tanta baten antsian egongo da, betiraunean zigorturik. «Ai orain barrez ari zaretenak!, dolu egingo baituzue eta negar».

Kondenaturik al dago aberatsa?

Erantzuna, Lukasen teknikaren arabera, ez du aurkituko irakurleak askoz geroago arte, Zakeoren pasadizoa arte. Aberatsa ere Abrahamen semea edo alaba da, onar dezake Jesus bere etxean eta eman diezaieke behartsuei bere ondasunen erdia.

Gogoeta

Zergatik hitz egin dezake Jesusek hain era erradikalean, behartsuak, gosea jasaten dutenak, negar dagitenak, pertsegituak zoriontsutzat emanez? Bi arrazoirengatik: 1) bera ere behartsua zelako, limosnaz bizi izan zelako eta hiltzerainoko pertsekuzioa bizi izan zuelako; 2) irmo sinesten zuelako Jainkoaren Erreinuko geroko sarian, han aserik gertatuko baita gosea eta xukatua negarra.

Oharpen bat

Lau zoriontasunak elkarte behartsuei zuzenduak dira edota Lazaro bezalako behartsuei. Elkarte aberatsek edo ezeren faltarik ez dugun jendeak ezin aplikatu dizkiogu geure buruari; ezin hartu ditugu geure kontzientzia lasaitzeko, behartsuen geroko zorionean ustea jarriz.

Lehen irakurgaia (Jeremias 17,5-8)

Arrazoi literariorengatik aukeratu dute, adierazteko, zoriontasunen eta aieneen kontrakotasuna profetentzat gauza ezaguna dela, nahiz eta Jeremiasek termino desberdinak erabiliko dituen: madarikatua eta bedeinkatua. Baina gaiak eta metaforak oso ondo kontrajartzen dira. Jainkoagan konfiantza izatera animatzeko da, eta ez gizon-emakumeengan.

Bigarren irakurgaia ( 1. Korintoarrei 15,12.16-20)

Nahiz ez den aukeratu ebanjelioarekin zerikusirik duelako, piztueran esperantza izatea oso ondo ahokatzen da Jesusek aipatu duen zeruko sari handiarekin.

José Luis Sicre