ZORIONTASUNA (Lukas 6,17.20-26)
Urteko 6. Igandea C 2019-02-17
Gero eta sarriago irakurtzen eta entzuten ahal dituzu albiste baikorrak krisialdia gainditzeaz eta ekonomiaren berreskuratze hazkorraz.
Esaten digute, hazkunde ekonomikoa ari garela jada bizitzen, baina zeren hazkundea?, hazkundea norentzat? Apenas adierazten diguten egia osoa gertatzen ari denaz.
Abian den berreskuratze ekonomikoa, sendotuz doa eta, are gehiago, betikotuz «gizarte bikoitz» deitu ohi dena. Leize gero eta handiago bat ari da gauzatzen beren bizi-maila segurtasun handiagoaz hobetuko dutenen eta, eragiketa ekonomiko zabal honetan lanik gabe eta etorkizunik gabe, zintzilik geldituko direnen artean.
Izatez, haziz doaz, aldi berean, gero eta aberatsago direnen kontsumo arranditsu eta probokatzailea eta gero eta pobreago direnen miseria eta segurtasun-falta.
«Purpuraz eta lihoz jantzi ohi zen eta egunero otordu oparoak egiten zituen» gizon aberatsaren eta, ezin lortu bazuen ere, aberatsaren mahaitik lurrera botatzen zutenez bere urdaila nola beteko egon ohi zen Lazaro pobrearen parabola errealitate gordina da gizarte bikoitz honetan.
Gure artean hor dira Paulo II.a aita santuak salatu zituen «mekanismo ekonomiko, finantzazko eta sozialak; «horiek, gizon-emakumeen gogoak erabiliak izan arren, era kasik automatikoak funtzionatzen zuten, zurrunago bihurtuz batzuen aberastasun-egoerak eta besteen pobretasunarenak».
Beste behin, sendoagotzen ari gara gizarte sakonki desberdin bat eta zuzengabe bat. «Sollicitudo rei socialis» izeneko entziklika biziki argi eta ebanjeliko horretan, hain gutxi entzuna den horretan, etengabe goraipatzen dutenek berek ere, Joan Paulo II.ak, egoeraren sustraian, izen bakarra duen zerbait ikusi du: bekatua.
Ematen ahal ditugu mila motatako argibideak; baina hau da ageri den emaitza: jada aberats direnen aberastasun gero eta handiagoa eta pobreen hondamendia; horrenbestez, esana dago dena: solidaritate-falta eta zuzengabekeria indartzea da emaitza.
Bere zoriontasunetan, Jesusek ohartarazi digu ezen egun batean aberatsen eta pobreen egoera alderantzizkoa izango dela. Gerta daiteke, gaur ere zenbait jendek, Nietzscheri jarraituz, pentsatzea, Jesusen jarrera hau erresuminaren eta ezinaren fruitu dela, zuzentasun handiagorik ezin lorturik, Jainkoaren mendekura jotzen duen batena.
Alabaina, Jesusen mezua ez dator garaitua izan den eta erresuminez diharduen baten ezintasunetik, baizik eta Jainkoaren zuzentasunaz izan duen ikuskari bizi batetik, garbi ikusi baitu Jesusek Jainkoak ezin onartu duela azken hitza zuzengabekeriak izatea.
Joanak dira hogei mende, baina Jesusen hitzak erabakitzaile izaten jarraitzen du aberatsentzat eta pobreentzat. Salaketa-hitz batzuentzat eta promes-hitz besteentzat: bizirik jarraitzen du eta guztiok interpelatzen gaitu.
Jose Antonio Pagola