Urteko 6. igandea C (2019-02-17)
HOMILIA
Anai-arrebok!
Gaurko ebanjelioa lehen kristau-elkarteek pozaz mintzo zaigu. Zorioneko direla esan die Jesusek. Zergatik zorioneko? Pobre direlako. Zokoratuak direlako, Pertsegituak direlako.
Errapara diezaiogun testuinguruari. Jesus menditik jaitsi berria da. Zeruko Aitaren hizketan egon ondoren, jaitsi da. Eta ikasleei begira jarri da. Herrietatik jarraitu dion jendeari begira. Eta begiratzean, hauxe irten zaio: Zorionekoak zuek.
Ez die esan zer egin behar duten zorioneko izateko. Soilik, zorionekoak zuek, esan die. Baina zorionekoak, ez bihar, ez etzi, ez biharko munduan. Ez geroko bizitzan. Baizik eta oraintxe, hementxe.
Eta zorioneko dira, pobre direlako, goseak direlako, malkotan bizi direlako, pertsegituak direlako.
Zoratu egin al da Jesus? Ez. Jesusek beste askok ez bezalako ikuspegia du bizitzaz. Garai hartako askok ez bezalakoa. Gure garaiko askok ez bezalakoa.
Zertan ikusi du zorioneko izateko hori Jesusek. Zer esan die entzuleei bere dei horrekin jendea pozik senti dadin?
Zoriona, Jesusentzat, berarekin egotea da. Jesusen lagun sentitzea. Jesusek maite dituela / maite gaituela sentitzea. Ez al dugu sentitu geuk ere poz hori geure zailtasunetan, egiten dizkiguten kritiken artean, geure jokabidea ulertzen ez digutenean, gaixotasunean…? Ez al dugu sentitu, gauza horiek guztiak gorabehera, badugula pertsona bat maite gaituena?
Fede, konfiantza, uste honek eman die lehen kristauei poza. Konfiantza honek egin ditu zorioneko. Jesusengan sinestea, haren maitasuna sentitzea, munduko gizon-emakume guztiak maitatzea… horrek digu poza ematen
Eta Lukasek gehitu du. Ez da poz ematekoa, ez zorioneko sentitzeko bide, inola ere ez aserik sentitzea, bizia beti ondo eramatea, guztiek zutaz ondo mintzo direla jakitea…
Lehen irakurgaian, Jeremias profetak ere oso argi eta garbi adierazi digu bitasun hori, beste hitz batzuk erabiliz.
«Madarikatua bere konfiantza guztia gizakiagan ipintzen duena, eta bere indarra gauza materialetan bilatzen duena, bihotza Jainkoagandik urrunduz. Basamortuan aldatutako landare bat bezalako izango da».
Aldiz, «Bedeinkatua bere konfiantza Jainkoagan ipintzen duena. Ibai ondoan aldatutako arbola bezalako izango da».
Senideok, Jainkoaren Erreinuko zoriona ez datza aserik bizitzean. Baizik eta bilatzean: bake handiagoa, zuzentasuna handiagoa, poz handiagoa gizon-emakume guztientzat.
Ez datza denek gutaz ondo hitz egitean. Ez datza ondo pasatzean.. Baizik eta sufritzen ari direnekin sufritzean eta halakoei laguntzean.
Azken batean, giltzaria Jesusekin bizitzean dago. Agian, gaurko ebanjelioari apal-apal baina begi argiz begiratzen badiogu, gauza berririk ikusiko dugu, Jesusi hurbil-hurbil jarraitzeak merezi duela sumatzeko. Lagundu gaitzala Jesusen Espirituak.
Dionisio Amundarain