Lepradunak sendatu, eta gehiago etorri
Urteko 6. igandea B (2015-02-15)
Brasilen lepradun-egoitza bat bisitatu nuen 1990ean. Ezin saihestu izan nuen berezko erreakzio bat –beldurra eta nazka– lepradun-talde batera hurbiltzean. Erlijiosa adiskide batek kontatu zidan, antzeko esperientzia bat bizi izan zuela berak ere mutiko hiesdun bati musu eman zion lehenengoan. Jesusek ez zuen horrelako arazorik. Titulua begirunerik gabeko irudi dakizuke, baina ongi islatzen du ebanjelioak dioena.
«Lepra, zentzu modernoan, ez zen definitu A. Hansen sendagile norvegiarrak 1872an egin zuen arte. Antzina, beste gaixotasun batzuei ematen zitzaien “lepra” izena; adibidez, azaleko gaixotasun psikogenoei» (J. Jeremias, Teología del AT, 115, 36.ohar.).
Lebitarren liburuko 13. kapituluan, azaleko hainbat gaixotasunez hitz egiten da: hantura edo handitua, negela edo zornadura, orbaina edo mantxa, azaleko gaitza, zauria, erredura, buruko edo bizarreko gaitza (ezkabia), leukodermia, alopatia. Kasu desberdinak miatzen dira, pertsona garbia ala kutsatua den ikusteko (sendatzekoa ala sendaezina).
«Azaleko gaitzak jotakotzat emandako gaixoa piltzartsu eta ile harro ibiliko da, bizarra estalia eta oihuka: “Kutsatua! Kutsatua!” Gaitzak iraun bitartean, kutsatu jarraituko du. Jendeagandik urrun biziko da eta kanpalekutik at izango du bere egoitza» (Lb 13,45-46).
Gaixoa sendatzen bada, erritu hau egingo da: Apaizagana joan, honek kanpalekutik at miatu eta benetan sendatua den egiaztatu. Ondoren, apaizak agindurik, bi hegazti garbi eta bizi, zedro-adarrak, purpura gorrimina eta isipua ekarriko dituzte. «Apaizak hegaztietako bat lepo egiteko aginduko du txorrotako ura darion buztineko ontzi batean. Ondoren, hegazti bizia, zedro-adarrak, purpura gorrimina eta isipua hartu, eta txorrotako urean lepo egindako hegaztiaren odolean bustiko ditu. Zazpi aldiz zipriztinduko du gaixotasunetik garbitzen ari den pertsona, eta garbi deklaratuko du. Ondoren, hegazti bizia libre utziko du landan. Garbitzera etorri den pertsona bere jantziak garbitu, bizarra erabat kendu, bainatu eta garbi geldituko da. Ondoren, kanpalekuan sartzeko moduan izango da. Baina zazpi egunez bere kanpadendatik kanpo geldituko da. Zazpigarren egunean, ilea larru-arras moztu, bizarra, betileak, ile oro kendu, jantziak garbitu, bainatu eta garbi geldituko da. Zortzigarren egunean, akatsik gabeko bi bildots, akatsik gabeko urteko arkume bat, olioz oraturiko hamabi kilo irin garbiko oparia eta litro laurden bat olio hartuko ditu [zortzigarren eguneko errituak, azkenak, jarraitu du] (Lb 14,1-32, aberatsak eta pobreak bereiziz).
Bi lepra-kasu: Moisesen ezina eta gupidarik gabeko Eliseoren ahala.
Lepradun bat sendatu izatearen miraria, Itun Zaharrean, bi kasutan kontatzen da: Moisesek egina (Zenbakiak 12,10 hur.) eta Eliseok egina (2 Erregeak 5). Merezi du bi kontakizun hauek gogoratzea, Markosenarekin konparatzeko.
Maria eta Aaron marmarrean jardun dira Moisesen aurka, ez dakigu juxtu zergatik. Jainkoak Maria zigortu du (ez Aaron; feministek iraintzat hartu dute bereizketa hau, arrazoiz). «Hodeia etxolaren gainetik aldendu zenean, Mariak azal guztia itxuragabetua zeukan, elurra bezala». Aaronek konturatu eta Moisesi erregutzen dio arrebaren alde. Moisesek, ordea, ezin sendatu du. Soilik, Jainkoari eskatzea egin dezake: «Mesedez, senda ezazu». Jaunak entzun dio, baldintza batekin: zazpi egunez kanpalekutik kanpo egon beharko du» (Zenbakiak 12).
Eliseoren kasua entretenigarriagoa da eta dramatikoagoa (2 Erregeak 5). Naaman, Siriako handiki bat, leprak jo du. Israeldar emakume esklabo batek Eliseo profeta bisitatzeko aholkatu dio, eta Naamanek Israeleko bideari ekin dio; uste du, Eliseo bidera irtengo zaiola, lepra ukitu eta sendatzeko.
Eliseori ez zaio burutik pasatu ere bidera ateratzea. Morroi bat bidali dio, Jordan ibaian zazpi aldiz bainatu dadila esatera. Naaman haserretu egin da, baina beraren morroiek konbentzitu dute profetaren esana egitera, eta sendatu da. Moisesek ez bezala, Eliseok sendatu ahal izan du, errezeta magiko baten bidez bada ere, baina ez du sentitu inolako gupidarik gaixoaz.
Jesus: ahalmena eta gupida
Markosen kontakizunak sei osagai ditu: lepradunaren eskaria, Jesusen erreakzioa, emaitza, oharpena, sendatuaren erreakzioa, ondorioak.
Lepradunaren eskaria.
Garrantzizko hiru zertzelada ageri dira lepradunaren jarreran: 1) ez dio kasurik egin jendeagana hurbiltzea debekatzen dion legeari; 2) belauniko jarri da Jesusen aurrean, begirune sakona agertuz; 3) konfiantza osoa du Jesusengan; nahi izango ote duen da arazoa, eta ez ahal izango ote duen.
Jesusen erreakzioa.
Lepradunaren eskariari, soil-soilik hitz hauekin erantzuten ahal zion Jesusek: «Nahi dut, geldi zaitez garbi». Horrela, Moisesek eta Eliseok ez bezala, bere ahalmena agertuko zuen: ez du zertan eskatu Jainkoari parte har dezan, ez zertan jo ere erdi-sorginkeriazko erremedioetara. Halaz guztiz, bere ahalmena agertu aurretik, bere gupida agertu nahi izan du. Jesusek sentitzen duenaz («gupida») eta egiten duenaz («eskua luzatu eta ukitu zuen») mintzo da Markos. Horixe espero zuen Naaman siriarrak Eliseogandik: uki ziezaiola gorputzeko atal gaixoa.
Oharpena.
Itxuraz, Jesusek bi agindu eman dizkio sendatu berriari: 1) ez diezaiola inori esan; 2) joan dadila apaizagana. Argia da bigarrena; izan ere, apaizak behar zion eman «garbitasun-ziurtagiria», berriro hirian bizi ahal izateko. Alabaina, lehenengo aginduak (inori ez esan) gauza bitxia dela ematen du, zeren Jesusek ez du bera oharkabean pasatzeko asmorik.
Baliteke, bi aginduak elkarrekin erlazionatuak izatea, bat bakarra eratuz: «ez zaitez luzatu inori esaten, zoaz apaizagana…». Ematen du, azken hitzek usain polemikoa dutela: «jakin dezaten». Singularretik (apaiza) pluralera pasatu da (jakin dezaten), Jesusek buruan bera onartzen ez duten arerio guztiak izango balitu bezala.
Sendatuaren erreakzioa.
Ez die kasurik egin Jesusen aginduei, ez batari ez besteari. Ez isildu, ez apaizagana joan. Liturgiako itzulpenaren arabera, «gertatua oihuka hots egiten eta zabaltzen hasi zen». Sendatua izan zen lepradunak, Moisesek agindua bete ordez, egiazko kristau-misiolari bihurtu nahi izan balu bezala».
Ondorioak.
Jesus ezin joan da agerian inongo herritara. Herritik kanpo gelditu beharra sentitu du. Halere, jende asko datorkio. Zer dela-eta Jesusen jarrera hori? Markosek geroago kontatzen duenaren arabera, hau izango litzateke erantzuna: datorkion jendetzarekin leher eginik gerta ez dadin,
Irakurketa sinboliko bat: lepraduna, gutako bakoitza da
Ebanjelioko kontakizunek izaera sinboliko handia izaten dute beti. Kontatzen duten egoerarekin bat egin dezagun nahi izaten dute. Gaurko kasu honetan, lepradunarekin. Guztiok daramagu barnean, gutxi-asko, errudun sentiarazten gaituen zerbait. Uko egin diezaiokegu hori onartzeari, burua lur azpian ezkutatuz, ostrukak bezala. Edota onar dezakegu, eta Jesusengana joan, «ziur jakinik, nahi baduzu garbitu gaitzakezu» esanez. Gure bizitza aldarazteko ahalmena eta gupida ditu Jesusek.
José Luis Sicre