Urteko 6. igandea B (2015-02-15)
HOMILIA
Anai-arrebok!
Joan den igandean, Jesus Pedroren etxean ikusi genuen lehenik; gero, leku bazter batean otoitzean; azkenik, ikasleak gonbidatu zituen Galilean barna Jainkoa errukia dela hots egitera.
Eta gaur, Galilean barna hasi orduko, Jesusen jarrera bikaina eta handia. Galilean barna ibiltzean, Jesus ez da mugatu hitz egitera. Gaurkoan, adibidez, hona zer ikusi dugun.
Ustekabean, lepradun bat hurbildu zaio. Lepradunak badaki, legearen kontra ari dela Jesusengana etortzean. Legearen arabera, lepradun bat ezin hurbildu zen jendeagana. Bakarrik eta zarpail jantzirik ibili behar zuen. Gaurko lehen irakurgaian garbi ageri da lege hori.
Jesusentzat, ordea, legearen gainetik dago pertsona. Eta hurbildu zaion lepradunarekin agertu du hori, modurik argienean; hitzez baino gehiago, keinuez eta jarreraz.
«Garbi gelditu zaitez» esan aurretik, eskua ezarri dio gainean. Ondo daki Jesusek zein inportantea den maitasuna agertzea, ez hitzez bakarrik, baita gorputz-keinuez ere. Gutako zein konformatzen da negarrez dagoen haur bati hitz goxo bat esatearekin? Ez al dugu besoetan hartzen? Ez al diogu musu ematen? Horixe egin du Jesusek.
Alabaina, Jesusen keinu hori, ematen duena baino larriagoa izan da. Esan dugu, lepraduna ezin hurbildu zela jende artera. Jakina, jendeak ere uxatu egin behar zuen lepraduna. Eta Jesusek? Ez du uxatu. Gainera, eskua ezarri dio. Horrenbestez, legearen arabera, Jesus bera kutsaturik gelditu da; bi arrazoirengatik: batetik, lepradunari kasu egin diolako; bestetik, eta batez ere, ukitu egin duelako.
Senideok! Gaur egun lepradun gutxi dago munduan. Baina, aldi berean, esan beharrean gara, Jesusen garaiko lepradunak bezain zokoraturik, bazterturik, diskriminaturik, marjinaturik dagoela munduan jende asko eta asko: goseak hiltzen ari den jendea, erlijioagatik pertsegitua den jendea, etorkinak, kartzelan dagoen jende asko eta asko, gaixo eta bakarrik bizi den jende asko eta asko, gaztetxoen artean bazterrean utziak diren gaztetxoak…
Zer egiten dugu kasu horietan?
Jesusek jarrera berezi bat agertu du. Ebanjelioko lepraduna ez zaio hurbildu beste pertsona bati. Jesusengan beste zerbait ikusi du, harengana hurbildu denean.
Jesusek bat egin du lepradunarekin. Ez da konformatu karitatezko egintza bat egitearekin; haren sufrimenduan bat egin du, bera ere kutsatua gelditzeraino.
Jesus lepradunaren lagun bihurtu da.
Jesus gizakoi agertu da, benetako gizon: eskuak zikindu ditu.
Jesusen keinu hau, Jainkoaren erregetza iritsi izanaren seinalea da. Jainkoaren hurbiltasuna agertu du. Jainkoarentzat, legeen gainetik dago pertsona. Hain zuzen, Jesusek bere haserrea agertu: lege horiek jendea lotu egiten dutelako, esklabo bihurtzen dutelako, marjinatu egiten dutelako.
Nola sentitu Jainkoak maite nauela, aldamenean dudan jendeak ez nauela maite sumatzen badut? Eukaristian, maitasun horixe agertu nahi izaten dugu: Jesusek agertu diguna, eta, Jesusen maitasunak eraginik, batak besteari agertzen dioguna.
DIONISIO AMUNDARAIN