URTEKO SEIGARREN IGANDEA A

Lehen irakurgaia

( Manamenduak bete ditzazkezu )

Ziraken liburutik 15,15-20

15 Nahi baduzu, manamenduak bete ditzazkezu,
zure esku dago leial izaitea.
16 Jaunak sua eta ura ezarri dauzkitzu aitzinean :
luza eskua nahi duzunera.
17 Bizia eta heriotzea daude gizakiaren aitzinean ezarriak,
zer duen hautatzen, hura emanen zaio.
18 Handia da, bai, Jaunaren zuhurtzia,
handia haren ahala, eta denak ikusten ditu.
19 Begiak haren beldur direnenganat itzuliak ditu,
eta ezagutzen ditu gizakien egintza guziak.
20 Ez dio nehori fedegabe izaiteko manatu,
ez eta nehori bekatu egiteko baimenik eman.

Ben Ziraken gogoetak ditugu hemen, libertateaz. Hiru pundu berex daitezke :
– Gaizkia gizakiaz kanpokoa da. Gizakiak gaizkia ez du bere jitean. Bere jitean balu ez
litaike salbamendurik. Ez, gaizkia ez da Jainkoak egina eta ez gaitu harek erakartzen
gaizkiaren egitera : “Jainkoak ez dio nehori fedegabe izaiteko manatu, ez eta bekatu egiteko
baimenik eman.”
Jainkoak egin balu Adam zati bat ona eta bestea tzarra (babiloniarrek gizona hola ikusten
zuten) gaizkia jitez guhauren baitan ginuke. Bainan Jainkoa amodio da eta gaizkia osoki
arrotz zaio. Hasiera liburuan Adam eta Ebaren kondaira idatzia izan da, hain zuzen,
konpreniarazteko gaizkia gizakiaz kanpokoa dela, sugeak sarrarazia. Jondoni Jakoberen
gutunean ere irakurtzen dugu : “Nehork, tentaldian delarik, ez beza erran Jainkoak duela
tentatzen. Alabainan, Jainkoa ez daiteke gaizkiaren egitera tentatua izan, eta ez du nehor
tentatzen ere. Bere gutizia tzarrek dute norbera tentatzen, horiek dute biltzen eta lilluratzen.”
(Jk 1,13-14)
– Gizakia libre da gaizkiaren eta ongiaren hautatzeko. Ideia hau emeki sartu zen Izraelen.
Hortako esperientzia egin behar ukan zuen bere historia guzian Jainkoa libratzaile dela,
Egiptoko librantzatik haste. Izraelen fede guzia bere biziko esperientziatik sortu da : Jainkoa
salbatzaile du. Emeki-emeki Izraelek konprenitu du gaur egia dena, egia zela jadanik
kreazionea izan zelarik. Hortik atera du Jainkoak gizona libre kreatu duela.
Bi ideia elgarrekin baketu behar ditugu : Jainkoa guziz ahaltsua dela eta gizakia libre.
Guziz ahaltsua da Jainkoa bainan amodioan, eta amodioak bestea libre nahi du. Gizakia libre
da hautatzeko; bestenez haren hutsak ez litaizke bekatu.
– Ben Zirakek hau ere erraiten dauku : ongia hautatzea zoriona hautatzea dela : “Bizia eta
heriotzea daude gizakiaren aitzinean ezarriak; zer duen hautatzen hura emanen zaio.”
Jainkoari leial egonez du gizonak zoriona aurkitzen. Harenganik urruntzeak zorigaitza dakar.
Bibliaren arabera gizakia beti bi bideren aitzinean da : batek argirat, bizirat derama; bestea
ilunpeen bidea da ; zorigaitzean, heriotzean galtzen da : ” Hauta zazue bizia, bizi zaitezten, bai
zuek bai zuen ondokoak. Hortako maita zazue Jauna zuen Jainkoa, hari obedituz, hari
atxikiak egonez.” (Dt 30, 19-20)

Salmoa 118

Leloa : Dohatsu Jaunak eman legean dabiltzanak.

Dohatsu bide garbi garbian ari dena,
Jainko legean dabilana.
Dohatsu Jaunak manatueri jartzen dena,
Bihotzez bila doakona.
Zuk dauzkigutzu manamenduak guri eman,
Osoki gaiten ibil hoitan.
Nere bideak agian zuzen doatzila,
Legeari jar nondik nola.
On izan zaite zure hunentzat, bizi nadin,
Zuk manatua dudan egin.
Zabal-zkidatzu neri begiak, dudan goza
Zure legeen argi gaitza.
Zure nahien bidea erran nondik non den,
Hartan artoski bainaiz joanen
Argi nezazu zure legean sartu arte,
Bihotz guziaz dudan bete.

Salmo hau lehen irakurgaiaren segida bezala da. Gauza bera erraiten du : gizakiak
zoriona aurkituko du Jainkoa baitan fidatzen bada, harek erakutsi bidetik balinbadabil : ”
Dohatsu bide garbi garbian ari dena, Jainko legean dabilana.”
Salmo hau salmotegiko luzeena da : 22 kobla baditu. Zergatik 22 ? Hebrear alfabetak 22
letra baititu. Kobla bakotxa letra horietarik batekin hasten da, lehenetik azkenerat. Salmo hau
fedezko aitorpen luze bat da, litania gisan egina, Jainkoaren legearen ohoretan. Legea,
Jainkoaren “manamenduak”, ez dira nagusi zapatzaile baten nahi zorrotz bezala hartzen,
bainan kontseilu batzu bezala : zorionerat deramaten bide bakarra : “Dohatsu Jaunak
manatueri jartzen dena, bihotzez bila doakona.”

Bigarren irakurgaia

( Munduak ez du Jainkoaren zuhurtzia ezagutzen )

Jondoni Paulok Korintiarreri 2,6-10

Haurrideak,
6 fede helduko girixtinoeri zuhurtzia irakasten diotegu, guk;
bainan zuhurtzia hori ez da mundu huntakoa,
ez eta laster galduko diren mundu huntako buruzagiena ere.
7 Guk, Jainkoaren mixterioaren zuhurtzia irakasten dugu,
harek gordean atxikia
eta betidanik gure aintzarako zaukana.
8 Mundu huntako buruzagietarik batek ere
ez du zuhurtzia hori ezagutu,
zeren, ezagutu izan balute,
ez baitzuten gurutzefikatuko aintzaren Jauna.
9 Bainan Liburu Sainduak dion bezala :
nehork ikusi eta entzun ez duena,
gizakiari sekulan bururatu ez zaiona,
10 Jainkoak maite dutenentzat prestaturik zaukana,
hori dauku guri Jainkoak agertu Izpirituaren bidez.
Izpirituak, alabainan, denak ikertzen ditu,
bai eta Jainkoaren barne-barnea ere.

Paulok bi “zuhurtzia” kontrajartzen ditu : grekoek hain gora zaukaten zuhurtzia –
gauzak zentzuz eta neurriz pentsatzea eta egitea- eta Jainkoaren zuhurtzia, errotik bestelakoa,
gizakiaren begietan erokeria dena. Hautatu behar da. Batek argirat derama, bizirat, zorionerat;
bestea ilunpetan eta heriotzean galtzen da, gezurrezko zorionean.
“Gordean atxiki zuhurtzia.” Biblian maiz irakurtzen da gizakiak ez dezakela dena
konpreni biziaren eta kreazionearen mixterioan. Oroit gaiten Parabisuko bi zuhaitzetaz.
Adamek baten fruituetarik, “ezagutzaren” fruituetarik, ez zuen jan behar; aldiz bizi zuhaitzetik
bai. Jainkoaren Legea da bizi zuhaitza. Hartaz haz dadila gizakia bere zorionerako.
“Jainkoaren zuhurtzia” hau da, gizakiak bere baitarik asma ez zezakena : Jainkoaren aintzan
parte hartzera deituak girela, Jesusekin batean.
“Jainkoak, maite dutenentzat, prestaturik daukana.” Eta besteak ? Ba ote da norbait
kanpo egonen denik ? Ez, Jainkoaren maitasunezko xedea denentzat da, bainan hortako
bihotza zabalik atxiki behar da, eta guhauren bihotzaren jabe bakarrak gira. Hemen erraiten
dena da fedean sendo egon behar dugula : Jainkoaren mixterioa ttipieri bakarrik idekia zaiote.
Ttipietarik girela onartzea aski da.

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Jaunaren Legea bihotzaren asegarri, begien argi !

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 5, 17-37

Egun hartan, Jesusek erran zioten dizipulueri:
17 “ Ez uste izan Legearen eta Profeten ezeztatzera etorria naizela:
ez naiz ezeztatzera etorria, bainan heien beterat eremaitera.
18 Egiaz diozuet: zeru-lurrek dirauteno,
ez letra bat, ez marra ttipiena ere ez da galduko Legetik
guzia bete arte.
19 Beraz, manamendu ttipi horietarik bat bakarrik hautsiko duena,
eta gizoneri hola egiten irakatsiko,
ttipiena ekarria izanen da zeruetako Erreinuan.
Beteko dituena, aldiz, eta irakatsiko,
handi ekarria izanen da zeruetako Erreinuan.
20 Zeren nik diozuet :
Zuen zuzentasuna lege-irakasleena eta farisauena
baino handiagoa ez bada,
ez zirezte sartuko zeruetako Erreinuan.
21 Badakizue lehengoeri errana izan zaiotela: ez nehor hil,
eta norbait hiltzen duena, hobendun izanen da auzitegian.
22 Nik, aldiz, diozuet: bere anaiari hasarretzen zaiona,
hobendun izanen da auzitegian.
Bere anaiari zoroa erraiten diona,
hobendun izanen da batzar nagusian.
Arnegatua erraiten diona,ifernuko sutarako hobendun izanen da.
23 Beraz, zure oparia aldarean eskaintzean
orroitzen bazira zure anaiak zerbait baduela zure kontra,
24 utz han zure oparia, aldare aitzinean,
zoazi lehenik zure anaiarekin baketzera,
eta gero, zato zure opariaren eskaintzera.
25 Bakea egizu lehenbailehen zure kontrakoarekin,
harekin bidean zireno,
kontrakoak ez zaitzan jujearen esku ezar,
jujeak ertzainaren esku, eta giltzapean sar ez zaitzaten.
26 Egiaz diozuet: ez zira handik aterako azken sosa ordaindu arte.
27 Entzun duzue errana izan dela: Ez egin adulteriorik.
28 Nik, aldiz, diozuet : emazte bati gutiziaz behatzen dionak
jadanik adulterioa egina du harekin bere bihotzean.
29 Eskuineko begia galbide bazaitzu,
atera zazu eta bota zuganik urrun:
hobe duzu gorputz-zati bat galdu,
oso-osorik ifernurat botatua izan baino.
30 Eskuineko eskua galbide bazaitzu,
motzazu eta bota zureganik urrun:
hobe duzu gorputz-zati bat galdu,
oso osorik ifernurat joan baino.
31 Errana da ere:
Bere emaztea uzten duenak, eman diezola dibortzio-ageria.
32 Nik, aldiz, hau diozuet: bere emaztea uzten duenak,
– non ez diren legez kontra elkartuakadulteriora erakartzen du emaztea,
eta emazte utziarekin ezkontzen denak
adulterioa egiten du.
33 Entzun duzue ere lehengoeri erran zitzaiotena:
Ez egin gezurrezko zinik,
bainan bete Jaunari egin zure zinak.
34 Nik, aldiz, diozuet: zinik ez egin batere,
ez zeruaz, Jainkoaren tronua baita,
35 ez lurraz, haren oinpekoa baita,
ez Jerusalemez ere, Errege handiaren hiria baita.
36 Ez egin zinik zeure buruaz ere,
ez baitezakezu zure ileetarik bat ere zuri edo beltz egin.
37 Zuek errazue “bai”, bai denean, eta “ez”, ez denean.
Gaineratekoa Gaixtoarenganik dator.”

Legeak eta profetek erranaren “beterat eremaitea”, horra Matiuren hitz nagusia.
Abrahametik haste Biblia guzia helburu hortara doa. Girixtinoa ere aitzinera so bizi da.
Jainkoaren erreinua aitzinera doa, emeki bada emeki. Izraelek bide luzea egin du hoberat, ez
bakarrik Jainkoa nor-nolakoa den ezagutzeko, bainan ere gizakien arteko harremanetan
hobetzeko; justiziaren, askatasunaren, anaitasunaren idealak azkarrenaren legea ordaindu du.
Bihozberritze hori Jainkoak Moisi eman Legeari esker egin da. Lehengo manamenduek
gutiengo bat galdegiten zuten : ez hil, ez ebats …Gero, emeki-emeki lege hori finago bilakatu
da. Jesus aitzinamendu horren harian sartu da. Ez du “zaharra” ezeztatzen, bainan bere beterat
eremaiten : ” Ez uste izan Legearen eta profeten ezeztatzera etorria naizela…bainan heien
beterat eremaitera.” Adibidez, lehen urratsa : ez duzu hilen; bigarrena : hasarrea bera ere
baztertuko duzu, barkatzerainokoan.
Urrunago joan, beti urrunago amodioaren bidean, horra egiazko zuhurtzia. Bainan
gizadia zein nekez sartzen den bide hortan ! Beltzago oraino : Ebanjelioak artamendatu
urratsik ez du egin nahi, eta zuhurrago dela uste du kaskoan duena eginez. Paulok dio
zuhurtzia hori ” laster galduko diren mundu huntako buruzagiena” dela.
Gaurko ebanjelioan Jesusek galdegiten dauku ozka bat gorago igaitea Ebanjelioaren
pratikan. Jakingarri da manamendu zaharberritu horiek guziak gure aldeko lagunari
buruzkoak direla. Ez da harritzekorik : Jainkoaren onginahiak bildu nahi gaitu denak Jesu
Kristo baitan, anai-arteko batasunera buruz egiten ditugun urrats guziek Jainkoaren erreinuari
hurbilagotzen baigaituzte. Ez da aski erraitea “Etor bedi zure Erreinua”. Jesusek erraiten
dauku zer eta nola egiten ahal dugun Erreinua etor dadin.