Kristaua ezin izan da legalista
Urteko 6. igandea A (2020-02-16)
Aldez aurreko oharra
Liturgiak bi ahalbide eskaintzen dizkigu ebanjelioari dagokionez: bata, irakurgai laburra, Mateo 5,17-37ko baieztapen nagusi batzuk bakarrik jaso dituena; eta irakurgai luzea ezer baztertu ez duena, laburraren edukia garatuz. Lehena desharagitua gertatzen da batzuetan eta ideia oso garrantzizkoak utzi ditu alde batera; luzea, berriz, hain korapilatsua da, eta gai han desberdinak jasotzen ditu, ezinezkoa baita homilia batean denak argitzea. Laburrari dagokionez, adierazpen batzuk egitera mugatuko naiz. Testu osoari dagokion iruzkina nahi badu, jo dezakezu liburu honetara: J.L. Sicre, El evangelio de Mateo. Un drama con final feliz (Verbo Divino) 114-123 or.
Ebanjelio laburraren irakurgaia
Zoriontasunak eta gatzaren eta argiaren parabolak, gaurko honen aurreko igandeetan irakurriek, Mendiko Hitzaldiaren sarrera dira. Une honetatik aurrera, Mateok Jesusen eskaintza erlijiosoa aurkeztu digu, lege-maisuen fariseuen eta paganoenari kontrajarriz. Gaurko iganderako eta datorrenerako, liturgiak kristauaren eta lege-maisuaren artean egon behar duen aldea bakarrik hautatu du.
Lege-maisuak
Soziologiari dagokionez. lege-maisuek talde oso heterogeneoa eratzen dute: horretakoak dira goi-mailako apaizak, apaiz soilak, behe-kleroko kideak, familia garrantzizkoetakoak eta herriko geruza guztietakoak (merkatari, arotz, denda-eraikitzaile, soldatapeko). Are gehiago: badira judu-jatorri garbiko ez, baizik eta ama edo aita konbertituren seme direnak. Lege-maisuen boterea beraien zientzian datza soilik. Korporazio horretan onar zezaten nahi zuenak, hainbat urteko ikastaldia egin behar izaten zuen. Eskuarki, 14 urteko zenetik dominatzen zuen Legearen (Pentateukoaren) exegesia. Baina ordenatua izateko, adin kanonikoa 40 urteko izatea zen. Ordudanik gaiturik zegokeen erabakitzeko, bere aginpidez, legedi erlijioso eta erritualeko arazoak, auzi kriminaletan epaile izateko eta zibiletan erabakiak hartzeko, zela zuzenbide-gorteko kide bezala, zela indibidualki. Rabi deitua izateko eskubidea zuen. Eta zabalik zituen zuzenbideko, administrazioko eta irakaskuntzako postu giltzarriak.
Legalismoaren arriskua
Jendearen arten duten estimu eta guzti, Jesusek ez ditu atsegin. Ez du nahi beraren jarraitzaileak haien antzeko izatea, ezta haiekin nahas ditzaten ere. Haien jarreran legalismorako bi arrisku larri-larria nabari dituelako, hau da, legea eta araua goraltxatzekoa gauza guztien gainetik. Legalismoa, bi bide oso antzekotatik irits daiteke:
a) Giza segurtasuna bilatuz. Pertsona heldugabeak, arriskuen beldur denak, nahiago izaten du, une bakoitzean zer egin behar duen adieraz diezaioten. Zenbat eta arau gehiago, hobe, horrela ez baita sentitzen koloka.
b) Segurtasun erlijiosoa bilatuz. Jende honek uste osoa izaten du, salbazioa ekinaren ekinaz irabazten dela, une oro Jainkoaren borondatea betez. Jainkoaren borondate hau ez dute hartzen bizitzako jarrera orokortzat, baizik eta egintza-sail batean zehaztutakotzat. Zenbat eta arau gehiago ematen dizkidaten, hobeto ezagutuko dut Jainkoak nahi duena eta errazago izango dut salbatzea.
Aurreko horietan bietan badira gauza onak eta txarrak. Baina gauzarik larriena da arau zale den pertsonak arrisku hau duela: legearen letra hutsean gelditzekoa, haren espirituan edo muinean, eskakizun handiagokoa den hartan, sakondu gabe. Adibidez, garizumako ostiraletan haragirik ez jateko agintzen dio legeak, baina ez dio axola otarraina edo ganbak jatea. Igandean eta jai-egunetan mezara joatea agintzen dio legeak eta zorrotz betetzen du, baina, agian, minutu bat ere ez dio eskaintzen Jainkoari aste osoan.
Burubide legalistaren beste arrisku bat. Legea eskuan duzula, lagun hurkoa txiki-txiki egin ahal izatea da, berari bizitza mingostu ahal izatea. Norberak egoki dela uste duen bezala bizi ez dena kritikatu egiten da, gaitzetsi egiten da, baita pertsegitu ere.
Jesusen kritika legalismoari
Jarrera legalista honen kontra egin eta, ikasleei kristau-eran jokatzen irakasteko, sei kasu zehatz ipini ditu Mateok Jesusen ahoan: asasinatzea, adulterioa, dibortzioa, zina, mendekua eta lagun hurkoa maitatzea (Mateo 5,21-48). Igande honetan lehen laurak irakurriko ditugu; azken biak datorren igandean.
Lehen kasuan, asasinatzea delakoan, bere ondoriorik errotikoenetara eraman du Jesusek legea. Bosgarren aginduak inor hiltzea debekatzen du. Burubide legalistak, letrari atxikiz, aski izaten du lagun hurkoari puñalez sastakorik ez ematea. Jesusek dio, aginduaren espiritua edo muina askoz harago doala. Garrantzizkoa ez da hurkoaren bizitza fisikoa errespetatzea bakarrik, baizik eta pertsona oso-osorik errespetatzea.
Bigarren kasuan ere, adulterioa era errotikora eramanez interpretatu du Jesusek. Legearen letrak gertakizun fisikoa bakarrik zuen kontuan. Jesus, ordea, aginduaren sakoneko muinera doa, hartan erortzeko urruneko arriskuari erreparatuz.
Hirugarren kasuan, dibortzioa: indargabetu egin du Jesusek zutik zen araua. Testuak iruzkin luze eta teknikoa eskatuko luke. Jesus, ordea, legearen sakoneko espiritura doa, erortzeko urruneko arriskua ere kontuan hartuz
Laugarren kasuan, zina (hirugarrena alde batera utzi da irakurgai laburrean): indargabetu egin du lege hau ere. Zin egiteaz baliatzen eta abusatzen duen gizarte batean mugitzen da Jesus. Jesusen ikasleak ondradutasunean eta egiazaletasunean mugitu behar du, «bai» edo «ez» esatea aski izango duelarik.
Datorren igandean beste baliabide bat ikusiko dugu: legearen ordez beste arau zorrotzago bat ematea.
Lehen irakurgaia: Ben Sirak edo Eklesiastikoa 15,16-21
Berretsi egin du testu honek ebanjelioak hasieran esana (bertsio luzean), Jainkoaren borondatea betetzearen edo ez betetzearen hautabideaz. Guztiok dugu suaren eta uraren artean aukeratzeko ahalbidea, heriotzaren eta biziaren artean, Jainkoaren Erreinuan handi edo txiki izatearen artean aukeratzeko ahalbidea. Azken esapidea, Jainkoak «ez du uzten gezurtia ordainik gabe» delakoa, oso ondo aplika dakioke Jesusek legalistei esandakoari.
José Luis Sicre