EZ, GURE ARTEKO GERLARI (Mateo 7,17-37)

Urteko 6. igandea A 2020-02-16

Juduak harro mintzo ohi ziren Moisesen Legeaz. Tradizioaren arabera, Jainkoak berak eman zion erregalu Lege hori bere herriari. Beragandik hartu zuten gauzarik hobena zen. Lege horren baitan zegoen egiazko Jainko bakarraren nahia. Hor aurkitzen ahal zuten Jainkoari leial izateko behar zutena.

Jesusentzat ere garrantzizkoa da Legea, baina ez da jada ardatz. Beste esperientzia bat bizi du eta komunikatu du Jesusek: iristear da Jainkoaren erreinua; gure artean bidea nola urratuko dabil Aita, mundua gizatiarrago bihurtzeko. Ez da nahikoa Moisesen Legea betetzea. Aitari ireki beharra dugu eta berarekin lankide izan beharra gure bizitza zuzenago eta anai-arreba artekoago, haurridetsuago, bihurtzeko.

Horregatik, Jesusentzat, ez da aski Legea betetzea, «ez hil» agintzen duen hura. Beharrezkoa da, gainera, gure bizitzatik erauztea, bai oldarkortasuna, bai bestearekiko mespretxua, bai irainak eta mendekua. Inor hil ez duenak bete du Legea, baina, indarkeriatik aske ez bada, ez du bere bihotzean gurekin batean bizitza gizatiarrago bihurtu nahi duen Jainko hori.

Behatzaile batzuen arabera, zabaltzen ari da gaur egungo gizartean oldarkortasunaren, agresibitatearen, haztea islatzen duen hizkuntza. Gero eta sarriago entzuten dira irainak, jendea umiliatzeko, mespretxatzeko eta zauritzeko bota ohi direnak. Ukapenari, erresuminari, gorrotoari edo mendekuari darizkien hitzak dira.

Bestetik, solasaldiak hitz zuzengaberen ehundura izan ohi dira sarritan, gaitzespenak banatzen eta errezeloak ereiten dituztela. Maitasunik eta errespeturik gabe esandako hitzak dira, bizikidetasuna pozoitzen eta kalte egiten dutenak. Kasik beti haserretik, murrizkeriatik eta kaskarkeriatik datozen hitzak.

Hori, ordea, ez da gizarte-bizitzan bakarrik gertatzen. Problema larri da Elizaren baitan ere. Frantzisko aita santuak sufritu egiten du «kristauen aurkako beste kristauen gerlan» banaketak, tirandurak eta aurkaritzak ikustean. Ebanjelioaren hain kontrako jarrera eta egoera dira, non premiazko dei bat egin beharra ikusi baitu: «Ez, gure arteko gerlari».

Honela mintzo da Aita Santua: «Mingarri dut egiaztatzea nola leku ematen diegun zenbait kristau-elkartetan, eta baita pertsona sagaratuen artean ere, gorroto, kalumnia, izen belzte, mendeku, zelo-mota desberdinei eta, edozein gauzaren bizkar, nork bere desira besteri ezarri nahi izateari, eta baita sorgin-ehiza itsu diruditen pertsekuzioei ere. Nor ebanjelizatu nahi dugu portaera horrekin?». Aita Santuak Eliza hau landu nahi du, «zeinean jende guztia miresten baita esanez: nola zaintzen duzuen batak bestea, nola arnasten duzuen batak bestea eta nola lagun egiten diozuen batak besteari».

Jose Antonio Pagola