Letra hiltzaile, espiritua bizi-emaile
Urteko 6. igandea A (2017-02-12)

Zoriontasunak eta gatzaren eta argiaren parabolak, gaurko honen aurreko igandeetan irakurriek, Mendiko Hitzaldiaren sarrera dira. Jainkoaren Erreinuaren mezua ulertu dezaketenez mintzo dira eta izan ditzaketen bi arriskuz. Une honetatik aurrera sartuko da Mateo gaian. Jesusen eskaintza erlijiosoa aurkeztu digu, lege-maisuen, fariseuen eta paganoenari kontrajarriz. Eta honek, irakaspen iraultzaile baten errezeloa eragin diezaioke jendeari edo entzuleari, Israelen tradizioaren kontrakoaren errezeloa, alegia. Mateo jendea lasaitzen saiatu da. Ez da horrelako ezer. Jesus ez da etorri Legea eta Profetak desegitera.

Legeak eta Profetek Jainkoaren mezua ordezkatzen dute judu batentzat, beraren promesak, berarekiko elkargoa, salbazioa ordezkatzen dituzte. Jesus ez da etorri horietarik ezer suntsitzera, baizik eta guztiak beren betera eramatera. Ez da beldur izan behar Jesusen irakaspenaz. Are gehiago. Beraren irakaspena hain garrantzizkoa da non beraren araurik txikiena hausten duena txikiena izan baita Jainkoaren Erreinuan, betetzen duena handia izango baita Erreinu horretan. Hitz hauek nahasgarri gertatu dira irakurle eta iruzkingile askorentzat; izan ere, ematen du, Itun Zaharreko araurik txikienak defenditu dituela hemen Jesusek, Ebanjelioan barna gertatzen denaren aurka. Uste dut, interpretazio oker batetik datorrela nahasmendu hau. Jesus, «araurik txikiena hausten duena» gaitzetsi duenean, ez da ari Itun Zaharreko arauez, baizik eta segidan berak adieraziko dituenez. Jesus ez da ari Itun Zaharreko letra defenditzen, baizik eta haren espiritua, haren muina.

Garaiko beste talde batzuk ere saiatu ziren Itun Zaharraren espiritu hori bizitzen; adibidez, lege-maisuak eta fariseuak. Jesus, ordea, ez dator bat haiekin, eta hasieratik azaldu du hori: «Lege-maisuak eta fariseuak baino hobeak ez bazarete, ez zarete sartuko zeruetako erreinuan». Erronka guztiz gogorra da; azalpena eskatzen du. Horretan saiatuko da ebanjelaria segidako sailetan; hain juxtu, sail horietan, legearen aurreko kristau-jarreraz mintzo da (lege-maisuen kontra) eta otoitz-egintzen aurreko jarreraz (fariseuen aurka). Igande honetako liturgian eta datorren igandekoan legearen gaia bakarrik jaso da.

1.- Lege-maisuak

Soziologiari dagokionez. lege-maisuek talde oso heterogeneoa eratzen dute: horretakoak dira goi-mailako apaizak, apaiz soilak, behe-kleroko kideak, familia garrantzizkoetakoak eta herriko geruza guztietakoak (merkatari, arotz, denda-eraikitzaile, soldatapeko). Are gehiago: badira judu-jatorri garbiko ez, baizik eta ama edo aita konbertituren seme direnak. Lege-maisuen boterea beraien zientzian datza soilik. Korporazio horretan onar zezaten nahi zuenak, hainbat urteko ikasketaldia egin behar izaten zuen. Eskuarki, 14 urteko zenetik dominatzen zuen Legearen (Pentateukoaren) exegesia. Baina ordenatua izateko adin kanonikoa 40 urteko izatea zen. Ordudanik gaiturik zegokeen erabakitzeko, bere aginpidez, legedi erlijioso eta erritualeko arazoak, auzi kriminaletan epaile izateko eta zibiletan erabakiak hartzeko, zela zuzenbide-gorteko kide bezala, zela indibidualki. Rabi deitua izateko eskubidea zuen. Eta zabalik zituen zuzenbideko, administrazioko eta irakaskuntzako postu giltzarriak.

2.- Legalismoaren arriskua

Jendearen arten duten estimu eta guzti, Jesusek ez ditu atsegin. Ez du nahi beraren jarraitzaileak haien antzeko izatea, ezta haiekin nahas ditzaten ere. Haien jarreran legalismorako bi arrisku larri-larria nabari dituelako, hau da, legea eta araua goraltxatzekoa gauza guztien gainetik. Legalismoa, bi bide oso antzekotatik irits daiteke:
a) Giza segurtasuna bilatuz. Pertsona heldugabeak, arriskuen beldur denak, nahiago izaten du, une bakoitzean zer egin behar duen adieraz diezaioten. Zenbat eta arau gehiago, hobe, horrela ez baita sentitzen koloka.
b) Segurtasun erlijiosoa bilatuz. Jende uste osoa izaten du, salbazioa ekinaren ekinaz irabazten dela, une oro Jainkoaren borondatea betez. Jainkoaren borondate hau ez dute hartzen bizitzako jarrera orokortzat, baizik eta egintza-sail batean zehaztutakotzat. Zenbat eta arau gehiago ematen dizkidaten, hobeto ezagutuko dut Jainkoak nahi duena eta errazago izango dut salbatzea.
Aurreko horietan bietan badira gauza onak eta txarrak. Baina gauzarik larriena da arau zale den pertsonak arrisku hau duela: legearen letra hutsean gelditzekoa, haren espirituan edo muinean, eskakizun handiagokoa den hartan, sakondu gabe. Adibidez, garizumako ostiraletan haragirik ez jateko agintzen dio legeak, baina ez dio axola otarraina edo ganbak jatea. Igandean eta jai-egunetan mezara joatea agintzen dio legeak eta zorrotz betetzen du, baina, agian, minutu bat ere ez dio eskaintzen Jainkoari aste osoan.
Burubide legalistaren beste arrisku bat. Legea eskuan duzula, lagun hurkoa txiki-txiki egin ahal izatea da, berari bizitza mingostu ahal izatea. Norberak egoki dela uste duen bezala bizi ez dena kritikatu egiten da, gaitzetsi egiten da, baita pertsegitu ere.

3.-Jesusen kritika legalismoari

Jarrera legalista honen kontra egin eta ikasleei kristau-eran jokatzen irakasteko, sei kasu zehatz ipini ditu Mateok Jesusen ahoan: asasinatzea, adulterioa, dibortzioa, zina, mendekua eta lagun hurkoa maitatzea (Mateo 5,21-48). Igande onetan lehen laurak irakurriko ditugu; azken biak datorren igandean.

Lehen kasuan, asasinatzea delakoan, bere ondoriorik errotikoenetara eraman du Jesusek legea. Bosgarren aginduak inor hiltzea debekatzen du. Burubide legalistak, letrari atxikiz, aski izaten du lagun hurkoari puñalez sastakorik ez ematea. Jesusek dio, aginduaren espiritua edo muina askoz harago doala. Garrantzizkoa ez da hurkoaren bizitza fisikoa errespetatzea bakarrik, baizik eta pertsona oso-osorik errespetatzea. Agindua zentzu guztiz zabalean hartu behar da; orobat debekatzen du tratu haserrezkoa, iraintzea, kalumniatzea. Gai hau hain axolazkoa du Jesusek, non ondorio praktiko bat gehitzen baitu: «Zeure eskaintza aurkeztera aldarera joatean…».

Bigarren kasuan ere, adulterioa era errotikora eramanez interpretatu du Jesusek. Legearen letrak gertakizun fisikoa bakarrik zuen kontuan. Jesus, ordea, aginduaren sakoneko muinera doa, hartan erortzeko urruneko arriskuari erreparatuz. Horregatik, ebanjelioko esapiderik gogorrenetakoa irten zaio: «Zeure eskuin begiak arriskuan ipintzen bazaitu…». Hitz hauek, jakina, ez dira hitzez hitz hartzekoak, baina Jesusentzat arazoak duen garrantzia islatzen dute.

Hirugarren kasuan, dibortzioa: indargabetu egin du Jesusek zutik zen araua. Testuak iruzkin luze eta teknikoa eskatuko luke. Gogoan izan behar da, Jesusen garaian, dibortzioa kasik gizonezkoari bakarrik zegokiola. Bestetik, arazoa eztabaida-gai bihurtua zen rabinoen eskola desberdinetan; batzuk burubide zabalekoak; beste batzuk oso zorrotzak. Jesusentzat, sagaratuegia da ezkontza, eta zapuztua den emaztearen egoera tragikoegia, eztabaida-gai bihurtzeko. Eta kolpe batez desegin du dibortzioaren legea, porneiaren kasua salbu (termino honek askotariko itzulpeni eman dio bide: «lohitasuna», «legearen kontrako lotura», «adulterioa»).

Laugarren kasuan, zina: indargabetu egin du lege hau ere. Zin egiteaz baliatzen eta abusatzen duen gizarte batean mugitzen da Jesus. Etengabe, plazan, kalean, etxean, zin egiten da Jainkoaren, zeruaren, lurraren, Jerusalemen… izenari dei eginez. Errespetu-faltatzat eta zorakeriatzat hartu du hau Jesusek. Gizakia, zin egitean, berea ez duen, eskura ez duen zerbaiti ari baita dei egiten. Aldi berean, zin eginez gezur bat ezkuta lezake. Jesusen ikasleak ondradutasunean eta egiazaletasunean mugitu behar du, «bai» edo «ez» esatea aski izango duelarik. (Gauza bitxia da: gaur egun, kristau bezala aurkezten direnek zin egiten dute; eta laiko bezala aurkezten direnek promes egiten dute).

Laburtuz, Jesusek jarrera legalistaren aurka egin du, agindua beraren hondo-hondoko ondoriotara eramanez edota indargabetuz. Datorren igandean beste helegite bat ikusiko dugu: lege bat eskakizun zorrotzagoko arau bihurtzea.

***

Lehen irakurgaiak, Ben Sirak edo Eklesiastiko liburukoak, berretsi egin du ebanjelioaren hasieran esana, Jainkoaren borondatea betetzearen edo ez betetzearen hautabidea. Guztiok dugu suaren eta uraren artean aukeratzeko ahalbidea, heriotzaren eta biziaren artean, Jainkoaren Erreinuan handi edo txiki izatearen artean aukeratzeko ahalbidea. Azken esapidea, Jainkoak «ez du uzten gezurtia ordainik gabe» delakoa, oso ondo aplika dakioke Jesusek legalistei esandakoari.

José Luis Sicre