Urteko 5. igandea C 2019-02-10

HOMILIA

Anai-arrebok!

Jainkoak gizakiari egiten dion deiaz edo bokazioaz ari zaizkigu gaurko irakurgaiak. Lehen irakurgaian Isaias profetari egindako deiaz; ebanjelioa, berriz, bereziki Pedrori egindako deiaz. Anai-arrebok, dei horietan Jainkoak norberari egin dion deia edo bokazioa ikusi beharko genuke.

Lehenik eta behin, Isaias profetaren bokazioa. Ikuskari edo espektakulu handi bat ikusi du: Jauna tronu goi eta handios batean eseria; tenplua betetzen du, serafinak inguruan, eta «santu, santu, santu» hots egiten dute. Isaias izutu egin da. Bere burua galdurik ikusi du, bere burua bekatari ikusirik, Jainkoa ikusi duelako. Baina serafin bat etorri zaio, eta su-ilinti batekin ahoa ukitu dio eta garbiturik ikusi du burua. Honetan, Jaunaren ahotsa entzun du: «Nor joango da nire izenean herriari hitz egitera?» Eta Isaiasek: «Hona hemen ni, bidal nazazu».

Pedroren deia beste era batean gertatu da. Jesusek bukatu du herriari hitz egitea. Orduan, Pedrori ontzia itsaso barnera eramateko esan dio. Eta arrantzurako sareak botatzeko. Gau guztian arituak dira arrantzuan, ezer harrapatu gabe; halere, Jesusi kasu eginez, sareak bota dituzte, egun-argitan. Sekulako harrapaketa egin dute. Pedrok, orduan, Jesusen aurrean belaunikatu eta esan dio: «Aldendu nigandik, Jauna, bekatari naiz eta». Eta Jesusek: «Ez beldur izan; hemendik aurrera giza arrantzale izango zara».

Bistan da. Bi deiak oso desberdin ageri dira: Isaiasek Jainkoa handi eta beldurgarri ikusi du; serafin batek garbitu du bekatutik. Pedrok hurbil-hurbileko ikusi du Jainkoa Jesusengan. Bekatari sentitu da haren ondoan. Bekatari sentitu arren, konfiantza agertu dio Jesusi. Jesus ez zen batere trebea arrantzuan. Arrantzaleek gauez egiten zuten arrantzu. Jesusek egunez egiteko agindu dio. Eta Pedrok, bere konfiantza agertuz, obeditu.

Anai-arrebok, Jainkoaren deiaren aurrean, biek sentitu dute beldurra. Ez da harritzekoa izango, guk geuk ere beldurra izatea geure bokazioa dela eta.

Bikotekide batek, ezkontzen denean, galdetuko dio noski bere buruari: «Gai izango ote naiz neure ezkontidea zoriontsu egiteko?» Gauza bera gertatuko zaio apaizari, erlijiosoari, erlijiosari, ezkongabe bizi nahi duenari. Gogoan izan beharko genuke Jesusek Pedrori esana: «Ez beldur izan». Ez gara ari geure indar hutsez. Geurekin dugu Jauna.

Bestetik, bokazioak une desberdinak izaten ditu. Gaztetan sentitu dugun bokazioak bere ezaugarrik izan ditu. Geroago beste ezaugarri batzuk izango ditu. Ezaugarri horiei ondo eta erne erreparatzen jakin beharko genuke. Adibidez, eta bikoteei gagozkiela, egunero ikusten dugun gauza da: gaztetan paseatzen besotik heldu eta, askotan, musuka ikusiko ditugu. Geroago, haurrari lotuagoa ikusi ditugu. Geroago, bata aurreraxeago, bestea atzeraxeago, hitzik egin gabe ikusiko ditugu. Adin bakoitzeko ezaugarri horiek ez genituzke utzi behar azterketa bat egin gabe.

Eta azterketaren hondo-hondoan, galdera hauen antzeko zerbait jarri beharko genuke: saiatzen al naiz neure ezkontidea zoriontsu egiten?, saiatzen al naiz hausnartzen ez naizela bizi bion arteko ghetto bat edo itxitura bat egiteko?, saiatzen al naiz bion arteko maitasuna biziz eta agertuz, Jainkoak munduari dion maitasuna agertzen?

Pedrori esana, geuri esan dugu: «Ez beldur izan». Jesus geurekin dugu. Andre Maria geurekin dugu. Mundu guztian bizi garen bikoteek misio edo zeregin handia dugu: maitasuna bizitzeko, maitasuna ereiteko, maitasuna zabaltzeko eginak gara. Pozgarria da gure misioa mundu honetan. Pozgarriagoa iragartzen ari garen zeruko bizitza.

Lapurpena

Anai-arrebok!

Ebanjelioan arrain-harrapaketa handi bat ikusi dugu. Eta gertakizun handi horri erreparatzean, Jesusen jainkozko tasun bat ikusi dugu: gizon berezi-berezia da Jesus; nork bere burua, berriz, bekatari ikusi dugu. Ez da gai Jesusekin konparatzeko. Eta hala esan diogu Jesusi: «Aldendu zaitez nigandik, Jauna, bekatari bat naiz eta».

Harrigarria izan da Jesusen erreakzioa: «Ez beldur izan, hemendik aurrera giza arrantzale izango zara». Jesusen erreakzio horrek, bizitza guztian izan duen jarrera adierazten digu.

Pedrorekin batean, hamabi ikasle aukeratu ditu Jesusek. Jakina, 12 zenbaki hau zenbaki sinbolikoa da. Adierazi nahi, Jesus ez dela etorri juduen arteko rabinoak bezala. Hauek ez bezala, Israel osoa batzera etorri da Jesus. Eta, jakina, Jesusen Israel hori, Israel berria da, hau da, gizadi osoa.

Horretarako, txundigarria da, Jesusen jarrera osoa. Nolako pazientziaz, nolako maitasunez, nolako errespetuz jardun duen ikasle horiek formatzen, hezten eta eratzen. Esan nahi aberatsa eta handia du «Ez beldur izan horrek». Bestetik, Jesus, ikasle bila, ez da joan Jerusalemeko tenplura, ez da joan apaiz nagusiagana, ez da joan jende jakintsuagana, ez da joan boteretsuengana… Ikasle gehienak arrantzaleak dira, eskolatu gabeak.

Honek guztiak hau esan nahi du: Jesusek, dei bat egitean, pertsonari misio bat edo eginkizun bat gomendatzean, gogoan izaten duela zer den delako pertsona hori, eta horregatik errepikatu izan duela: «zeurekin izango nauzu neu ere, zeurekin; ez zara bakarrik ariko».

Hausnartu al dugu sekula Jesus hitz hori: «zeurekin izango nauzu»? Apaiza ez da ari bera bakarrik, erlijiosoa edo erlijiosa ez da ari bera bakarrik, ezkondua ez da ari bera bakarrik, ezkontzan asmatu ez duena ez da ari bera bakarrik, ezkongabe bizitzera erabaki duena ez da ari bera bakarrik.

Senideok, eska diezaiogun Jesusi konfiantza handi hori. Eginkizun edo misio handiegia gomendatu digu gutako bakoitzak bakarrik jokatu ahal izateko. Bidelagun dugu bera. Lankide dugu bera. Bete gaitzala Jesusen Espirituak, geure baitan eta munduan konfiantza hori zabaltzeko.

Dionisio Amundarain