Urteko 5. igandea C 2016-02-07
HOMILIA
Anai-arrebok!
Lukasen gaurko ebanjelioan tratu berezia eskaini dio Jesusek Pedrori. Modu berezian begiratu dio Pedrori. Hiru begiratu edo hiru etapa ikus genitzake Jesusen eta Pedroren harremanetan.
Lehenik eta behin, Joanen ebanjelioan ageri dira Jesus eta Pedro (Jn 1,40-42). Andresek Jesusengana darama Pedro. Eta Jesusek: «Simon zara zu, baina aurrerantzean Kefas izango zara», hau da, Pedro, hau da, Harkaitza. Geroago, Zesareako Filipon agertuko du Jesusek zer esan nahi duen izen berri horrek. Ordurako, Pedro Jesusen jarraitzaile gogotsu bihurtua da, eta aitorpen bizi hau egin zion Jesusi: «Zu Mesias zara, Jainko biziaren semea» (Mt 16,16). Eta une hura hartu zuen Jesusek Kefas izenak zer esan duen adierazteko: «Pedro zara zu, eta harkaitz horren gainean eraikiko dut nik neure eliza» (Mt 16,18). Alabaina, handik pixka batera, bere ahuldadea ikusaraziko dio Jesusek Pedrori: «Oztopo haiz niretzat, hire asmoak ez baititut Jainkoarenak, baizik gizakiarenak» (Mt 16,23). Pedrok ondo jaso du Jesusen abisua, eta gogotsu jarraituko du Jesusi segika. Esate baterako, behin batean jende asko hasi zen Jesus alde batera uzten; izan ere hona zer esan zien: «gizonaren semearen gorputza jaten ez baduzue, ez duzue bizirik izango» (Jn 6,53). Orduan Jesusek galdetzen die: «Zuek ere alde egin nahi al duzue?» (Jn 6,67). Eta Pedrok: «Norengana joango gara. Betiko bizia dute zure irakaspenek» (Jn 6,68). Hona, beraz, Jesusen eta Pedroren lehen harremana. Zer izango den esan dio Jesusek Pedrori. Honek, neurri batean, gogotsu erantzun dio.
Bigarren etapa, Jesusen nekaldikoa da. Hiru aldiz egin dio uko Jesusi Pedrok. Baina Jesusek samurkiro begiratu dio. Eta Pedrok negarrari eman dio. Jesusen begiratuak aldatu egin du Pedroren bihotza. Damutasuna eragin dio, eta damutasunarekin konfiantza.
Hirugarren etapa Jesus piztu ondokoa da. Joanen ebanjelioaren 21. kapituluan ageri da. Hiru aldiz galdetu dio Jesusek Pedrori: Maite al nauzu? Eta hiru aldiz esan dio Pedrok baietz. Eta Jesusek baietsi, konfirmatu egin dio lehen etapan eman zion eginkizuna edo misioa: «Larra itzazu nire bildotsak», «Zaindu itzazu nire ardiak».
Baina, kontua ez da horretan gelditu. Erregetza agindu ote dio Jesusek Pedrori? Ez. Baizik eta esan dio: «Gazte zinenean, zeuk lotzen zenuen gerrikoa eta nora joan zeuk erabakitzen zenuen; zahartzean, ordea, zuk besoak luzatu eta beste batek lotuko dizu gerrikoa» (Jn 21,18).
Senideok, gaurko liturgia Jainkoak gizakiari egiten dion deiaz ari zaigu. Deiaren eta erantzunaren artean mila gorabehera ageri eta bizi ohi dira. Baina deia erruki hutsa den Jainkoarena da. Eta Jainko errukitsua ez da ibiltzen jolasean gizon-emakumeekin. Bere lagunartea eskaini ohi du beti. Etsenplu eta jarraibide handi ditugu gaurko liturgiako deiak.
Lehenengo irakurgaian, Isaiasi egindako deia entzun dugu. Jainkoaren santutasuna ikustean, bere burua bekatari ikusi du. Ez da gai Jainkoarekin harremanetan jarraitzeko. Baina aingeru batek ezpainak ukitu dizkio ilinti batekin, eta garbi eta gai sentitu da. Jainkoak «Nor bidaliko dut» esan dionean, zirt eta zart erantzun dio: «Hona hemen ni. Bidal nazazu». Deiak konfiantza eman dio.
Bigarren irakurgaian, Paulo ageri zaigu. Pertsegitzaile handia izan da. Eta ez du sentitzen apostolu izena merezi duenik. Baina bidali duenak daki zer egin duen. Deiak konfiantza eman dio.
Ebanjelioan, berriz, Pedro dakusagu. Gau osoan ibili da arrantzuan, eta ez du ezer harrapatu. Baina Jesusen deia entzun du. Konfiantza sentitu du. Eta ohitura guztien kontra, eguerdi inguruan arrantzura atera da. Eta sekulako arrakasta izan du.
Jainkoaren hiru dei dira. Baina milioika dei egin ditu Jainkoak. Iraganean izan diren, gaur egun garen eta etorkizunean izango diren gizon-emakumeak adina dei egin ditu Jainkoak. Deiarekin batean, gaitasuna, adorea eta konfiantza eskaini dizkigu. Izan gaitezela borondate oneko gizon-emakume. Lagundu gaitzala geure bidean.
DIONISIO AMUNDARAIN