Urteko 5. igandea B 2018-02-04
HOMILIA

Anai-arrebok!

Gaurko irakurgaiek gizon-emakume guztiok bizi dugun esperientzia handi bat dakarkigute begi-bistara: gaixotasuna.

Zein jarrera dugu gaixotasunaren aurrean? Norberaren gaixotasunaren eta besteen gaixotasunaren aurrean.

Lehen irakurgaian, Joben liburuko pasarte bat entzun dugu. Lehenik eta behin, esan dezagun, Joben liburu hori nobela bat da, ez da historia bat. Badakigu, Jesus bera ere asmatutako ipuinez baliatzen dela bere irakaspena emateko. Hor ditugu hainbat eta hainbat parabola eder. Gauza bertsua egin nahi izan du Joben liburuaren idazleak. Nobela bat asmatu du, gizakiak bizi ohi duen esperientziaren berri eman eta zein jarrera izan adierazteko. Hauxe du muina: Job gizon osasuntsua da eta aberatsa. Halako batean, bere ondasunak galtzen hasi da. Ondasunak ez ezik, seme-alabak ere bai. Azkenean, bere osasuna ere galdu du. Garaiko ustearen arabera, uste dute eta uste du Jainkoaren zigor bat dela hori guztia. Jobek ez du ulertzen zergatik egin dion hori Jainkoak. Kexu eta kexu agertu zaio. Azkenean, ordea, jabetzen da: nor naiz ni Jainkoari kontuak eskatzeko? Liburuaren bukaeran aitorpen handi hau egingo du: «Entzutez bakarrik ezagutzen zintudan; orain, neure begiz ikusi zaitut! Beraz, damutzen naiz esandakoaz» (Job 42,5-6).

Dena den, gaurko pasartea, krisialdi gogorreko garaikoa da. Bidegabeki zigortua dela ikusten duen garaikoa.

Galdetu genezake, zertara dator pasarte hau gure liturgiako irakurgai bezala? Ez al da, gaixo dagoen bat, zoritxar bat jasan duen bat, bere tristuran eta bere etsipenean hondatzera eramateko?

Beste bat izan da, testu hau aukeratu dutenen asmoa. Hain zuzen, gaur ebanjelioan Jesus gaixoen eta zoritxarrekoen argi distiratsu bezala ageri da. Bi jarrerak konparatu nahi izan dituzte: pasarte honetako Job etsiarena eta Jesusen aurrean gogotsu ageri direnena.

Joan den igandeko ebanjelioan, jendea harriturik eta txunditurik ikusi genuen Jesusen hitz egiteko moduagatik. Gaurkoan, hitz egiteko moduagatik ez, baizik egiten duenagatik ageri da jendea gogo beroturik.

Gaurko ebanjelioa joan den igandekoaren segida da. Lehengo igandekoa sinagogan gertatu zen. Gaurkoa, Pedroren eta Andresen etxean. Etxeratu orduko, Pedroren amaginarreba sendatu du. Ondoren, jendeak piloka ekarri ditu gaixoak etxe atarira. Eta Jesusek guztiak sendatzen jardun du. Sendatze horrekin, mundura zertara etorri den agertu nahi du. Arazoa ez da sendatze fisikoa bakarrik; batez ere, sendatzen horrekin, pertsonaren sendatze osoa adierazi nahi du.

Garbi dago hori biharamun goizean ikasleei esan dienarekin. Hain juxtu, gaixoak sendatzen oso berandu arte jardun den arren, goizean goiz jaiki da, eta han doa bera bakarrik leku bakarti batera zeruko Aitarekin hitz egitera. Hain aurkitu dute ikasleek, eta hauek Kafarnaum hirian eduki nahi dute. Baina berak esan die: «noan beste herrietara ere; horretarako etorria bainaiz: haietan eta predikatzera».

Beraz, Jainkoaren berri ematera etorri da, hitzez eta egitez. Hitzez, Jainkoaren errukiaz hitz egiten du. Egitez, erruki horren egia egiaztatzen du.

Xehetasun bat, oso gogoan hartzekoa. Jendea sendatzean, oso keinu gutxi egiten du Jesusek; oso sorginkeria gutxi; ia beti hitzaz baliatzen da, adierazteko, fedeak sendatzen duela jendea. Jesusengana jotzen duenak ez du lur joko. Indarturik ez adoreturik irtengo da. Joben kexua, Jesus argitzat hartzen duenaren adore bihurtuko da, malkoak bota behar baditu ere.

Saia gaitezen Jesus argitzat hartzen. Haren argitan esperantzadun izan eta agertzen. Gaurko salmo ofizialarekin, «Goratu dezagun Jauna, bihotz hautsiak saneatzen edo sendatzen baititu».

Dionisio Amundarain