Urteko 5. igandea B 2015-02-08
HOMILIA

Anai-arrebok!
Kontraste handia dakusagu gaurko lehenengo irakurgaiaren eta ebanjelioaren artean.
Batetik, Job, lehen irakurgaian. Lur jota ageri den gizona; ez soilik ekonomiaz eta kanpotik, baita gogoz ere: gaua bera luze egiten zaio; jira batera, jira bestera pasatzen du gaua. Ezin egonez.
Bestetik, Jesus, ebanjelioan. 24 orduko egunaren ordez, 48 orduko eguna nahi lukeela; denbora guztia gutxiegi duela, egin nahi duena egiteko.
Bai. Markosen ebanjelioak Jesusen hiru jarrera eta hiru jokabide aipatzen ditu. Bizitza guztia hartuko dioten hiru jarrera eta jokabide:
–Berri Ona hots egitea
–jendea sendatzea
–Aitari otoitz egitea.

Gaurko ebanjelioa, joan den igandean irakurri genuen pasartearen jarraipena da. Jesus Kafarnaumeko sinagogan ikusi genuen, irakasten, eta jendea harriturik uzten zuela: bere barrutik, bere kabuz, bere konbentzimenduz hitz egiten zuelako, eta ez lege-maisuek bezala.

Eta hona gaurko pasartea. Kafarnaumeko sinagoga utzirik, bere ikasleekin, Pedroren eta Andresen etxera joan zen. Pedroren amaginarreba gaixo aurkitu zuen. Hurbildu, eskutik heldu eta sendatu egin zuen. Emakumea, Jesusek erabat sendatu zuela agertzeko, zerbitzari hasi zen. Horixe da gertatzen Jainkoaren edo Jesusen presentzia esperimentatzen denean: Jainkoak, zerbitzari izatera eragiten digu. Jendeari laguntzera. Mundua hobe egitera.

Ordurako, larunbateko atsedena bukatua zen. Larunbata, izan ere, juduentzat, ostiral arratsetik larunbat arratsera izaten zen. Eta horretaz baliaturik, Kafarnaumeko jendeak gaixo-piloa aurkeztu zion Jesusi. Berandu arte, ez dakigu noiz arte, jende harekin guztiarekin jardun zen Jesus. Gaixoak sendatuz etab. Horra, gorago aipatu ditugun Jesusen jokabideetatik bat: Pedroren amaginarreba sendatu eta herriko jendea sendatu.

Ez dakigu noiz afaldu zuten Jesusek eta ikasleek. Ez dakigu noiz joan ziren lotara. Dakiguna da, goizean goiz, inori ezer esan gabe, Jesus leku bazter batera joan zela zeruko Aitarekin egotera, otoitzean. Zer otoitz egin zuen? Ebanjelioek beste batzuetan esaten dizkiguten datu apurretatik atera genezake: eskerrak eman, beste pasadizo hartan bezala: eskerrak, Aita, gauza hauek jende xumeari agertu eta jende harroari ezkutatu dizkiozulako; bere eginkizuna Aitaren eskuetan jarri, gurutzeko pasadizo hartan bezala: Aita, zure eskuetan uzten dut neure bizia; Aita goratu, ikasleei otoitz egiten irakatsi zien hartan bezala: Gure Aita, zeruetan zarena, santu izan bedi zure izena etab. Horra, gorago aipatu ditugun Jesusen jokabideetatik bigarrena: otoitza.

Honetan, Jesus alde egina zela ikustean, haren bila joan ziren ikasleak. Aurkitu zutenean, elkarrizketa. Ikasleek Kafarnaumen eutsi nahi zioten Jesusi. Eta berak: ez naiz etorri leku batean egoteko; goazen Galileako herri guztietara, Jainkoaren Berri On hots egitera. Horra, gorago aipatu ditugun Jesusen jokabideetatik hirugarrena: Berri Ona hots egitea.

Bai. Job ez bezala, Jesus airoso ageri da, animo handiko, bihotz handiko. Bazekien zertara etorria zen: Jainkoaren errukiaren Maisu eta lekuko izateko. Horixe egiten saiatu zen, bai jendea sendatuz, bai jendeari Jainkoaren Berri Ona hots eginez. Horretarako, ordea, otoitz egin beharra sentitu zuen. Eta Aitari argitasuna eta adorea eskatu beharra.

DIONISIO AMUNDARAIN