EGITATE ONEN ARGIA (Mateo 5,13-16)
Urteko 5. igandea A 2020-02-09
Gizakiok joera dugu, besteen aurrean garen baino adimentsuago, hobeago, jatorrago agertzeko. Bizi ez dugun perfekzioaren itxurak egiten ematen dugu bizitza, geure eta besteen aurrean.
Psikologoek diote, joera hau, batez ere, geure eta besteen aurrean geure burua baiesteko nahiari zor diogula, besteen balizko gorentasunaren aurrean geure burua defenditu nahi izateari.
«Egitate onen» egia falta izaten dugu, eta hitzontzi eta berriketatsu egiten dugu geure bizitza. Ez gara gai izaten seme-alabei bizitza duin baten eredu izateko, eta geuk bizi ez duguna haiei eska eta eska ematen dugu geure bizitza.
Ez gara koherente geure kristau-fedearekin, eta geure burua zuritzen saiatzen gara erlijio-praktika alde batera utzi dutenak kritikatuz. Ez gara ebanjelioaren lekuko, eta besteei predikatzeari emanik bizi gara.
Agian, geure inkoherentziak pazientzia handiz aitortzen hasi beharko genuke, besteei geure bizitzaren egia bakarrik aurkezteko. Erdipurdiko garela onartzeko adorerik badugu, errazago irekiko diogu bihotza gure bizitza oraino ere eralda dezakeen Jainko horren egitateari.
«Gatza geza bihurtzeko» arriskuaz mintzo zaigu Jesus. Gurutzeko Donibanek beste era batean esan du: «Jainkoak libra zaitzatela gatza harrotzen hastetik, zeren, kanpoan zerbait egiten duela eman arren, funtsean ezdeus izango baita; gauza ziurra baita egitate onak Jainkoari esker burutu daitezkeela».
«Lurreko gatza» izateko, gauza garrantzizkoa ez da, ez ekintzaren ekintza, ez artegatasuna, ez azaleko protagonismoa, baizik eta «egitate onak», gure baitako Espirituaren maitasunez eta egintzaz gauzatuak.
Nolako arretaz entzun beharko genituzkeen gaur egun Elizan Gurutzeko Donibane beraren beste hitz hauek: «Har kontuan, zeren, hemen oso ekintzaile diren eta mundua beren predikuez eta ageriko egitatez besarkatzen dutela uste dutenek, probetxu handiagoa eskainiko bailiokete Elizari eta atseginago izango bailitzaizkioke Jainkoari… denbora horren erdia bederen Jainkoarekin otoitzean egoteari emango baliote». Osterantzean, doktore mistiko horren arabera, «dena mailuka aritzea izango litzateke eta ezer baino ezer gutxiago egitea, eta batzuetan ezer ez, eta, are gehiago,batzuetan kalte egitea». Horrenbeste ekintza eta artegatasun artean, non dira gure «egitate onak»? Jesusek esan ohi zien ikasleei: «Argi egin diezaiela zuen argiak gizon-emakumeei, zuen egitate onak ikus ditzaten eta Jainkoari aintza eman diezaioten».
Jose Antonio Pagola