Gatza eta argia
Urteko 5. igandea A (2017-02-05)
Igande honetako ebanjelioa bi parabola oso laburrek osatzen dute, ulertzeko oso errazak dira. Baina sakondu daiteke bietan, beren testuinguruan hartuz eta kontzientzia-azterketarako erabiliz.
Testuingurua: parabolak eta zoriontasunak
Mateoren ebanjelioak, zoriontasunen segida-segidan eman ditu bi parabola hauek. Zoriontasunak, Jesusen mezuaz ardura duen eta ulertu nahi duen jendeaz mintzo dira; kristau-elkarteko (Jainkoaren hasierako erregetzako) kide izan daitekeenaz, Jainkoaren eta lagun hurkoaren aurrean dituen arrazoi desberdinengatik. Baliorik ezohikoenak aldarrikatuz, esperantza-kantu dira, gizarteak eta jendetza erlijiosoak zokoraturik dauzkala sentitzen duten guztientzat: Jainko Erregeak bere herritartzat onartzen ditu hauek.
Baina Mateok, beti hain errealistak, ez du nahi kriskitinka joka dezagun, ez du nahi miresgarri eta guztiz seguru senti gaitezen. Horregatik, Mendiko Hitzaldiaren erdigunean sartu aurretik, bi abisu eman dizkigu bi parabola hauekin.
Bi arriskuak
Testuaren izaera orokorra ez da mehatxuzkoa, baizik eta bihotz ematekoa. Entzuleak gogo alaitu nahi ditu, gogoraraziz, gizon-emakume guztiei Jainkoak gustua edo zaporea eskaintzeko gaitasuna eta guztiak argitzeko energia eman dizkielako, guztia Jainkoaren aintzarako izango delarik.
Baina bi arrisku gerta daitezke: lehena, energia galtzea (gatzaren parabola) eta, bestea, ezkutatzea (munduaren argiaren parabola).
Nola gal daiteke energia?Ereilearen parabolan, pista bat eman digu Mateok, sasi artean ereindako haziaz mintzo delarik: mundutar kezkak eta aberastasunen lilurak ito egiten dute hazia, eta ez du fruiturik ematen (Mt 13,22).
Nola gorde daiteke energia? Eredutzat Jesus hartzen badugu, bi hauek dira beraren bi energia-iturriak: otoitza (lau ebanjelioek azpimarratu duten gaia) eta lagun hurkoarekin zuzeneko harremanak izatea, bereziki premiarik handiena dutenekin (gaixoak, zokoratuak).
Nola ezkutatu argia? Erosotasunak eta erraztasunak eraman gaitzaten utziz. Jesus munduaren argia izan bazen, bere mundutxoan hesitu ez zelako izan zen, nahiago izan zituelako ahalegina, arriskua, nekea, etsaitasuna eta heriotza.
Nola distirarazi gure argia
Lehen irakurgaia, Isaiasen 58. kapitulutik hartua, bikain ahokatzen da argiaren parabolarekin. Kultuaren eta zuzentasunaren inguruko testu mamitsu batatik hartua da. Jerusalem suntsitu eta jendea Babiloniara erbesteratu ondoren (K.a. 586. urtean), judu-herriaren egoera tragikoa izan zen, baita erbestetik itzuli ondoren ere (K.a. 538. urtean). Hiriburuak, esateko, jendeztatu gabe jarraitu zuen V. mendearen erdialde edo azkena arte (Nehemiasen garaia), eta egoera ekonomikoa tragikoa zen.
Adorerik gabeko gorabehera horietan, zeremonia erlijiosoen multzo batean bilatzen dute aterabidea, batez ere barauan (janaria uzteaz gain, berekin zituen beste erritu batzuk ere: zakukiz jantzi eta errautsa, etab.); guztia, Jainkoaren onginahia irabazteko. Baina Jainkoak ez du ezer egiten. Eta herria kexu da eta protestaka. «Zertako barau egin, kasurik egiten ez badiguzu?» Profetaren bidez erantzun dio Jainkoak: zure egoerak hobera egitea nahi baduzu, zure argiak ilunpean argi egitea nahi baduzu, zure argiak urra dezala egunsentiak bezala, konprometitu zaitez gose denarekin, egarri, biluzik, etxerik gabe denarekin (erruki-egintza famatuak, antzinako Egipton jada ezagunak zirenak); desegin ezazu zapalkuntza eta gaitzesan oro.
Bada ideia nagusi bat Isaiasen irakurgai honetan. Premian direnez mintzatu denean, honela bukatu du: «ez ukatu laguntzarik zeure haragiari» (Is 58,7). Gose, biluzik edo etxerik gabe dena ez da atzerritar bat, zeurekin zerikusirik ez duen bat, faborea nahi badut bakarrik egiten ahal diodana. Neure haragia da, ardura eta arreta eskatzen dit, neure gorputzeko beste edozein atalek bezala.
José Luis Sicre