URTEKO 4. IGANDEA C 2016-01-31
SARRERA
Senideok, kristau-bizitzan ezinbestekoa da gertaera hau kontuan hartzea: alegia, Jainkoak harremanetan jarraitzen duela beti gizon-emakumeekin, modu batean ala bestean. Esan nahi da, gizakia eta Jainkoa ez direla aparte bizi diren bi izaki.
Ez genuke ahaztu behar Jainkoak gurekin harremanak izateko erabiltzen duen era hau: profetak bidaltzen ditu gure artera; ez bakarrik Itun Zaharreko aldian; gaur ere bai. Profeta handia Jesus izan da, gaurko ebanjelioan ere ageri denez. Baina, gaur egun ere, hitz egiten digu beste profeta batzuen bidez. Halakoei entzuten jakin behar.
Pertsona handiak edo txikiak (haur, gazte, adineko, aberats edo pobre, familiarteko edo bestelako, apaiz edo laiko, fededun edo fedegabe), guztiak izan daitezke profeta: horien arteko edozeinen hitzak, keinuak, jokabidea eta premiak izan daitezke gure profeta, Jainkoaren hitz; horietako edozeinen bidez hitz egin diezaguke gaur egun Jainkoak.
Baina, jakina, profeta bati antzemateko eta entzuteko, ahalegintxo bat egin beharra dugu: geure bizitza Jainkoari eta lagun hurkoari begira jarri beharra. Horrela bakarrik antzematen al diogu profetari, Jainkoaren Hitzari.
Jesus profetaren edo beste edozein profetaren aurrean, bi jarrera hauetako bat har daiteke: harrera ona edo ukoa. Simeon santuak argi esan zien hori Jesusen gurasoei, Jesus haurra tenpluan aurkeztu zutenean: haur hau Israel herrian jende asko erortzeko eta altxatzeko jarria da.
Presta gaitezen, hori guztia bihotz barnean hausnartzeko. Ez dakigula gerta nazaretarrei gertatu zitzaiena: Jesus profeta herrira etorri, eta ez ziren gauza izan harengan Jainkoaren onginahia ikusteko.
LEHENENGO IRAKURGAIA Jeremias profetaren liburutik (1,4-5.17-19)
Gaurko irakurgai honetan, lehenik eta behin, Jeremias profetaren bokazioa entzungo dugu. Hau esan nahi du bokazio horrek: Jainkoak erabat beretzat hartu duela Jeremias; hori esan nahi du Bibliaren hizkeran «ezagutu nau» esatean; gauza bera adierazten dugu «norbait sagaratu du» esatean; gauza bera adierazten dugu «izena ezarri dio» esatean; betiere Bibliaren hiztegiaz ari garela. Hau esan nahi du bokazioak: delako pertsona hori Jainkoak beretzat hartu duela. Nolabait, izaera berezi bat eman diola. Eta bokazioa edo deia, guztioi egin digu. Bakoitzari berea.
Bigarren zatian, esaten da, zer ekarriko dion Jeremiasi bokazio horrek: herritarrek pertsegitu egingo dutela; ez dutela onartuko profetaren ahoz Jainkoak agertu nahi dien nahia eta gogoa. Halere, profetari hitzeman dio Jainkoak, esanez, ez duela utziko bera bakarrik, baizik eta berarekin izango dela bera ere.
Jeremiasek bezala, gutako bakoitzak ere entzun du bere bokazioa. Gutako bakoitzari ere Jainkoak izaera berezi bat eman dio. Izan dezagun konfiantza, Jainkoa geurekin izango dugula, nork bere egitekoa edo bokazioa bete ahal izateko.
BIGARREN IRAKURGAIA Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik (12,31—13,13)
Joan den igandean, gizon-emakumeen artean Jainkoak banatu ohi dituen karisma edo dohain desberdinez hitz egin zigun Paulok.
Gaur, karisma edo dohain horien gainetik dagoen maitasunaz mintzo zaigu. Ez du esaten maitasuna dohain bat dela, baizik «bide berezi-berezia» dela. Zerrenda luze bat aipatuz, esaten digu, mila gauza miresgarri egin genezakeela bizitzan, baina maitasunik ez badugu, egindako guztia ez dela ezer. Maitasuna da pertsona baten jokabide guztia ezaugarritzen duena. Ez da, ordea, edozein maitasun. Kristok agertu digun maitasunaz mintzo da Paulo. Bere burua besteen onerako eskaintzeko ere gai den maitasunaz. Zuzentasuna, errespetua, errukia, barkazioa berekin dituen maitasunaz mintzo da Paulo. Maitasunaz 15 ezaugarri aipatzen ditu Paulok. Ea ezaugarri horietakoren bat gogoan hartzen dugun.
EBANJELIOA San Lukasen liburutik (4,21-30)
Lau zati bereiz genitzake ebanjelio honetan: batetik, Jesusen hitz egiteko moduaz harriturik ageri dira Nazareteko Sinagogako entzuleak, baina ez dira gauza izan Jesusengan Jainkoaren arnasa sumatzeko; bigarren, Jesusen erantzuna dator: Jesusek bere burua Elias eta Eliseo profetekin konparatu du; Israel herriak, Itun Zaharrean, ezin onartu izan zituen bi profeta haiekin; hargatik, atzerrira jo zuten biek; Jesusek entzuleei esan nahi die, bera ere ez dutela onartu nahi, eta kanpora jo beharrean dela; hirugarren, entzuleen hasierako harridura hura, Jesusen erantzuna entzutean, haserre bizi bihurtu da, eta hil ere hil nahi dute; laugarren, Jesusek jendearen artetik lasai joan eta alde egin du.
Jesusen kasuan bezala, askotan gertatu da hori historian. Gaur ere bai. Arrazoiaz eta datuez baliatuz, jokabide batzuk kritikatzen dituen jendea isilarazi egiten da gure gizartean, indarrez.
Isilarazia izan den profetak, Jeremiasi Jaunak esan dion hau hartu beharko luke kontuan; hau alegia: Zurekin izango nauzu. Eta, ahal duen moduan, Salmoak dioen hau esan eta bizi: «Zure salbamena aldarrikatuko du nire ahoak, Jauna».
Egin dezagun kontu, nola edo hala, gutako bakoitza ere profeta dela munduan. Hitza ito egin nahi izaten da, baina Hitzak aurrera jarraitzen du. Jainkoa hil nahi izaten da, baina Jainkoak bizirik jarraitzen du.
HERRIAREN OTOITZA
1.-Eliz hierarkiaren alde: datorren lekutik datorrela, jakin dezala kritika onartzen eta aintzat hartzen. Eska diezaiogun Jaunari.
2.- Gerla eta pertsekuzioa jasaten ari diren herrien alde: beren burua zutik edukitzen saia daitezen eta beste herrien laguntza eskura dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
3.- Pobreen eta miserian bizi direnen alde: aberatsen eta boteretsuen engainuzko hitz politen mende eror ez daitezen, baizik eta errealitatea ezagutzen eta aldatzen saia daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Han eta hemen, alde desberdinetan, gertatzen ari diren jokabide eskandalagarriak entzuteak, eraman gaitzala, gero eta bizikiago, zuzenaren alde jokatzera. Eska diezaiogun Jaunari.