URTEKO LAUGARREN IGANDEA C
Lehen irakurgaia
( Herrialdeentzat profeta ezarri zaitut )
Jeremi profetaren liburutik 1, 4-5. 17-19
4 Jauna hunela mintzatu zitzaitan:
5 “ Zure amaren sabelean sortu aitzinetik,
ezagutzen zintudan;
haren sabeletik jalgi baino lehen,
kontsekratu zintudan eta herrialdeentzat profeta ezarri.
17 Xuti, nik manatu guziak erranen ditutzu heien kontra .
Ez heien beldur izan.
Bestela, nik sartuko dautzut heien beldurra.
18 Nik, egiten zaitut gaur gotorleku,
burdinezko zutabe, brontzezko hesi,
herrialde guziaren kontra,
Judako erregeen eta buruzagien kontra,
hango apezen eta herri guziaren kontra.
19 Gerla eginen dautzute, bainan ez zaituzte garaituko,
zurekin izanen bainauzu, zure libratzeko.
Jaunak errana.”
“Ezagutzen zintudan” Biblian “ezagutzen” hitz horrek errannahi berezia du, elkar
maite dutenen ezagutza barne-barnekoa du adiarazten.” Kontsekratu zintudan” kontsekratu,
edo bazterrean eman geroago profeta bezala baliatzeko. Profeta bertzen zerbitzuko den
norbeit da.
“ Ez heien beldur izan!” horrek erakusten du Jainkoak Jeremi-ri eman kargua zein
pizua zen. Profeta hau bizi izan da judu populuak iragan urte beltzenetan, 580 – 525 Kristo
aitzin. Jerusalemeko erregea, denbora haietan, beti errege arrotz baten edo bertzearen meneko
bizi zen, beregaintasun osorik gabe.
Jeremi hor da aldarrikatzeko, aliantzarik baliosena Jainkoarekilakoa dela. Eta hori
nehork ez du aipu. Ondorioz profetaren eginbidea denen aurka mintzatzea da :“Herrialde
guziaren kontra, apez eta herrialde guziaren kontra“. Bere mehatxuen gatik jendeak jazarriko
zaizkio. Bazakien zer gertatuko zen :“ gerla eginen dauzute,“
Jeremiren bizi guzia Jainkoak derama.“ Jauna hunela mintzatu zitzaitan… nik eginen
zaitut gaur gotorleku, burdinazko zutabe, brontzezko hesi…“ Horrek erakusten du ere zer
funtsarekin, zer indarrarekin profeta hunek behar izan duen jokatu.
Testamendu Berria idatzi dutenek, hain segur, behin baino gehiagotan Jesus eta Jeremi
elkarri konparatu dituzkete : Ikusiz Jesus nigarrez Jerusalemen aitzinean, entzutean Jesusen
ahotik atera mehatxu zenbait, jendea Jesusen kontra jarri zenean…Munduan Jainkoaren
lekuko agertzea ez da irriskurik gabe ! Bere egilea kurutze batean itzatu duen munduan…
Salmoa 70
Leloa: Nere ahoak erranen du
Zutan dugula salbamendu
Zu zaitut, Jauna, goza nahi,
Zu gaztedanik bihotz argi.
Sortzetik zaizkit zain egoki,
Beti zurea naiz osoki.
Ainitzeri naiz harrigarri,
Zu zaizkit-eta zain etorri.
Ezpainak ditut kantuz ari
Goiz-arrats zure ospeari.
Nik zuri kantu, Jaun zuzena,
Goiz-arrats kantu; zer laguna!
Gaztetik nauzu zuk argitzen,
Ni zutaz kantuz ar nadien.
Geroko jendek duten entzun
Zuk zenbat duzun zuzentasun.
Zuk zenbat gauza egin duzun,
Parerik, Jauna, zuk ote nun?
Nahiz salmo hau ez den Jeremirentzat egina, ez da dudarik berari ongi doakiola
:“Ainitzeri naiz harrigarri, zu zaizkit eta zain etorri. Ezpainak ditut kantuz ari goiz-arrats
zure ospeari.“„naiz“ horrek ez du erran nahi presuna bat dela hemen mintzo. Izraelgo
populuaz ari da salmo hau moldatu duena.
« Nik zuri kantu, jaun zuzena, goiz-arrats kantu… » Hau irakurtzean bertze
goresmenezko kantu bat heldu da gogorat Andre dena Mariaren « Kantuz ari zait nere arima
Jainkoari, haren goresle kantuz ari… »
Bigarren irakurgaia
( Karitatearen laudorioak )
Jondoni Paulok Korintiarreri 12, 31 – 13, 13
Haurrideak,
31 gutizia zatzue Jainkoaren dohainik hoberenak.
Eta orai biderik hoberena erakutsiko dautzuet.
13,1 Lurreko eta zeruko hizkuntza guzietan mintzaturik ere,
karitaterik ez badut, maitasunik ez badut,
brontze soinulari, edo zinbal burrunbari baizik ez naiz.
2 Profeta dohaina, misterio guzien
eta munduko jakintza guziaren ezagutza,
bai eta mendiak lekuz aldatzerainoko sinestea ukanik ere,
maitasunik ez badut, deusik ez naiz.
3 Dutan guzia gose direnen artean partekatu,
eta nere gorputza erretzera emanik ere,
maitasunik ez badut, hori deusetako ez dut.
4 Maitasuna jasankorra da eta laguntza emailea;
Maitasuna ez da bekaiztia, ez da ahoberoa, ez urguluntzia.
5 Ez du behar ez denik egiten, ez du berea bilatzen,
ez da haserretzen, ez du herrarik atxikitzen.
6 Zuzengabekeriak ez du bozkariatzen,
bainan egian du kausitzen bere poza.
7 Dena barkatzen du, dena sinesten, dena igurikatzen, dena jasaiten.
8 Maitasuna ez da sekulan itzaltzen.
Profeta dohaina desagertuko da,
hizkuntza arrotzez mintzatzea geldituko,
jakitatea itzaliko.
9 Erdizkakoa baita gure ezagutza, erdizkakoa gure profezia.
10 Bainan betearen betea etorriko denean,
erdizkakoa itzaliko da.
11 Haurra nintzenean, haur eleak nituen,
haur asmoak, haur arrazoinak.
Gizondu naizenean, haurkeriak utzi ditut.
12 Orai dena hits ikusten dugu, mirailan bezala;
egun hartan, aurpegiz aurpegi.
Orai erdizka ezagutzen dut;
orduan, oso osoan ezagutuko dut,
Jainkoak ni ezagutzen nauen bezala.
13 Hiru gauza ditugu oraidanik, iraunkor direnak:
fedea, esperantza eta karitatea;
bainan hiruetan handiena karitatea da.
Izpiritu Sainduak bere dohainak gizonetan hedatzen ditu. Horiek zein diren, iragan
igandetako irakurgaietan ikusi dugu. Bainan dohain horietan bat bada, bertze guzieri beren
balioa emaiten diotena, hori da karitatea, hori da maitasuna.
Amodio hitza hemen irakurtzen dugun aldi guziez, hitz hori „Jainkoa“ hitzaz
ordaintzen ahal litaike : Jainkoa jasankorra da…Jainkoa ez da bekaiztia…ez da
asarretzen…dena barkatzen du…eta abar! Beharrik ez gira bakarrik :“ Jainkoak bere
maitasuna bihotzerat ixuri baitauku, berak eman Izpiritu Sainduaren bidez“( Er 5,5)
Jainkoaren laguntzari esker dugu bakarrik maitatzen ahal…herrarik bihotzean atxiki
gabe…elkar jasaiten ahal…Eta horrela, gure giristino elkarteak Haren maitasunaren lekuko
agertuko dira!
Paulok aitzina segitzen du :“Bainan betearen betea etorriko denean, erdizkakoa
itzaliko da. Haurra nintzanean haur eleak nituen, haur asmoak, haur arrazoinak. Gizondu
naizenean, haurkeriak utzi ditut.“ Hortarik atera ditaizke bertze dohain guziak : jakintza,
fedea bera, beharrean direnen laguntzea, hizkuntza guzietan mintzatzea, profeta dohaina…
horiek oro haurkeria batzu karitatea edo maitasunaren aldean! Gorago erran bezala,
Jainkoaren laguntza behar dugu maitatzeko. Izpiritua ixilik dagola iduri bazauku ere, behar
bada gure galdearen beha dago, gure laguntzeko!
Ebanjelioa
Alleluia, alleluia
Ezagut dezatela lurrean zure bidea,
Herri guzietan zure salbamendua.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 4, 21-30
Nazareteko zinagogan, Izai profeta irakurtu eta,
21 Jesusek erran zuen:
“ Gaur bete da , orai entzun duzuen Liburu Sainduko hitz hori.”
22 Denek aitormen egiten zioten, eta harriturik zauden
haren ahotik ateratzen zen graziazko mezuagatik.
Bainan zioten:
“ Hau ez ote da Josepen semea ?”
23 Orduan, Jesusek erran zioten:
“ Hain segur, erran zahar hau aterako dautazue:
‘ Medikua, senda zeure burua ’
Egizkitzu hemen, zure herrian
Kafarnaumen gertatu omen diren guziak!”
24 Erran zuen ere:
“ Egiaz diozuet: ez da profetarik bere herrian onartua denik.
25 Bai, egiaz diozuet: bazen alarguntsa ainitz Izraelen Eliren garaian,
hiru urte et sei hilabetez euria egin gabe egonik,
lurralde osoan gosete handia izan zenean.
26 Halere, Eli ez zen heietarik nehorenganat igorria izan,
Zidon herrialdean, Zareptako alarguntsa arrotz batenganat baizik.
27 Eta lepradun ainitz bazen Izraelen Elizeo profetaren garaian,
eta halere, ez zen heietarik nehor garbitua izan,
Naaman Ziriarra baizik.”
28 Hitz horiek aditzean,
zinagogan denak hasarre gorrian jarri ziren.
29 Xutitu ziren, Jesus herritik kanpo haizatu zuten,
eta herria eraikia zen mendiko aldaparat ereman,
handik beheiti amiltzeko.
30 Bainan Jesus, heien artetik iragan
eta bere bidetik joan zen.
„“Ez da profetarik bere herrian onartua denik.“ Zer dik horrek guk baino gehiago?
Usu entzuten den pentsaketa hurbileko norbait maila goragoko baterat heldu delarik.
Jeloskeriaz dira holako solasak ateratzen! Ez dea hau gure idurikoa den Josepen semea?
„ Gaur bete da, orai entzun duzuen Liburu Sainduko hitz hori. “ Horrek erran nahi du:
Ni naiz igurikatzen duzuen Mesias ! Eta hitz horiek ez dituzte entzuleak asaldatzen. Bainan
Jesusek erran solas guti askiko dira denak beren gontzetarik atera diten eta Jesus hil nahi ukan
dezaten.
Zer erran diote Jesusek? Kafarnaumen egin baditut mirakuluak hango jendea, zuek ez
bezala, neri buruz sinesle agertu delakotz ditut egin. Bigarrenik, paganoak, haiek fededunak
baino salbamenduari hurbilago direla diote Jesusek erraiten. Ikusiz juduen ihardukitzea, Jesus
egian dela ageri da.
Zer mirakulu egin zuten bada Elik eta Elizeok ? Elik alarguntsa pagano bat goseak
hiltzetik salbatu zuen eta bere seme bakarra sendatu zion. Elizeok Naaman, jeneral ziriatarra,
bere legenetik sendatu zuen.
Bi pagano, Izraeldarren Jainkoaren gainean dretxorik ez zutenak! Zenbait lerrotan
badugu hemen Jesusen biziaren laburpen bat. “Beretarat etorri da bainan bereek ez diote
ongi etorri egin.“ (Joani 1,11) Lukek, ebanjelio huntan gauza bera dio. Juduek Jesus
errefusatzen dute, paganoek aldiz haren mezua onartzen . Egungo egunean oraino judu
populua sendimendu beretan dago! Nahiz badiren ,gaur ere, zenbait judu ,personalki,
giristino bilakatzen direnak.