PROFETA ESPIRITURIK GABEKO JENDEA (Lukas 4,21-30)
Urteko 4. igandea C 2019-02-03
Badakigu Jesusen kontrako aurkaritza, historikoki, pixkana joan zela gauzatzen: eskribauen errezeloa, lege-maisuen haserrea eta tenpluko buru-zagien ukoa handituz joan ziren, Jesus kondenatu eta gurutzera eramateraino.
Badu horren berri Lukasek ere. Baina, nahita, bere kontakizuna behartuz bada ere, esaten du jendaurrean izan duen lehen jardueran berean jarri zaiola jendea Jesusi aurrez aurre. Hasieratik izan behar dute kontuan irakurleek ukoa izan dela Jesusek, Profeta bezala agertu denean, bereen aldetik jasan duen erreakzioa.
Nazareten gertatua ez da gertaera bakana. Ez da iraganean gertatu eta bukatu den zerbait ere. Jesusi hasieran berean, pobreen Profeta bezala, zapalduen askatzaile eta bekatuen barkatzaile bezala agertu denean, egin dioten ukoa errepikatuz joan daiteke mendetan barna.
Jesusen jarraitzaileoi zail gertatzen zaigu haren alderdi profetikoa onartzea. Kasik erabat ahaztu dugu bere garrantzia duen gauza bat. Jainkoa ez da haragitu apaiz batengan, Tenpluko erlijioa zaintzeko sagaratua den horrengan. Ezta lege-maisu batengan ere, legeak ezarria duen ordenua gordetzeari emana den horrengan. Baizik eta profeta batengan haragitu eta agertu da, pobreei Berri Ona eta zapalduei askapena hots egitera Espirituak bidali duen horrengan.
Ahaztu egiten gara kristau-erlijioa ez dela beste erlijio bat gehiago; ez dela, alegia, Jainkoarekiko beren harremanak bizitzeko Jesusen jarraitzaileei sinesgai, erritu eta agindu egokiak emango lizkiekeen erlijio bat. Ez, baizik eta erlijio profetikoa da, Jesus profetak eragindakoa, mundu gizatarrago bat eratzeko, hau da, bere behin betiko salbazioa Jainkoagan gauzatzeko norabidea duen mundu bat sustatzeko.
Kristauek arriskua dugu alderdi profetikoa, Jesusen jarraitzaileok arnastu beharko gintuzkeen hori, behin eta berriz alde batera uzteko. Kristau-historian barna gertatu diren agerpen profetikoak eta guzti, egia izaten jarraitzen du Urs von Balthasar teologo sonatuak esandako honek: Bigarren mendearen azken aldera «oraino erabat desagertu ez den intzigarra jaitsi zen Elizaren espiritu (profetikoaren) gainera».
Gaur, sekularizazio modernoaren aurrean, «erlijiosotasuna» berriro ezarri nahirik, kristauek arriskua dugu etorkizunerako bidea espiritu profetikorik gabe egin nahi izateko. Horrela gertatzen bada, Nazareteko jendearena gerta dakiguke: Jesus, gure mehatxuak gorabehera, gure artetik lasai pasa eta urrunduko da bere bideari jarraitzeko. Ezerk ez dio galaraziko bere eginkizun askatzaileari jarraitzea. Beste batzuek, kanpotik etorriek, antzemango diote haren indar profetikoari eta onartuko haren egintza salbatzailea.
Jose Antonio Pagola