URTEKO 4. IGANDEA B 2015-02-01

SARRERA

Senideok, urteko laugarren igandea ospatzen dugu gaur.
Lehenengo irakurgaian, Jainkoak esaten digu: gurekin hizketan jarraituko duela; baina ez berak zuzenean, baizik profeta baten bidez, Moisesen bidez hitz egin zuen bezala. Esaera honetan, kristau-tradizioak hau ulertu du: beste inoren bidez baino gehiago, Jesus bidez hitz egin eta hitz egiten digula Jainkoak. Jainkoaren Hitza da Jesus.
Bigarren irakurgaian, bizitzan nola jokatu esaten digu Paulok: geure bizitzako arazoez kontuz arduratu behar dugula: Jainkoaz eta Jainkoak gizadiaz duen asmoaz ahaztu gabe.
Ebanjelioak, berriz, Jesus aginpidez mintzo zela esaten digu, eta ez garaiko lege-maisuak bezala. Zer esan nahi du, ordea, aginpidez hitz egiteak? Konbentzimenduz mintzo zela. Eta ez papagaiak bezala, beti gauza bera errepikatuz, beti beste norbaiten hitzak esanez, beti norberaren barrutik ezer atera gabe.
Azken aldi honetan, mutur-muturreko musulmanek Parisen hil dituzten karikatura-egileak direla-eta, asko hitz eginda adierazpen-askatasunaz. Edozer gauza esan? Edozer karikatura egin? Hilketa bera gaitzesteaz gain, koloka jarri da kazetaritza egiteko gaur egungo modua.
Jakina, gauza bat da kazetaritza gauzatzen duena. Beste bat kazetaritza-lan hori onartzea, jasatea, kontra egitea.
Jesusek agertu digun jokabidea hor dago. Konbentzimenduz hitz egin. Konbentzimenduz irakurri edo entzun. Ez da aski egunkari baten edo telebista-kate baten aurrean jarri, eta dena, zozo-zozo, irenstea, tragatzea.
Irakurtzea eta ikustea eta entzutea ere erantzukizunez egin behar da, pertsona bezala jokatu nahi badugu. Konbentzimendua.

Gaur, bestalde, biharko partez, kandelak bedeinkatuko ditugu. Kandela piztuak Kristo berpiztua adierazten du. Kristo gure argia dela aitortzea esan nahi du.
Eta, San Blasetako ohiturari jarraituz, fruituak ere bedeinkatuko ditugu. Janariaren eta gauza guztien kreatzailea eta emailea, azken batean, sakon-sakonean, Jainkoa dela aitortzea esan nahi du bedeinkatze horrek.
Bedeinkazio biak, beraz, fede bizi baten egintza dira.

LEHENENGO IRAKURGAIA Deuteronomio liburutik (18,15-20)

Gaurko pasarte hau, Deuteronomio liburuko bigarren zatikoa da. Zati hau Israel herriko funtzionarioez ari da: epaile, errege, apaiz, profeta.
Gaurko pasartean, profetez ari da. Jainkoak ez dio herriari zuzenean hitz egingo, baizik profeten bidez. Hain zuzen, profeta handi bat eman dio Jainkoak Israeli: Moises.
Baina Moises hilko da. Hori dela eta, Moisesen ahoz, beste profeta handi bat agindu dio Jainkoak. Haren bidez hitz egingo du Jainkoak.
Profeta hori ez dator edozer gauza esatera, ez. Zein bide jarraitu adieraztera dator. Legearen Espiritua bizirik gordetzea izango du profetak bere kezka. Legea ez dela gauza formal huts bat esatera. Baizik eta ikus daitezela legean elkartearen eta pertsona bakoitzaren bizi-premiak. Besteak beste, Irteera liburuko Jainko askatzailea, herriari elkartasuna eskaini dion Jainkoa, Sinai mendian promesak egin dizkion Jainkoa, hamar aginduak eman dizkion Jainkoa ekarriko dio gogora herriari profetak.
Jesusek bete-betera eramango duen joerari hasiera eman dio Deuteronomio liburuak. Azken batean, gaurko ebanjelioan ikusiko dugun jarrera eskatzen digu Jainkoak: nork bere barrura begira ikusten eta entzuten jakitea, Jainkoak nolako mundua, nola gizadia, harremanak nahi dituen jakin eta betetzen saiatzeko.

BIGARREN IRAKURGAIA 1 Korintoarrei (7,32-35)

Korintoarrei egindako gutuneko pasarte bat dugu gau irakurgai. Gaurko testu hau bakarrik harturik, Paulo eta Pauloren esanak oker ulertzeko modukoa izango litzateke. Baina aipatzen dituen kasu konkretu batzuk gorabehera, hau esan nahi Paulok: ezkondua ala ezkongabea, pertsonak beti Jainkoa eta haren egitasmoa nola bete izan behar duela beti gogoan.
Joan den igandean, Paulok ezkontzaz eta ezkontzako arazoez hitz egin zigun. Gaur, berriz, ezkongabeez hitz egiten digu.
Kontua ez da, esaten digu Paulok, egoismoz ezkongabe gelditzea. Baizik, Jainkoaren eta lagun hurkoaren gauzez, era libreagoan jarduteko modua bilatzea.
Oso argi dago pasarte honen esanahia. Ez ezkontza-bizitza, ez ezkongabearen bizitza dira erabateko perfekzio. Betiko bizirako geure bokazioa mundu honetan berean bizitzea da kontua: Jainkoaren eta lagun hurkoaren gauzez arduratuz.
Ezkontza-bizitza ez da ezkongabearena baino hobea. Ezta ezkongabearena ere ezkonduarena baino hobea. Bakoitza bere bizi-egoeran nola bizi den da kontua. Besteekiko maitasun handiagoz ala txikiagoz bizi den.

EBANJELIOA Markosen liburutik (1,21-28)

Gaurko pasarte hau arin irakurriz gero, bi gauza nabarmenduko lituzke irakurleak: batetik, mirari handi bat egin duela Jesusek: pertsona gaixo bat sendatu; bestetik, Jesusek ezin duela jasan pertsona bat zoritxarrak joa ikustea, eta askatu egin nahi duela.
Jakina, ondorio horiek biak dira egia. Baina gaurko pasartean beste gauza bat adierazi nahi du Markosek. Hona.
Ebanjelioaren pasarte honetan, Biblian oso ohikoa den estilo-baliabide batez mintzo da ebanjelaria. Honetan datza estilo hori: pasarte baten hasieran eta bukaeran ideia bera errepikatzean. Gaurkoan hau da errepikatzen den ideia: Jesusek aginpidez hitz egiten zuela; hasieran dio, jendea harriturik zegoela Jesusen irakasteko moduaz; bukaeran, berriz, dio, «aginpidez irakaste hau gauza berria da». Zertako errepikatu ideia bera? Batetik, ideiari indar handiagoa emateko; bestetik, entzuleak edo irakurleak pasartea hobeto ulertu dezan. Mamitzat zer, bigarren mailakotzat zer hartu adierazteko.
Kafarnaumgo Sinagogan, jendea berehala konturatu zen Jesusen hitz egiteko modua ez zela lege-maisuena bezalakoa. Lege-maisuek batak bestearena errepikatu besterik ez zuten egiten. Jesusek, berriz, bere kabuz hitz egiten du, Espirituak bihotzera esan diona ondo hausnartuz. Bestetik, esaten duena, egintzen bidez egiaztatzen du Jesusek. Zapalkuntzaz hitz egiten badu, zapalkuntza desegiten saiatzen da.
Horra zer egin beharko genukeen kristauok. Beti besteen iritziak zozo-zozo hartu ordez, geure barnera begira jarri, ea zer esaten digun Espirituak. Eta segidan, besteek zer aginduko zain egon ordez, barruak esaten digun hura egiten saiatu. Jakina, honek guztiak bereizmena eskatzen digu. Loiolako Ignaziok bere Gogo Jardunetan hainbat eta hainbat azpimarratzen duen bereizmena. Azken batean, jatortasuna, geure burua ez engainatzea. Geure iritzia Jesusen ikuspegiarekin eta jokaerarekin konparatzea.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Igandero, mundu osoan elkartzen garen kristau-elkarteentzat: gizartean esperantza ereiten jakin dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Beren seme-alabak eskolara bidaltzen dituzten gurasoen alde: eskolan ematen zaien hezieraz arduratu daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Elizan Jesusen ebanjelioaz hitz egiten duten guztien alde: hitz egin aurretik, esatera doazena beren pentsaera propio eta gogo bihur dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Gaur hemen bildu garenon alde: ospakizun honek bizitza poz handiagoz bizitzera eraman gaitzan. Eska diezaiogun Jaunari.