URTEKO 4. IGANDEA B 2018-01-28

SARRERA

Anai-arrebok, urteko laugarren igandea ospatzen dugu gaur.
Lehenengo irakurgaian, Jainkoak esaten digu: gurekin hizketan jarraituko duela; baina ez berak zuzenean, baizik eta profeta baten bidez, Moisesen bidez hitz egin zuen bezala. Esaera honetan, kristau-tradizioak ulertu du Jesus izango dela profeta hori: Jesusen bidez hitz egin du eta hitz egiten digu Jainkoak. Jainkoaren Hitza da Jesus. Jainkoak zer pentsatzen duen, zer nahi duen, zer asmo dituen agertzen digu Hitza da Jesus.
Bigarren irakurgaian, bizitzan nola jokatu esaten digu Paulok: geure bizitzako arazoez kontuz arduratu behar dugula: Jainkoaz eta Jainkoak gizadiaz duen asmoaz ahaztu gabe.
Ebanjelioak, berriz, Jesus aginpidez mintzo zela esaten digu, eta ez garaiko lege-maisuak bezala. Zer esan nahi du, ordea, aginpidez hitz egiteak? Konbentzimenduz mintzo zela. Eta ez papagaiak bezala, beti gauza bera errepikatuz, beti beste norbaiten hitzak esanez, beti norberaren barrutik ezer atera gabe.
Jesusek agertu digun jokabidea hor dago. Konbentzimenduz hitz egin. Konbentzimenduz irakurri edo entzun. Ez da aski egunkari baten edo telebista-kate baten aurrean jarri, eta dena, zozo-zozo, irenstea, tragatzea.
Irakurtzea eta ikustea eta entzutea ere erantzukizunez egin behar da, pertsona bezala jokatu nahi badugu. Konbentzimendua.
Gaur bestalde, haur misiolarien eguna ospatzen dugu: haurrak haurren misiolari. Bai asmo bikaina. Bai eginkizun handia. Urrunera joan gabe ere egin dezaketen lan handia. Bizkaian adin handiko bi pertsona hil dituzten 14 urteko mutikoek, bizitzan lagun on batzuk izan bazituzten, gertatuko al zen horrelakorik? Zergatik ez hitz egin etxean haurrei eta gaztetxoei besteei on egiteaz?

LEHENENGO IRAKURGAIA Deuteronomio liburutik (18,15-20)

Gaurko pasarte hau, Deuteronomio liburuko bigarren zatikoa da. Bigarren zati hau, Israel herriko funtzionarioez ari da: epaile, errege, apaiz, profeta.
Gaurko pasarte hau, berriz, profetez ari da. Jainkoak ez dio herriari zuzenean hitz egingo, baizik profeten bidez. Hain zuzen, profeta handi bat eman dio Jainkoak Israeli: Moises.
Baina Moises hilko da. Hori dela eta, Moisesen ahoz, beste profeta handi bat agindu dio Jainkoak herriari. Profeta berri horren bidez hitz egingo du Jainkoak.
Profeta hori ez dator edozer gauza esatera, ez. Zein bide jarraitu adieraztera dator. Legearen Espiritua bizirik gordetzea izango du profetak bere kezka. Legea ez dela gauza formal huts bat esatera.
Jesusek bete-betera eramango duen joerari hasiera eman dio Deuteronomio liburuak. Azken batean, gaurko ebanjelioan Jesusengan ikusiko dugun jarrera eskatzen digu Jainkoak: nork bere barrura begira ikusten eta entzuten jakitea, Jainkoak nolako mundua, nola gizadia, nolako harremanak nahi dituen jakin eta betetzen saiatzeko.

BIGARREN IRAKURGAIA 1 Korintoarrei (7,32-35)

Korintoarrei egindako lehen gutuneko pasarte bat dugu gaur bigarren irakurgai. Gaurko testu hau, bera bakarrik harturik, Paulo eta Pauloren esanak oker ulertzeko modukoa izango litzateke. Baina aipatzen dituen kasu konkretu batzuk gorabehera, hau esan nahi du Paulok: ezkondua ala ezkongabea, pertsonak Jainkoa eta haren egitasmoa nola bete izan behar du gogoan beti.
Joan den igandean, Paulok ezkontzaz eta ezkontzako arazoez hitz egin zigun. Gaur, berriz, ezkongabeez hitz egingo digu.
Kontua ez da, esango digu Paulok, egoismoz ezkongabe gelditzea. Baizik, Jainkoaren eta lagun hurkoaren gauzez, era libreagoan jarduteko modua bilatzea.
Ezkontza-bizitza ez da ezkongabearena baino hobea. Ezta ezkongabearena ere ezkonduarena baino hobea. Bakoitza bere bizi-egoeran nola bizi den da kontua. Besteekiko maitasun handiagoz ala txikiagoz bizi den.

EBANJELIOA Markosen liburutik (1,21-28)

Gaurko pasarte hau arin irakurriz gero, bi gauza nabarmenduko lituzke irakurleak: batetik, mirari handi bat egin duela Jesusek: pertsona gaixo bat sendatu; bestetik, Jesusek ezin duela jasan pertsona bat zoritxarrak joa ikustea, eta askatu egin nahi duela.
Jakina, ondorio horiek biak dira egia. Baina gaurko pasartean beste gauza bat adierazi nahi du Markosek. Hona.
Ebanjelioaren pasarte honetan, Biblian oso ohikoa den estilo-baliabide batez mintzo da ebanjelaria. Honetan datza estilo hori: pasarte baten hasieran eta bukaeran ideia bera errepikatzean. Gaurkoan hau da errepikatzen den ideia: Jesusek aginpidez hitz egiten zuela; hasieran dio, jendea harriturik zegoela Jesusen irakasteko moduaz; bukaeran, berriz, dio, «aginpidez irakaste hau gauza berria da». Zertako errepikatu ideia bera? Batetik, ideiari indar handiagoa emateko; bestetik, entzuleak edo irakurleak pasartea hobeto ulertzeko. Mamitzat zer eta bigarren mailakotzat zer hartu adierazteko.
Kafarnaumgo Sinagogan, jendea berehala konturatu zen Jesusen hitz egiteko modua ez zela lege-maisuena bezalakoa. Lege-maisuek batak bestearena errepikatu besterik ez zuten egiten. Jesusek, berriz, bere kabuz hitz egiten du, Espirituak bihotzera esan diona ondo hausnartuz. Bestetik, esaten duena, egintzen bidez egiaztatzen du Jesusek. Zapalkuntzaz hitz egiten badu, zapalkuntza desegiten saiatzen da.
Horra Loiolako Ignaziok bere Gogo Jardunetan hainbat eta hainbat azpimarratzen duen bereizmena edo gauzak bereizten jakitea. Azken batean, jatortasuna, geure burua ez engainatzea. Geure iritzia Jesusen ikuspegiarekin eta jokaerarekin konparatzea.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Igandero, mundu osoan elkartzen garen kristau-elkarteentzat: gizartean esperantza ereiten jakin dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Beren seme-alabak eskolara bidaltzen dituzten gurasoen alde: eskolan ematen zaien hezieraz arduratu daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Elizan Jesusen ebanjelioaz hitz egiten duten guztien alde: hitz egin aurretik, esatera doazena beren pentsaera propio eta gogo bihur dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
4.- Munduko haur guztien alde: txiki-txikitatik has daitezen, batak besteari nola lagundu, ikusi, ikasi eta bizitzen. Eska diezaiogun Jaunari.