IRAKASTEKO JARRERA BERRIA
Urteko 4. igandea B Markos 1,21-28 (2015-02-01)

Harrigarria da pasadizoa, eta hunkigarria. «Sinagogan» gertatu da guztia, ofizialki Legea irakatsi ohi duten lekuan, eta irakasle baimenduek irakatsi ohi duten moduan. «Larunbatean» gertatu da, beren buruzagien iruzkinak entzuteko judu betetzaileak bildu ohi diren egunean. Ingurumari horretan ekin dio Jesusek, lehenengo aldiz, «irakasteari».

Ez da ezer esaten haren hitzen edukiaz. Hemen ez da hori axola duena, baizik Jesusen esku-hartzeak sortu duen zirrara. Harridura eragin du, eta mirespena. Jendeak harengan zerbait berezia sumatu du, ordu arteko beren maisu erlijiosoengan ez bezalako zerbait: Jesusek «ez du irakasten lege-maisuek bezala, baizik aginpidez».

Doktoreek erakundearen izenean irakasten dute. Tradizioei atxikitzen zaizkie. Behin eta berriz aipatzen dituzte iraganeko maisu ospetsuak. Legea ofizialki interpretatzeko duten eginkizunetik datorkie beren aginpidea. Bestelakoa da Jesusen aginpidea. Ez dator erakundetik. Ez da tradizioan oinarritzen. Beste bat da honen iturria. Jainkoaren Espiritu bizi-emaileaz betea da.

Berehala egiaztatu ahal izango dute. Ustekabean, deabruak hartua den batek garrasika eten du Jesusen irakaspena. Ezin jasan du hau. Izutua dago: «Gu suntsitzea etorri al zara?» Gizon hari ondo zihoakion lege-maisuen irakaspena entzutea. Zergatik sentitu du orain bere burua mehatxatua?

Jesus ez dator inor suntsitzera. Hain juxtu, haren «aginpidea» jendeari bizia ematean datza. Haren irakaspenak gizatartu egiten du jendea, eta askatu esklabotzatik. Jainkoagan konfiantza izateko gonbit dira haren hitzak. Barnea oinazetua duen gizon harentzat albiste ona da berez Jesusen mezua. Jesusek gizona sendatu duenean, harriduraz dio jendeak: «aginpidez irakaste hau gauza berria da».

Inkestek diote, Elizaren hitza aginpidea eta sinesgarritasuna galtzen ari dela. Ez da aski agintari bezala hitz egitea, Jainkoaren Berri Ona hots egin ahal izateko. Ez da aski tradizioa zuzen transmititzea, bihotza fedearen pozera ireki ahal izateko. Premiazkoa ezinbestean «irakasteko jarrera berria» da.

Ez gara «lege-maisu», baizik Jesusen ikasle. Haren mezua behar dugu eman, eta ez geure tradizioak. Bizia sendatuz behar dugu irakatsi, eta ez jendeari kaskoa ideologiaz betez. Jesusen Espiritua behar dugu hots egin, eta ez geure teologiak.
José Antonio Pagola