URTEKO LAUGARREN IGANDEA A

Lehen irakurgaia

( Jainkoak nahi du herri bat apala,xumea eta pobrea )

Zofoni profetaren liburutik 2,3 ; 3,12-13

3 Bila zazue Jauna, zuek, lurraldeko apal guziek,
haren manamenduak betetzen dituzuenek.
Bila zuzentasuna, bila apaltasuna:
beharbada aurkituko duzue geriza Jaunaren hasarre-egunean.
3,12 Izrael, herri apal eta behartsua utziko dut zure erdian,
eta Jaunaren izena gerizaleku izanen dute.
13 Izraelen bizirik geldituek ez dute tzarkeriarik eginen,
ez eta gezurrik erranen;
heien ahoetan ez da mihi maltzurrik aurkituko.
Alhatuko dira eta atseden hartuko dute,
nehork ez baititu izituko.

Zofoni profeta J.K. aitzineko 7. mende azkenean bizi izan da. Juda erresuman Josias gaztea da
errege. Asiriarren peko da Juda. Sofoni egoera horren kontra altxatzen da. Arrotzen bizi-moldeen
hartzen ari da herria. Horrek hirrisku handiak dakartza. Arrotz bizi-moldeak arrotz sinesteak
ekartzen ditu berekin; Judak bere nortasuna galduko du : independentzia politikoaren alde da
profeta, idolatria sartuko den beldurrez. “Juda bere buruaren jabe” aise da erraitea, bainan ez ote da
hobe bizirik irautea nausi baten peko, ezinez-eta desagertzea ? Profetak errepostu : Jainko bakarrari
egiozue konfiantza. Egiptotik libratu zintuzten, orai ez zaituzte desagertzera utziko.
Herriko buruzagiak gaitzesten dituela, herri xumeari buruz itzultzen da Zofoni : “Bila zazue
Jauna, zuek, lurraldeko apal guziek…bila zuzentasuna, bila apaltasuna…” Jainkoak zigortuko ditu
gaizkileak, baina bihotz samurra erakutsiko diote apaleri, beti izanen baita, Izraelen, “undar” bat,
multxo ttipi bat, leial egonen zaiona Jainkoari : “Izrael, herri apal eta behartsua utziko dut zure
erdian, eta Jaunaren izena gerizaleku izanen dute …alhatuko dira eta atseden hartuko dute…”
Hots, egiazko Izrael “undar” hori da, jende umil eta pobrez osatua. Horrek du beteko Izraelen
misionea, horrek erakutsiko munduari Jainkoaren salbamen xedea.

Salmoa 145

Leloa: Dohatsu barnez behartsuak:
Heiena baita zeruetako Erresuma!

Jaunak betiko baitu zaintzen, Bertzek joentzat hura zuzen.
Gosetueri harek ogi, Gakotueri harek argi.
Itsutueri Jaunak begi, Lehertueri dio: Jeiki!
Jaunak laguntzen urrun joanak, Hazten umezurtz, alargunak.
Jaunak zuzenak ditu maite; Gizon makurrek traban dute.
Jainkoa Jainko betiere: Gure Jauna Jaun mendez mende.

Jainkoak maiteki zaintzen dituenen zerrenda hau hunkigarria da : besteek joak, goseak,
gakotuak, itsuak, lehertuak, urrun joanak, umezurtzak, alargunak… Hori Izraelen esperientzia da.
Bere historia kantatzen du hemen Izraelek : Egiptoko esklabotasunetik Babiloniako desterrurat,
goseteak, gerlak, izurriteak…bainan beti Jainkoak hinka gaixtotik atera du bere herria. Hemen, hain
zuzen, librantza bat aipu da : Babiloniatik atera eta herrian sartzea 587 irian. Esker onezko kantua
da beraz : “Gakotueri harek argi…Jaunak laguntzen urrun joanak, hazten umezurtz, alargunak.”
Izraelen otoitza beti geroari buruz itzulia da. Iragana aipu du geroari buruz itzulirik, bere
esperantzaren azkartzeko : “Jainkoa Jainko betiere : Gure Jauna Jaun mendez mende.” Jainkoak
bere herria zaindu balinbadu orai arte, nolaz ez geroan ? Leiala da : atzo egin duena, gaur eta bihar
eginen du Izraelekin finkatu duen elkargoaren arabera : hitzekoa da Jauna.
Jainkoaren aho, profetek behin eta berriz errepikatzen dute : 1) Sasi-jainkorik ez, Izraelen
Jainkoa bakarra baita. Zenbat aldiz ez da Izrael idoloetarat erori ! 2) Jainkoaren egiazko amodiorik
ez da justiziarik gabe. Behartsuak Jainkoa bera dira. Sofritzen dutenen nigarrak Jainkoaren
mateletan beheiti ixurtzen dira. Jainkoari aski hurbil balinbagira gure matelak bustitzen dituzte.

Bigarren irakurgaia

( Jainkoak zein dituen hautatzen )

Jondoni Paulok Korintiarreri 1,26-31

26 Haurrideak, beha nor zirezten Jainkoak deituak:
zuen artean, ez da munduak zuhurtzat daukan ainitzik,
ez eta ahaltsu edo familia oneko ainitzik.
27 Bainan, munduak xorotzat daukana hautatu du Jainkoak
zuhurren ahalgearazteko;
munduak ahultzat daukana hautatu du Jainkoak,
indartsuen ahalgearazteko;
28 munduak baliogabetzat eta mespretxagarritzat daukana
munduaren begitan deus ez dena hautatu du Jainkoak,
zerbait direla uste dutenen ezeztatzeko,
29 nehork ez dezan Jainkoaren aitzinean harro izaiterik ukan.
30 Hari zor diozue Kristo Jesusen baitan izaitea,
hura egin baitu Jainkoak guretzat zuhurtzia,
zuzentasun, saindutze, erospen.
31 Hola betetzen da Liburu Sainduak diona:
Harro izan nahi duena, harro izan bedi Jaunaren baitan.

Paulok, lerro hauetan, mundua pekoz gora ezartzen du : “jende plantakoarentzat” Paulok ez du
estimu berezirik. Horrek lau oharreri bidea egiten diote :
– Ez da zuhurtzia gutietsi behar. Izai profetak dio Izpirituaren dohain bat dela : Mesiasen
gainean ” Zuhurtziazko Izpiritua” finkatu da.
– Bainan bada zuhurtzia eta zuhurtzia. Alde batetik munduaren zuhurtzia, eta bestetik
Jainkoarena. Jendeeri arrazoinezkoa iduritzen zaiotena, maiz Jainkoaren xedetik urrun da,
eta alderantziz, Jainkoaren begietan zuhur dena zoroa zaio jendeari. Oro har, zuzen da,
zeren gure zuhurtzia arrazoinaren araberakoa baita, Jainkoarena, aldiz, amodioaren
araberakoa. Eta gauza jakina da amodioa arrazoinari eskapatzen zaiola. Horra zergatik
Jesusen bizia eta heriotzea eskandalabide zaizkigun. Bibliak noiz-nahi aipu du Jainkotik
gutara zer arte neurrigabea den. Jainkoa arras bestelakoa da.
– Egiazko zuhurtzia Jainkoaren dohaina da. Jainkoa ez dezakegu guhauren baitarik konpreni.
Jainkoak bere mixterioa zabaltzen dauku : “Hari zor diozue Kristo Jesusen baitan izaitea,
hura egin baitu Jainkoak guretzat zuhurtzia…” Hari “zor” badiogu, haren dohaina da beraz.
– Jainkoa ez da gure neurri hertsirat apaltzen. Alderantziz, iduri du kontrakoa egiten duela.
Hala-nola Jeseren 8 semeetarik, azkena, David artzaina, hautatu zuen Izraelgo errege
izaiteko. Eta Moisek herriari erraiten dio : “Jainkoak hautatu bazaituzte, ez da ez herririk
handiena zireztelakotz -ttipiena zirezte-.”
Ikusten dugu Paulok ez dituela Korintoko girixtinoak handiesten. Jende xehea da, bainan
Jainkoak deitua. Beren ohorea hau dute : bataioaz Jesusen menbro bilakatu direla. Jainkoak
mundu berria urez eta zurez egiten du.

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Bozkaria eta loria zaitezte,
nasaia baituzue saria zeruetan.

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 5,1-12

1 Jendaldea ikustean, Jesus mendirat igan zen.
Jarri zelarik, dizipuluak hurbildu zitzaizkion.
2 Orduan, ahoa idekirik, irakasten hasi zitzaioten:
3 “ Dohatsuak bihotzez behartsuak direnak,
berena baitute zeruetako Erreinua.
4 Dohatsu eztiak
hitzeman lurraren jabe izanen baitira.
5 Dohatsuak nigarretan direnak,
kontsolatuak izanen baitira.
6 Dohatsuak zuzentasun gose eta egarri direnak,
asea ukanen baitute.
7 Dohatsuak urrikalkorrak,
urrikalmendu ardietsiko baitute.
8 Dohatsuak bihotz garbiak,
Jainkoa ikusiko baitute.
9 Dohatsuak bakegileak,
Jainkoaren seme deituak izanen baitira.
10 Dohatsuak zuzentasunarengatik gaizki erabiliak,
heiena baita zeruetako Erreinua.
11 Dohatsuak zuek, laidoztatzen eta gaizki erabiltzen zaituztetenean,
zernahi gaixtakeria, gezurrez erranen dutenean zuetaz, neregatik.
12 Bozkaria eta loria zaitezte,
handia izanen baita zuen saria zeruetan.”

Jesusek gero ta gehiago jende biltzen du bere ingururat. Tenorea jina du bere mezu nagusiaren
oihukatzeko. Mendirat igaiten da. Dotzena bat ehun urte lehenago Mois ere Sinai mendirat igan zen
Jainkoaren “Manamenduen” errezebitzeko. Jesus barnago sartzen da Jainkoaren mixterioan.
“Manamenduak” ez, bainan “Dohatsutasunak” aldarrikatzen ditu.
Erranaldi bakotxa “dohatsu” hitzaz hasten du. Hitz horrek erakusten dauku nola irakur daiteken
pasarte hau : “Dohatsutasunak” Jainkoaren erresumarateko bide batzu dira Jesusek argitan eman
dituenak bere inguruko jendeari behatuz : badira han pobreak, eztiak, nigarretan direnak,
Jainkoaren amodioz gose eta egarri direnak, bihotz urrikalkor eta garbiak, bakezaleak eta
pertsegituak. Heiek guziak ez dira “dohatsu” munduaren begietan. Bainan hori bizi dutenek diote
ongi etorri egiten hobekienik Jainkoaren erreinuari. Giza biziaren helburua Jainkoaren erreinua da :
umiltasunezko gure bide guziek harat deramate.
Erran daiteke lehen “dohatsutasunak” beste guziak bere baitan dauzkala (urrikalkor izaitea,
barkakor, bakezale, ezti, justiziaz gose eta egarri…): “Dohatsuak bihotzez behartsuak, berena
baitute zeruetako erreinua.” Hori ez da pobrezia materiala idealtzat emaitea. Aitzitik, Bibliarentzat,
pobrezia garaitu behar den gaitz bat da. Bibliaren araberako pobreak ttipiak dira, umilak. Ez dira
aseak, beren burua gora daukatenak. Zerbaiten eskasa badute. Orduan Jainkoak heien baitako hutsa
bete dezake. Egiazko pobreak dena Jaunaren eskutik ukaiten du, urririk, bere mereximendurik gabe.
Hots, pobre hori Jesus beraren irudia da. Jesus ez ote da pobreetan pobreena ? Galdegiten
daukuna haren iduriko izaitea da.