Zortzi ate Jainkoaren Erreinuan sartzeko
Urteko 4. igandea A (2020-02-02)
Joan den igandean, Mateoren ebanjelioak Galilean barna ibilki agertu zigun Jesus, Jainkoaren Erregetzaren berri ona hots egiten. Gaurdanik, jendea zerupeko entzute-areto handi batean bilaraziko du Jesusek, bere inguruan eseraraziz, Jainkoaren erreinu horretako egitaraua entzunez: «Mendiko Hitzaldia»; guk segidako igandetan entzungo duguna.
Entzuleak hautatzea
Jesus ez da politiko bat, ez dabil boto bila gauza guztien gainetik, jendea engainatuz, eta beteko ez dituen promesak eginez. Garbi utzi nahi du zeinek egingo duten bat bere egitasmoarekin eta zeinek ez. Beren burua atzipetu ez dezaten. Eta hori azaldu du, ororen hasieran, zoriontasunetan. Ezin argitu da hitz gutxitan zoriontasun horietako bakoitzaren zentzua (nahi duenak irakur ditzake liburu honetan: J.L.Sicre, El evangelio de Mateo, 102-112.
Zoriontasunek balio nahasgarriak proposatzen dituzte
Jesusek esango balu: «Zorionekoa osasun ona duena, bizitzeko aski irabazten duena, familiarekin gozatzen duena…» ez luke izango baieztapen horiek zuzenesten jardun beharrik. Pertsona oro egongo zen ados. Alabaina, Jesusek beste hauek ematen ditu zorioneko; sufritzen ari dena, negar egiten duena, pertsekuzioa jasaten ari dena… Horregatik, zoriontasun bakoitzaren segidan zuzenespen bat dator: «zeren halakoena baita zeruetako erreinua», «zeren halakoak izan baitira kontsolatuak», etab. Lehenengoan eta azkenekoan agindutako saria «zeruetako erreinua da». Egia esateko, gainerako guztiek ere Jainkoaren erreinu horri egiten dio erreferentzia, baina alde jakin batzuei bereziki erreparatuz. Sari hau ezin har genezake geroko bizitzako zerbait bezala bakarrik. Bizitza honetan hasiko da garatzen. Hitz xumez esanik, pertsona horiek guztiak zorionekoak dira, zeren eta kristau-elkarteko kide izan baitaitezke (zeruko erreinuaren hasiera) eta, geroago, Jainkoaren behin betiko erreinuko kide.
Zoriontasunak ez dira oztopo-lasterketa
Behartsuak, negar dagitenak, sufritzen ari direnak… aipatzeak, sentsazio deseroso bat eragin lezake, Jainkoaren erregetzan parte hartu ahal izateko, egoera horietatik guztietatik igaro behar bagenu bezala. Zoriontasunak, horrela harturik, oztopo-lasterketa izugarri bihurtuko litzaizkiguke, langa baten segidan beste bat izango bagenu bezala. Baina, ez, guztiz bestelako ditugu zoriontasunak.
Zoriontasunak, Jainkoaren erreinuan sartzeko zortzi ate
Antonio Baluzzi-k, 1939an zoriontasunen Basilika diseinatu zuenak, zortzi aldeko planta baten ideia bikaina izan zuen, eta alde bakoitzean leiho handi bat jarri zuen, zeinetatik kanpoko paisaia kontenpla baitaiteke. Alabaina, zoriontasunak ez dira leihoak, kanpoan gertatzen dena ikusteko, baizik eta zabalik dauden ateak, sartu eta Jesusi entzun ahal izateko.
Ate bakoitzaren gainean idazkun bat dago, dagokion zoriontasunarekin. Batzuetan, testuaren esanahia diskutigarria izaten da (Jesus arameeraz mintzatu zen, ondoren grekora itzuli zen, eta orain gure hizkuntzetara). Jira bat emango diogu eraikinari, ate bakoitzaren aurrean galdera bat eginez. Azkenean, jauregian sartzeko egokiena deritzozuna aukeratu ahal izango duzu.
1.-Zeure burua pobre ikusten al duzu Jainkoaren aurrean, zerga-biltzaileak bezala, diolarik: «Erruki zaitez nitaz, Jauna, bekatari naiz eta?» Ala merezimendu handiak dituzula uste duzu, eta faktura ematen ahal diozula Jainkoari beragatik egin duzun guztiagatik? Aberastasuna amesten al duzu, egunetik egunera handiagoa?
2.-Zuzengabekeriak sufriarazten al dizu, erbesteratzea eta lekualdaketa, gazteen langabezia, emakume-trafikoa etab. eragiten dituenak. eta axolagabe uzten zaitu? Esperimentatu al duzu zeure bizitzan oinaze fisikorik, problema psikikorik, ekonomikorik, lanekorik?
3.-Konbentziturik al zaude indarkeriari emandako erantzunik hobena ez-indarkeria dela? Ezpataz hiltzen duena, ezpataz dela hiltzen? Hainbesterainoko gorrotoa nabari den gizartean, Jesusena bezalakoa al da zure erantzuna: «Aita, barka iezaiezu, ez dakite-eta zer ari diren»?
4.-Zuzenaren gose eta egarri al zara, hau da, zuzen nola jokatuko, Jainkoaren borondatea nola egingo, Jesusek bezala, bere janaria «bere Aitaren nahia egitea baitzuen?»
5.-Erruki al dituzu gaixoak, zerbait zor dizuna, bekatariak, Jesusek erruki zituen bezala? Ala bekatari jotzen dituzu zeuk bezala pentsatzen eta sentitzen ez dutenak, munduko gaitz guztia opa diezularik?
6.-Bihotz-garbi al zara gainerakoekiko harremanetan, ez engainatuz, ez iruzur eginez, ez kalumniatuz, ez kritikatuz?
7.-Lanik egiten al duzu bakearen alde, mundu zuzenago baten alde, familian eta ingurumenean aditasun ona nagusitu nadin?
8.-Erasorik edo kritikarik jaso izan al duzu Jainkoak nahi duena egiten saiatzeagatik?
9.-Frantzisko aita santua eta Eliza kritikatzen, iraintzen, kalumniatzen dutenean, eskerrak ematen al dizkiozu Jainkoari, pozten eta alaitzen al zara, zeruan hartuko dugu sari handiagatik?
Bukatu duzu eraikinari emandako jira. Zein da sartzeko gehiena komeni zaizun atea? Agian, bi edo hiru izango dira. Batere ez dagoela iruditu bazaizu, zoaz lehenengora: zeure burua «barnez pobre» ikusi duzu, merezimendurik gabea Jainkoaren aurrean. Sar zaitezke.
Laburpena
Zoriontasunek agertzen digute, zein jendek uler eta onar dezakeen Jesusen mezua, kristau-elkarteko kide eginez.
Ondorioz, zoriontasunak ez dira, lehenik eta behin, jokabide moralaren kode, esango luketenak: «honela behar duzu jokatu, kristau izan nahi baduzu». Hobekiago, bizitzan izan ditzakegun egoeren eta jarreren adierazpen dira, ebanjelioa ulertzen lagundu eta Jesusen hitzak gogotsu hartzea ahalbidetzen dutenak.
Zoriontasunak ez dio: «Sufri ezazu, Jainkoaren Erreinuan sartu ahal izateko».
Dio: «Sufritzen baduzu, ez pentsa zure sufrimena zorakeria dela; ebanjelioa ulertzen eta Jesusi jarraitzen laguntzen dizu».
Ez dio: «Saia zaitez zeure ondasunak ken diezazkizuten, ez-indarkeriaz jokatu ahal izateko».
Dio: «Indarkeriari ez-indarkeriaz erantzuten badiozu, ez pentsa zoroa zarela, pentsa zorioneko zarela Jesusek bezala jokatzen duzulako».
Ez dio: «Saia zaitez pertsegi zaitzaten Jainkoari leial izateagatik».
Dio: «Jainkoari leial izateagatik pertsegitzen bazaituzte, zorionekoa zu, Jainkoaren erreinuan baitzaude».
Halere, Jesusen estimua duten balioez ari garelako, zoriontasunak, dudarik gabe, imitatzen saiatu beharreko bizi-eredu ere badira. Jesusek esan duenaren ondoren, ezin bizi gara axolagabe jarrera hauen aurrean: laguntza ematea, ez-indarkeria, bakearen alde jokatzea, zuzentasunaren aldeko borroka, etab. Jokabide hori sustatu beharra du kristauak. Eta Mendiko Hitzaldiaren gainerako zatiak gorabehera desberdinetan nola egin azalduko dio.
Lehen irakurgaia: beldurra pozaren ordez (Sofonias 2,3; 3,2-13)
Testu hau 2. kapituluko txatal batek eta hirugarreneko bik osatzen dute. Jainkoaren bila ibiltzeko erregua da, haren aginduak bete, zuzentasuna eta neurritasuna bilatzeko erregua, baina helburutzat «Jaunaren haserrearen egunetik» libratzea du. Hain justu, 3. kapituluan haserre horrek desegingo ditu etsaiak eta, soilik, herri behartsu eta apal bat irtengo da bizirik. Zoriontasunak bat datoz irakurgai honekin, Jainkoaren herri berri batez hitz egiteari dagokionez, ezaugarri berei dagokienez, baina abiapuntua ez da Jainkoaren haserrearekiko beldurra. Irakurgai honi luze ez lotzeko aholkatzen dut,
Bigarren irakurgaia: zoriontasunak Korinton (1 Ko 1,26-31)
Pauloren testua, berriz, oso egokia da; honela parafrasea liteke: «Zorionekoak jakintsu ez direnak, ez boteretsu, ez aristokrata». «Zoriontsuak munduak zorotzat ematen dituenak, jende beheko eta mespretxagarria, besteentzat ezer ez dena». Halakoek egin ahalko baitute bat Kristorekin eta partaide izan ahalko baitira Kristoren elkartean.
José Luis Sicre