Jesusen porrota Nazareten
Urteko 4. igandea C (2016-01-31)
Telesail batean bezala, igande honetako ebanjelioa beraren aurreko pasartean kontatua gogora ekarriz hasi da. Jesusek Nazareteko sinagogan Isaiasen testu bat irakurri du; testu honek albiste on bat hots egiten du behartsu, itsu, preso, zapalduentzat. Bukatzean, baieztapen hau egin du Jesusek: «Gaur bete da entzun berria duzun Liburu Santuko hitz hau». Nola erreakzionatuko dute entzuleek hitz hauen aurrean? Horixe dakar gaurko ebanjelioak. Honetan hiru une bereiz ditzakegu: entzuleen hasierako erreakzioa, Jesusen eraso txundigarria eta nazaretarren azken erreakzioa.
Lukasen kontakizuna (4,21-30)
Isaias irakurtzeaz gain, Jesusek ez du ezer esan berez. Halere, Lukasek berehala bertakoen hiru erreakzio adierazi ditu: baiespena, miresmena eta nahasmena. Itxuraz, gustatu zaie entzun dutena, baina ezin ulertu dute txikitatik ezagutzen duten batek esana izatea.
Jesus politiko bat izan balitz, abaguneaz baliatuko zen entzuleak gehiago bereganatzeko, bere aginpideaz izan litzaketen balizko duda-mudak argituz. Badaki zer espero duten beragandik: ez Bibliako testuak irakurtzea, baizik eta mirariak egitea. Aski luke Kafarnaumen eginak dituen mirarien antzeko batzuk egitea, guztiek txalotu eta beragan sinets dezaten.
Halaz guztiz, uko egin dio horri eta, are, jarrera erasokorra hartu du. Nazaretarrek hartarako biderik eman gabe, Jesusek egindakotzat eman du uko egingo diotela. Ez da oinarritu egin edo esan duten ezer konkretutan, baizik eta, soilik, esaera zahar batean: «Inongo profetarik ez da onartua bere herrian». Ondorioz, berak ezin die ondo begiratu nazaretarrei eta ez du han miraririk egingo. Jainkoak Elias emakume alargun feniziar bati laguntzera bidali zuen bezala, eta Eliseo lepradun siriar bati, bera ere paganoengana bidalia dela sentitzen du Jesusek.
Zein izango zen nazaretarren erreakzio logikoa? Altxatu eta sinagogatik alde egitea, segur aski Jesusen kontra aski maldizio botaz. Baina Lukasek kontatzen duena askoz ere bortitzagoa da: haserre gorri jarri dira eta hil egin nahi dute, mendian behera amilduz.
Kontakizun nahasgarri bat
Lukasen kontakizuna arretaz irakurtzen denean, hainbat galdera sortzen dira:
Zer dela-eta hartu du Jesusek hain jarrera erasokorra?
Zer dela-eta eman du egindakotzat uko egingo diotela?
Zer dela-eta konparatu du bere jarrera pagoengana bidaliak izan diren Eliasen eta Eliseoren jarrerarekin; onartzen duelarik, mirariak Kafarnaumen egin dituela, ez beraz hiri pagano batean, baizik israeldarrean?
Zer dela-eta erreakzionatu dute nazaretarrek modu han ikaragarrian, bera hil nahi izateraino?
Galdera hauei erantzuteko, Nazareteko bisita Markosek nola kontatzen duen gogora ekartzea komeni da.
Markosen bertsioa (6,1-6)
Markosek oso era desberdinean kontatzen du bisita. Jesus aski ezaguna da, bere ikasleekin Nazaretera itzuli denean. Eta hona zer gertatzen den:
«Handik alde egin eta bere herrira joan zen Jesus, bere ikasleak ondoren zituela. Hurrengo larunbatean, sinagogan irakasten hasi zen. Entzule askok harriturik zioen: Nondik honek hori guztia? Zer da eman zaion jakinduria hori? Eta honen eskuz gertatzen diren mirari horiek? Ez al da, bada, arotza, Mariaren semea eta Santiago, Jose, Judas eta Simonen anaia? Eta honen arrebak ere ez ote dira hemen gure artean bizi? Eta honengatik, ezin zuten sinetsi harengan. Jesusek esan zien: Profeta bati edonon ematen zaio ohore, bere herri, senitarte eta etxean izan ezik. Eta ezin izan zuen han miraririk egin; hala ere, gaixo bakar batzuk sendatu zituen eskuak ezarriz. Eta harriturik zegoen haien sinesmen-ezaz».
Aldeak argi daude. Markosengan entzuleen erreakzioa ez da baiespena, miresmena eta nahasmendua, baizik nahasmendua eta ukoa. Orduan du gogora ekartzen Jesusek esaera zaharra: «profeta bere herrian bakarrik mespretxatzen dute». Baina inork ez du mehatxatu hiltzeaz. Soil-soilik, ez dute sinetsi ez beragan ez beraren ahalmenean. Eta Jesus harritu egin da haien sinesmen-gabeziaz.
Nazaret sinbolo denez
Zergatik idatzi du Lukasek hain desberdina den kontakizuna? Hona: Lukasen asmoa ez da gertatua kontatzea; baizik eta Jesusek Nazaretera egin duen bisita hori, Jesusek judu-herriarekin eta paganoekin izan dituen harremanen sinbolo bihurtu nahi izan du.
Horretarako, lehen-lehenik egin duen gauza, Jesusen prediku-jarduera bisita horrekin hastea izan da. Mateok eta Markosek diote, Galileako herrietan eta herrixketan hasi zela predikatzen; Lukasek, berriz, Nazareteko sinagogara eraman gaitu. Badaki nazaretarrik ez dutela onartu, ezta beraren familiak ere, erdi-zorotzat ematen batzuen honek. Uko hori bere egin eta muturreraino eraman du Lukasek, eta, Jesusen heriotza eragingo zuen, judu-herriko gehienen ukoaren sinbolotzat agertu du Nazaretekoa.
Itun Berrian arrazoi desberdinak adierazten dira Jesusen eta judu-agintarien arteko gatazka argitzeko: larunbata ez betetzea, ikuspegi politikotik Jesus arriskugarri izatea… Lukasen kontakizunean, gatazkaren arrazoirik nagusiena, Mesias Israelen zerbitzurako bakarrik nahi dutenen nazionalismoa da, Jesusek bere xedea gizadi osoa duen bitartean. Baina ez du inork zertan harriturik horretaz, askoz gutxiago juduek: Elias eta Eliseo ere paganoengana bidali zituen Jainkoak israeldarrak laguntza-premia handian zeuden une batzuetan.
Lehenengo irakurgaia (Jeremias 1,4-5.17-19)
«Inongo profetarik ez dela ondo ikusia bere herrian» delako esapidea argitzeko aukeratu dute irakurgai hau. Pasarteko azken hitzak −«Zure kontra ariko dira, baina ezin izango zaituzte garaitu, ni zeurekin nauzulako askatzeko»− guztiz bat datoz ebanjelioaren bukaerarekin; honetan, izan ere, Jesus patxadatsu igaro da hil nahi dutenen artetik eta urrundu egin da. Alde handi bat dago, ordea: Jeremias libre gertatuko da Jainkoaren lagunarteari esker; Jesusek bere baitan du ahalmena arerioari aurre egiteko. Hilko dutenean, berak askatasun osoz onartuko duelako izango da.
Azken galdera
Ez al dugu kristauok Lukasen nazaretarren antz handi bat? Ez al gara aski esklusibista Jainkoaren salbamenduaz hitz egitean?
José Luis Sicre