Urteko 4. igandea A (2017-01-29)
HOMILIA

Anai-arrebok!

Zoriontasunak! «Zorionekoak bihotzez pobre direnak, zorionekoak atsekabez, apal bizi direnak, zuzentasunaren gose-egarri direnak, bakearen alde, pobreen alde bizi direnak, bihotz garbikoak, zuzentasunagatik pertsegituak!» Ez al da hau guztia zorakeria hutsa?

Beste ezer baino lehen, kontuan izan dezagun hau. Jesus ez da politiko bat. Ez dabil boto baten edo askoren bila. Promes faltsuak eginez. Sekula beteko ez dituenak. Hasieratik beretik agertu nahi izan du bere egitasmoa zein duen, bere asmoa zein duen. Ez da etorri inor engainatzera.

Horretarako eman dizkigu zortzi zoriontasun hauek. Hitz sutsuak dira. Pentsarazi egiten digute: zer da zoriontasuna?, zein da pertsona zoriontsua?

Zoriontasun hauen inguruan pentsatzen hasi aurretik, beharrezkoa da otoitz-jarrera; beharrezkoa da Jesusen ildoan jartzen saiatzea: «Jesus maitea, Jesus behartsua, Jesus bakezalea, Jesus munduko gaitzaz penatua, Jesus zuzentasunaren gose eta egarri zarena, Jesus errukitsua, Jesus bihotz garbia, Jesus zuzenagatik pertsegitua, lagundu nazazu, lagundu gaitzazu zure bidea ikusi eta maitatzen».

Zoriontasunak, zortzi ate dira, Jainkoaren Erreinuan sartzeko ate. Zortzi jarrera dira, Jainkoak gizadiaz eta munduaz duen asmoarekin bat egin ahal izateko. Modu batean edo bestean, zortziek dute erlaziorik Jainkoaren Erreinuarekin: bakea, maitasuna, zuzentasuna, solidaritatea, errespetua… den Erreinuarekin.

Pobrea: ez da aberatsa, ezta aberatsaren kaskoa duen behartsua ere. Jesus bezala, pobre bizi dena da, pobreengan konfiantza duena, pobreak Berri Onaren hartzailetzat hartzen dituena. Bihotzez pobre denak bakarrik ulertuko ditu pobreak.

Bakezalea: ez da pertsona pasiboa, ez da «zer egingo dugu, ba», esanez geldi geratzen dena; bere bizia bizi-bizi bizitzen saiatzen dena da, bihotza otzan eta apal duelarik.

Jasankorra, sufritua: kontua ez da triste bizitzea. Munduan bizi dugun injustiziak eta okerrak penaturik bizitzea da, egoera hori nola gainditu saiatuz. Sufritu izan duenak bakarrik ulertuko ditu sufritzen ari direnak.

Zuzenaren gose eta egarri: ez da munduko auzitegietako zuzentasuna; Jainkoaren zuzentasuna da arazoa: gizon-emakume guztiek zer eta nolako lekua behar duten Kreazioko gauza guztietan. Zuzentasunagatik sufritu izan duenak bakarrik ulertuko ditu zuzenagatik sufritzen ari direnak.

Errukia: ez da limosna banatze hutsean gelditzen den filantropia: «gizajoak, gajoak, zer pena ematen duten», esanez; Jainkoaren errukia imitatzea da kontua; «miserikordia» terminoak berak, bihotza jendearen miserian murgildurik edukitzea esan nahi du.

Bakezalea: ez da gerlarik eza; bizia, natura, bizikidetasuna erro-errotik berregitea da.

Zuzentasunagatik pertsegitua: pertsekuzioa beti da bekatua pertsegitzailearen aldetik, pertsegitua dena ona nahiz gaizkilea izan; pertsegitua den pertsonak, zorioneko izateko, gizadiaren onaren bila dabilena izan behar du. Pertsekuzioa jasan izan duenak bakarrik ulertuko ditu zuzenagatik pertsegituak direnak.

Zoriontasunetan eskaintzen den saria, ez da geroko bizitzakoa bakarrik. Zorion hori bizitza honetan berean hasiko da. Zoriontasunak bizi dituenak, besteak beste, bere barne poza biziko du, on egitearen poza, besteei laguntzearen poza… Andre Mariarekin batean kantatu ahal izango du Magnificat poz-abestia: «Jaunaren handitasuna dut goresten,pozaren pozez daukat bihotza, Jainkoa baitut salbatzaile. Bere zerbitzari ezerez honengan jarri ditu begiak…» (Lukas 1,47-55).

Dionisio Amundarain