AZKEN EZUSTEKOA Mateo 25,31-46
Urteko 34. igandea A Kristo Errege 2020-11-22
Kristauok hogei mende daramagu maitasunaz hitz egiten. Etengabe ari gara errepikatzen ezen maitasuna dela jarrera eta portaera ororen azken irizpidea. Diogu, maitasunetik jaulkiko dela behin betiko epaia pertsona, egitura eta egitate guztiez. Halaz guztiz, maitasunaren hizkuntza eder-eder horrekin, ezkutatzen ari gintezke, sarritan, Jesusen zinezko mezua, askoz ere zuzenekoago, xumeago eta zehatzago den hori.
Harritzekoa da behatzea, Jesusek doi-doi aipatzen duela ebanjelioetan «maitasun» hitza. Ez du aipatzen gizakiaren azken zoria deskribatzen duen parabola honetan ere. Azkenean ez gaitu juzkatuko Jainkoak maitasunaz era orokorrean hartuz, baizik eta gauza askoz ere zehatzagoaz: zer egin izan dugu gure premia zuen norbaitekin topo egin izan dugunean? Nola erreakzionatu izan dugu geure bidean aurkitu izan dugun jendearen problema eta sufrimenduen aurrean?
Bizia da gauza erabakitzailea, eta ez esaten edo pentsatzen duguna, eta ez sinesten edo idazten duguna. Ez dira aski sentimendu ederrak eta protesta antzuak ere. Inporta duena, gure premia duenari laguntzea da.
Kristaurik gehienak konforme eta lasai sentitu ohi gara inori kalte bereziki larririk egiten ez diogunean. Ahaztu egiten gara ezen, Jesusen oharpenaren arabera, geure azken porrota prestatzen ari ohi garela, bai besteren premien aurrean geure begiak ixten ditugunean, bai den-dena kritikatzearekin konformatzen garenean, inori eskua luzatu gabe.
Jesusen parabolak galdera oso zehatzak egitera garamatza: ari al naiz norbaitentzat zerbait egiten?, zein laguni eskaintzen ahal diot nik laguntzarik?, zer ari naiz egiten geure artean zuzentasun, solidaritate eta adiskidetasun gehixeago bizi ahal dezagun?, zer gehiago egin nezake?
Hau da Jesusen azken irakaspen erabakitzailea: Jainkoaren erreinua behartsua maite dutenentzat eta beraren premian laguntzen diotenentzat izango da beti. Hauxe da funtsezkoa eta behin betikoa. Egun batean irekiko dizkigu begiak Jaunak eta harriduraz jabetuko gara ezen maitasuna dela egia bakarra, eta elkar maitatzeko eta besteez kezkatzeko gai diren gizon-emakumeen artean dela Jainkoa errege.
Jose Antonio Pagola