GAUZA ERABAKIGARRIA (Joan 18,32-37)
Urteko 34. Igandea B KRISTO ERREGE 2021-11-21

Jesusen kontrako auzia, Jerusalemera etortzean, Pilato bizi ohi zen jauregian burutu zen segur aski. Han daude 30. urteko apirilaren goiz batean akusatu babesgabe bat, Jesus izenekoa, eta Erromako inperio-sistema boteretsuaren ordezkari bat.

Joanen ebanjelioak bien arteko hizketa dakar. Izatez, galdaketa bat baino gehiago, Jesusen hitzaldi bat dela ematen du, ebanjelariarentzat axola handiko diren gai batzuk argitzeko. Halako une batean, aldarrikapen ospetsu hau egin du Jesusek: «Honetarako jaioa naiz ni eta honetarako etorria mundura: egiaren lekuko izatera. Egiarena den orok entzuten du nire ahotsa».

Baieztapen honek Jesusen ibilbide profetikoa definitzen duen oinarrizko ezaugarria adierazten du: Jainkoaren egian bizitzeko Jesusek agertu duen gogoa. Jesusek, egia esan ez ezik, egia bilatzen du, eta, soilik, bere seme-alaba guztientzat mundu gizakoiago bat nahi duen Jainkoaren egia da.

Horregatik hitz egiten du Jesusek aginpidez, baina sasi-agintekeriarik gabe. Egiati mintzo da, baina dogmatismorik gabe. Ez da mintzo beren egia ezarri nahi izaten duten fanatikoak bezala. Ezta, hartan sinetsi gabe, derrigor defendatzen duten funtzionarioak bezala ere. Ez da sentitzen Jesus egiaren zaindari, baizik lekuko.

Jesusek ez du hartu Jainkoaren egia propagandatzat. Ez du hartu bere probetxurako, baizik eta behartsuen defentsarako. Ezin jasan du gezurra edo zuzengabekeria ezkutatzea. Ezin jasan du manipulazioa. Jesus, horrela, «ahotsik gabekoen ahots, eta ahots ozenegia dutenen aurkako ahots» (Jon Sobrino) bihurtu da.

Inoiz baino beharrezkoagoa da ahots hau, krisialdi ekonomiko larri batek harrapatua duen gizarte honetan. Egia ezkutatzea, finantza-botereen jardueraren eta halako horien eskakizunen mende jokatzen duten politikoen oinarri sendoenetako bat da. Krisialdia gezurretan biziarazi nahi digute.

Ahalegin guztia egiten dute, krisialdia bereziki eragin dutenen erantzukizuna ezkutatzeko, eta era zitalean egiten diote ezikusiarena biktima ahulenen eta babesgabeenen sufrimenduari. Premia larrikoa da krisialdi hau gizakoi egitea, arretaren zentrotzat sufritzen dutenen egia hartuz, lehen-lehenengo arreta halakoen egoerari, gero eta larriagoari, eskainiz.

Guztiei eskatzen ahal zaien lehen egia da hori, gizatasun gabeko izan nahi ez badugu. Beste guztien aurreko datua da. Ezin ohitu gara gizakia zokoratzera eta jenderik ahulena jotzen duen etsipenera. Jesusi jarraitu nahi diogunok entzun beharra dugu haren ahotsa eta, senez bezala, azkenak direnen alde jaiki beharra. «Egiarena den orok entzuten du nire ahotsa».

Jose Antonio Pagola