Urteko 34. ig. B Kristo Erregea 2021-11-21
HOMILIA

Anai-arrebok!

Urte liturgikoaren azken igandea da gaurko hau. Dakizuen bezala, igandeko ospakizunari dagokionez, liturgia hiru arotan banatzen dugu: A urtea (Mateoren ebanjelioa irakurtzen dugu nagusiki), B urtea (Markosen ebanjelioa irakurtzen dugu nagusiki) eta C urtea (Lukasen ebanjelioa irakurtzen dugu nagusiki). Ba, urte liturgikoaren azken igandean, hiru aro horietan Kristo Errege eguna ospatzen dugu.

Baina, zer gauza bitxia: hiru aro horietan, zein Jesus, nolako Jesus agertzen digute mezako irakurgaiek?

A urtean, lehen irakurgaian, Ezekiel profetaren bidez, Jainkoak esan digu: «izan dituzuen artzain gaiztoen ordez, ni neu izango nauzue artzain», eta ebanjelioan, azken auziaz mintzo zaigu, esateko, pobreen aldeko auzia izango dela.
B urtean, aurten, lehen irakurgaian, Danielen ikuskari bat entzun dugu: gizonaren semearen antzeko bat ikusi du Danielek: herrien gain boterea eman diotena; ebanjelioan, berriz, Jesusek Pilatoren aurrean egindako aitorpena entzun dugu: «bai, errege naiz, baina nire erregetza ez da mundu honetakoa; nire erregetza egiaren lekuko izatean datza».
C urtean, Jesusen aurre-irudi izan den Daviden egitekoa entzungo dugu, Samuel profetak esana: «Nire herriaren artzain izango zara zu», eta ebanjelioan, hau entzungo dugu: batetik, gurutzean dagoen Jesusi idazkun hau ipini diotela: «Hau da juduen erregea» eta, bestetik, gurutzean dagoen Jesusek lapur onari promes egin diola: «Nik diotsut: gaur nirekin egongo zara paradisuan».

Gauza bitxia esan dut. Izan ere, liturgiako irakurgaiek Jesus ez digute aurkeztu Errege aintzatsu bezala. Aitzitik, artzain bezala aurkeztu digute; pobreen arduradun bezala, gaizkile izango balitz bezala gurutzean hil duten errege bezala.

Jesus, errege ez, baizik eta artzain da. Beste artzainak, beren probetxurako baliatzen dira ardiez. Jesus da benetako artzaina: «ardien arrastoari jarraituko diot, libratuko ditut, larratuko, loaraziko, bilatuko, bilduko, zauriak bendatuko, gaixoak sendatuko».

Mezako prefazioak ere garbi adierazten digu: Jainkoaren erreinua egitera edo asmoa betetzera etorri da Jesus: jainkozko egiaren eta biziaren erreinua, jainkozko santutasunaren eta onginahiaren erreinua, jainkozko zuzentasunaren, maitasunaren eta bakearen erreinua. Horixe bera agertu du Manzano kantu-egileak gaztelaniazko bere abesti batean: «Bizitza da zure erreinua, egia da zure erreinua, zuzentasuna da zure erreinua, bakea da, onginahia da, maitasuna da zure erreinua. Etor bedi, Jauna, gugana zure erreinua».

Eta ebanjelioak argi eta garbi agertu digu zertan datzan biziaren, egiaren, zuzentasunaren… erreinu hori: gose zenari, egarri zenari, imigranteari, biluzik zenari, presoari lagundu zenionean, niri neuri lagundu zenidan.

Horixe da Jesusek agertu digun berritasun handia: mundu honetako pobre bati egina, Jesusi berari egina dela.

Gaurko ebanjelioan, egiaren testigu bezala ageri da Jesus. Pilatok ez dio ulertu zer esan nahi duen «egiaren testigu» izate horrekin. Jesusek ez du eman definizio bat egiaz. Bere bizieraz agertu du zer den egiaren testigu izatea: Jainkoarekiko harremanetan benetako sorkari bezala agertu da; Adam eta Eva ez bezala, Jainkoaren esaneko; gizon-emakumeekiko harremanetan, zuzentasunaren eta maitasunaren aldeko agertu da; bere buruarekiko, benetako gizon agertu da. Egiaren testigu izatea, nori bere izatearen barruenak esaten diona egitea da.

Bere bigarren etorreran, gutako bakoitzaren auzikoan, Jesusek kontuan hartuko duen gauza bakarra hauxe izango da: nolakoak izan garen, bai Jainkoarekiko, bai lagun hurkoarekiko, bai norberarekiko. Batez ere, ordea, gizon-emakumeen artean, premiarik handiena izan dutenekiko.

Jesus horrek berak eman diezagula, poza eta atsegina sentitu eta bizitzea, pobreen alde jokatzean dugula.

Dionisio Amundarain