AZTERKETA
EGIAREN TESTIGUAREN AURREAN
Kristo Errege Eguna 2015-11-22

Jesus erailtzea erabakiko den prozesuan, Joanen ebanjelioak bakarreko solasaldi harrigarria dakar Pilatoren eta Jesusen artean; bata lurreko inperio boteretsuenaren ordezkaria eta bestea egiaren testigu bezala agertu den auzipetu atxilotua.

Hain segur, Pilatok bere tronu aurrean duen pertsonaia bitxiak bere baitan duen egia jakin nahi du, itxuraz: «Zu al zara juduen erregea?» Joan ebanjelariak oso gustuko dituen oinarrizko bi baieztapenez erantzun dio Jesusek.

«Nire erregetza ez da mundu honetakoa». Jesus ez da errege Pilatok uste duen harikoa. Ez du Israelgo tronua hartzeko asmorik, ezta Tiberiori bere inperio-boterea airean jartzeko ere. Jesus ez da Erromako prefektu hori, Pilato, mugitzen den sistema horretako gizona, sostengutzat injustizia eta gezurra dituen horretakoa. Ez da oinarritzen armen indarrean. Guztiz bestelakoa den zimentarria du Jesusenak. Jainkoak munduari dion maitasunetik dator Jesusen erregetza.
Segidan, ordea, gauza bat inportantea g
ehitu du: «Errege naiz… eta egiaren testigu izateko etorri naiz mundura». Mundu honetan nahi du gauzatu bere erregetza, baina era txundigarri batean. Ez da etorri Tiberio bezalako errege izatera, baizik «egiaren testigu izatera», gizadiaren historian Jainkoaren maitasuna eta zuzentasuna txertatuz.

Jesusek berekin dakarren egia hau ez da irakaspen teorikoa. Dei bat da, pertsonaren bizitza eralda dezakeen deia. Esana du Jesusek: «Nire Hitzari leial eusten badiozue… ezagutu duzue egia eta egiak pertsona aske eginen zaituzte». Jesusen Ebanjelioari leial izatea esperientzia berezia da, esperientzia bakarra, zeren egia askatzailea ezagutzera baitzaramatza, zeure bizia gizatarrago egiteko gai egingo zaituen egia askatzailea ezagutzera.

Jesu Kristo da egia bakarra, kristauok geure bizitzan zilegi dugun bakarra. Ez ote gara Jesusen Elizan kontzientziako talde-azterketa egin beharrean «Egiaren Testiguaren» aurrean? Ez ote gara apal-apal bereizi beharrean zer den egia eta zer den gezurra Jesusekiko geure jarraipenean? Zertan dugu aske egiten gaituen egiarik eta zertan esklabo egiten gaituen gezurrik? Ez ote gara urrats batzuk egin beharrean geure bizitzan, geure elkarteetan, geure erakundeetan egia gizatarraren eta ebanjeliozkoaren maila goragokoetara jotzeko?

Jose Antonio Pagola