GAUZA ERABAKITZAILEA (Mateo 25,31-46)
Urteko 34. ig Kristo Errege (2017-11-26)
Gaurko kontakizuna ez da juxtu parabola, baizik eta herri guztien azken auziaren gogorapena. Elkarrizketa luzea da pasadizo guztia; Jesus berpiztua baizik ez den Epailearen eta bi pertsona-talderen arteko elkarrizketa da; azken hauen artean, batetik, premia handienekoen sufrimendua arindu dutenak daude eta, bestetik, beren laguntza ukatuz bizi izan direnak.
Mendeen joan-etorrian, «Ebanjelioaren laburbiltzerik hoberentzat» eman izan dute kristauek elkarrizketa txundigarri hau, «maitasun solidarioaren laudorio absolututzat» edota «erlijioan faltsuki babesturik bizi direnentzako abisurik larri-larritzat». Seinala ditzagun baieztapenik oinarrizkoenak.
Gizon-emakume guztiak, salbuespenik gabe, izango dira juzgatuak irizpide bat beraz. Bizitzari balio galezina ematen diona ez da izaera soziala, talentu pertsonala edo urtetan barna lortu izan den arrakasta. Laguntza-beharrean gertatu direnei eskaini izandako maitasun praktikoa eta solidarioa da gauza erabakitzailea.
Maitasun hau egintza zehatzetan gauzatzen da. Adibidez, «jaten eman», «edaten eman», «etorkina onartu», «biluzia jantzi», «gaixoa edo presoa bisitatu». Gauza erabakitzailea Jainkoaren aurrean ez dira egintza erlijiosoak, baizik premian direnei eskainitako laguntza-keinu gizatar hauek. Fededun baten bihotzetik nahiz sufritzen dutenak gogoan dituen agnostiko baten bihotzetik sor daitezke.
Bidean aurkitu izan dituzten premiatsuei lagundu dietenen taldeak ez du jokatu izan arrazoi erlijiosoengatik. Ez dute izan gogoan ez Jainkoa, ez Jesu Kristo. Soil-soilik, munduan den sufrimendua arindu nahi izan dute pixka bat. Orain, Jesusek gonbidaturik, Jainkoaren erreinuan sartuko dira «Aitaren bedeinkatu» bezala.
Zergatik da, ordea, hain gauza erabakitzailea premiatsuei laguntzea eta hain gauza gaitzesgarria laguntza ukatzea? Epaileak dioenez, halakoei egiten zaiena edo ukatzen, Kristogan haragitu den Jainkoari berari egiten zaiolako edo ukatzen. Halakoei sufrimena arintzean, Jainkoari berari arintzen diogu.
Mezu txundigarri honek sufritzen ari direnei begira jartzen gaitu guztiok. Ez da egiazko erlijiorik, ez da politika aurrerakoirik, ez da giza eskubideen erantzukizunezko aldarrikapenik premiatsuenak defendituz ez bada, halakoen sufrimena arinduz eta halakoen duintasuna berreginez ez bada.
Sufritzen ari den pertsona bakoitzarengan Jesus datorkigu bidera, begira jartzen zaigu, galde eta erregu. Ezerk ez gaitu hurbiltzen Jesusengana sufritzen ari direnei errukiz eta arretaz begiratzeak baino gehiago. Ezin ikusi ahal izango dugu inon ere modu egiazkoagoan Jesusen aurpegia.
Jose Antonio Pagola