URTEKO HOGEITA HAMALAUGARREN ETA AZKEN IGANDEA C

JESU KRISTO GURE JAUNA,
DIREN GUZIEN ERREGEA

Lehen irakurgaia

( Dabidi errege-oliodura emaiten diote )

( Dabidi errege-oliodura emaiten diote )

Zamuelen bigarren liburutik 5, 1-3

1 Izraelgo leinu guziak Hebronerat Dabidenganat etorri ziren,
eta erran zioten:
“ Gu ere zure odolekoak gaitutzu.
2 Lehenago ere, Zaul gure errege zenean,
zuk gidatzen zinituen Izraelen joan-etorriak.
Gainera, zuri erran dautzu Jaunak:
‘ Zu izanen zira Izrael nere herriaren artzaina,
zu izanen zira Izraelen buruzagia.’ ”
3 Etorri ziren, beraz, Izraelen buruzagi guziak
Dabid erregearenganat, Hebronerat.
Dabid erregeak hitzarmena egin zuen heiekin
Hebronen Jaunaren aitzinean.
Eta heiek Dabid gantzutu zuten, Izraelgo errege izaiteko.

Hebron Judeako mendietako herri bat da, Jerusalemetik 50 bat kilometretan, hegoaldera.
Deitzen da ere Kiryat Arba. Abraham, Zara, Izaak, Rebeka, Jakobe, Lea eta Joset han
ehortziak dira, Zararentzat Abrahamek erositako hobian, Makpelako harpean. Egiptotik atera
zirenean, Izraeldarrek herri hartarik nahi izan zuten sartu Kanaanerat, bainan hango jendeak
hain ziren haundiak nun ikaratu baitzituzten Moisek igorriak. Fruitu ederrak ekarri zituzten
bakarrik, eta animaleko mahas-molko bat (Zen 13). J.K. aitzineko 1200 inguruan, heien semealabak
sartu ziren Kanaanen eta hamabi leinuak han bizi izan ziren bakotxa bere gain. Halere
lokarri bat bazuten elgarren artean: beren ixtorioa eta Jainko bera, Harek baizituen „Egiptotik
ateratu“.
Arrisku bat agertzen zelarik, „Juje„ (erran nahi baita “buruzagi”) batek manatzen zuen zer
egin, lanjer hura desagertu arte. Egungo irakurgaia Zamuelen liburutik da, eta Zamuel hori
juje heietako bat zen. Ez zuten beraz erregerik, Jainkoa bakarrik baita errege. Bizkitartean,
bertze populuek zuten bezala, Izraeldarreri ere errege baten gogoa sortu zitzaioten. Zamuel
profetak erranagatik Jainkoa zutela errege, ez zuten entzun. Lehen erregea Zaul izan zen.
Hastapenean, erregetza ospetsua izan zuen, bainan gero burua galdu zuen. Zamuelek
Jainkoaren izenean eman manamenduak ez zituen betetzen eta Jainkoaganik gaitzetsia izan
zen. Jainkoaren nahiaren arabera, haren ondokotzat Zamuelek Dabid hautatu zuen.
Hunen ixtorioa ezagutua da: Jeze-ren zortzigarren semea, gazteena, artzaina. Betlemeko
jendeen aintzinean gantzutua izan zen, Jainkoa berekin zuela eta Izpiritu Saindua gidari
zuelako seinale. Bainan Zaul zen beti errege. Bere libertitzeko Dabid galdegin zuen, hau
musikari ona baitzen. Egunak jin eta egunak joan, Dabiden dohainek jendea hunkitu zuten.
Gainerat, Zaulen seme Jonathanekin arras lagun egin zen.
Zaulen larderia ttipitzen ari da eta Dabid gaztea denetaz maitatua, hor da hurbil. Ez dira
gauzak ongi iragaiten ahal. Zaulen jelosia atzartzen da eta behin baino gehiagotan etsai hori
zokoratzera entseiatzen da. Bere aldetik, Dabid beti leial egon da Zauleri, huntan ikusten baitu
Jainkoak hautatu erregea. Geroago, Dabiden leialtasun hau bertute haundi bat bezala begiratua
izanen da. Zaul eta hunen semea gerlan hil direlarik, Dabid erregetzat hartua da, bainan
populuaren parte batetik, Juda leinuaren partetik.
Laster iparraldeko leinuak ere itzultzen dira Dabideri buruz. Egungo irakurgaiak hori
erraiten dauku: Izraelgo leinu guziak Hebronerat Dabiden ganat etorri ziren eta erran
zioten: „Gu ere zure odolekoak gaitutzu. Lehenago ere, Zaul gure errege zenean, zuk
gidatzen zinituen Izraelen joan-etorriak. Gainera, zuri erran dautzu Jaunak: „Zu izanen zira
Izrael nere herriaren artzaina, zu izanen zira Izraelen, buruzagia.“ Dabid erregeak
hitzarmena egin zuen heiekin Hebronen Jaunaren aitzinean. Eta heiek Dabid gantzutu zuten,
Izraelgo errege izaiteko.
Huna beraz hamabi leinuak bilduak, artzain bakar baten inguruan, Jainkoak hautatua eta
bere haurrideek onartua. Jainkoaren hautua, gantzutzean da erakutsia eta ordutik Mesias, edo
„gantzutua“ du izena. Jaunak dio eman bere betebeharra : artzain izan dadila, bere populuaren
artzain. Holako errege bat, populutik sortua eta Jainkoak hautatua, herriaren artzain izan zena,
amets bat izan da beti Izraelen ixtorio guzian. Alabainan Jainkoaren agintzan eman fedea eta
konfiantxa beti uste baino haundiagoak izanen dira. „Mesias“deitua beti igurikatuko da.
Grekaz, Mesias izen horren itzulpena Kristo da. Mila urte Dabiden ondotik, haren ondoko
batek, „Dabiden seme“ deitua izanen denak, betiko erreinu hori estreinatuko du: berak bere
buruaz erranen du: „Ni naiz artzain ona.“
Salmoa 121
Leloa : Jauna, zu zira, zu, bakearen Erregea.
Piztu naiz, piztu, baitut entzun: Goazen Jaunaren etxeraino,
Hara nun orai bagaitutzun Jerusaleme atetan so.
Jerusaleme, hiri gaitza, Denen biltzaile den bihotza.
Jaunaren haurrak, haurrak oro, Horrat doatzi lerro lerro.
Jaun izenari zor bezala, Kantatu behar diotela.
Hor du zuzenak zuzen-alki, Dabid semeak hor egoki.
Jerusalemek otoi! bake Zuri daudenak bozik beude.
Bake dadila zure baitan, Egun gozoak jauretxetan.
” Hara nun orai bagaitutzun Jerusaleme atetan so “. Beilari bat da mintzo: oraintxe heldu
da herri sainduaren atetarat. Nabukodonozoren soldadoek xehatu, suntsitu, profanatu tenploa,
berritz eraikia izan da J.K. aintzineko 515ean. Gure beilariak pozik dio : „Jerusaleme hiri
gaitza, denen biltzaile den bihotza.“ Populuaren batasuna du aipatzen, bai eta ere
Jainkoarekin egin batasuna. Agintza berak, zorte berak du populua batasunean atxikitzen.
Batasun hori kartsutasunean atxikitzeko, Jainkoak manatu du Jerusalemerat beilaz
etortzea, jarraikiro, behar den bezala: „Jaunaren haurrak, haurrak oro horrat doatzi lerro
lerro. Jaun izenari zor bezala, kantatu behar diotela“. Beila oinez egiten zen, ainitzetan
urrundik etorririk, nekez, beroak bero, egarria bideko lagun, bainan ere kartsutasunean eta
batek bertzea lagunduz. Salmo hunen beilariak diolarik “Hara nun orai bagaitutzun
Jerusaleme atetan so” miretsia dago Jerusaleme ikusiz, eta atsegin du bidea eginik!
Lehengo eta oraiko beilarien lokarria huntan da: „ Jaun izenari zor bezala kantatu behar
diotela“ eskerrak emanez. Izraelen bokazionea da: mundu osoak Jainkoa ezagutu arte ,Izrael
izan dadila esker onezko populua. Anartean, etsenplua emaiten du, eta egun batez populu
guziak bilduak izanen dira. “Hor du zuzenak zuzen-alki, Dabid semeak hor egoki”: Dabiden
familian den itxaropena da hemen errepikatzen. Natan profetaren agintzaren ondotik, errege
hoberena igurikatzen da, Jaunaren bihotzaren arabera manatuko duena, zuzena baita Jauna.
Salmo hau kantatzen zelarik, jada ez zen erregerik izraelen, bainan agintza agintza da,
Jainkoak ez baitu bere burua ukatzen ahal. Agintza orroitaraziz, ospakizunean, itxorapena
biziarazten da: Jaunaren eguna etorriko da; egun hartan errege bat izanen da, errege zuzena.
Errege harek Jerusalemeri emanen dio bere nortasun-agiria: “Bakearen herria” . Salmoaren
bertsuak dio: “bake dadila zure baitan, egun gozoak jauretxetan”: ez da lerro pollit bat,
bainan Izraelen xede garantzisuena: badaki bere bokazionea bakearen lekuko izaitea dela,
Jaunak emaiten duen bakearen lekuko. Mende ainitzen ondotik guk ospatzen dugu erreinu
hori hasi duena, hainbertze beilari eta belaunaldik igurikatu dutena: Kristo Errege. Heien
ondotik guk ere kantatzen dugu: “Jerusalemek otoi, bake! Zuri daudenak pozik beude.”

Bigarren irakurgaia

( Jainkoak bere Semearen erreinuan sarrarazi gaitu )

Jondoni Paulok Koloziarreri 12-20

Haurrideak,
12 eskerrak emazkizue Jainko Aitari, gai egin baitzaituzte
argian parte hartzeko herri sainduaren ondarean.
13 Ilunbeen menetik atera gaitu,
eta bere Seme maitearen erreinurat aldatu:
14 hunen baitan dugu librantza, bekatuen barkamendua.
15 Semea, Jainko ikusezinaren iduria da,
kreatura guzietan lehen sortua.
16 Haren bidez dira eginak gauza guziak, zeru-lurretan,
ageri direnak eta ez direnak,
ahaldun, nagusi, aitzindari eta boteredunak.
Haren bidez eta harentzat kreatuak izan dira denak.
17 Guziak baino lehenagokoa da bera,
eta guziek haren baitan diraute.
18 Bera da gorputzaren, Elizaren, burua.
Bera da hastapena, hilen artetik lehen sortua,
guzietan lehena izan dadin.
19 Jainkoak nahi izan baitu betearen betea haren baitan egoitea,
eta haren bitartez guziak berekin adiskidetzea,
20 bai lurrekoak eta bai zerukoak,
haren gurutzeko odolaz bakea eginik.

Irakurgai hau miresgarria da, bainan zaila ere. Gure fedearen misterioa barnatzen du eta
fede aitormen bilakatzen da Jondoni Pauloren eta haren dizipuluen ezpainetan.
Lehen oharra : irakurgai hunen bi buruek elkarri ihardesten diete. Jainkoaren xedea da
aipu. Hastapenean testoak dio: „gai egin baitzaituzte argian parte hartzeko herri sainduaren
ondarean… ilunbeen menetik atera gaitu…bere Seme maitearen erreinurat aldatu…“ eta
bukaeran, bietan: „Jainkoak nahi izan baitu betearen betea…guziak berekin
adiskidetzea…bakea eginik.“ Jainkoaren xedea Jesu Kristok du betetzen: testo hunen bihotza
edo barne barnea, Kristori doakio beraz .
Bigarren oharra: Jainkoaren xedea iraganaldian aipatua da : „baitzaituzte…atera
gaitu..aldatu..nahi izan baitu.. adiskidetzea eginik…“. Hola ageri da Jainkoaren xedea betikoa
dela, haste hastetik. Ordainez, Kristori doakiona orainaldian da. „Hunen baitan dugu
librantza, bekatuen barkamendua…Jainko ikusezinaren iduria da…guziek baino lehenagokoa
da.. bera da gorputzaren, Elizaren burua…bera da hastapena, hilen artetik lehen sortua.“
Kristoren misterio hau gure baitan, gu bakotxaren ixtorioan hedatzen da.
Hirugarren oharra. Testo hunen barnea, Kristori dagokiona, erdizkatua da: lehen
kreazionea alde batetik eta kreazione berria bertzetik. „Kreatura guzietan lehen sortua
(hemen kreazionea da aipatzen); bera da hastapena, hilen artetik lehen sortua (hemen piztea
da aipatzen, kreazione berritua). Haren bidez dira eginak gauza guziak; Kristo da denen buru
eta denen barne barnea, munduaren bihotza, diren guzietan lehena.
Azken oharra: Jondoni Pauloren gogoeten gakoa hemen ditake: „Jainko ikusezinaren
iduria da“. Lehen kreazionean, Jainkoak gizon-emazteak egin zituen bere iduriko. Gizonemazteen
bokazionea da, Jainkoaren itxura izaitea. Halere, Kristo da eredu ezin hobea:
ausartatzen bagine, erran ginezake: egiazki gizon-emazte den Jainkoaren itxurakoa: Kristori
beha egonez, gizon-emazteari diogu behatzen, Jainkoaren nahiaren arabera. „Huna gizona“
dio Pilatusek, hitz horren barnatasunaz ohartu gabe.
Jesus baitan, Jainkoa bera dugu ikusten „Jainko ikusezinaren iduria“. Jesusek berak dio:
„Ni ikusia nauenak Aita ikusia du“ (Jn 14,9). Geroxago gutun huntan Paulok dio:
„Jainkoaren bete betea Kristo baitan dago“ (Kol 2,9). Bere baitan ditu kreaturaren bete betea
eta Jainkoaren bete betea, Jainko eta Gizon-emazte da. Kristori behatuz, gizon-emazteari
diogu behatzen… Kristori behatuz, Jaungoikoari diogu behatzen.
Bainan zergatik, Jondoni Paulok dionaren arabera, gurutzeko odolak gaitu Jainkoarekin
baketzen ? Testo hau irakur ditake bi moldetan: lehena, Jainkoaz faltsuki mintzo da :
Jainkoak nahiko zuen Jesusek ainitz sofri zezan gure bekatuak ezeztatzeko. Holako
argitasunik ez da onartzen ahal: aski ongi badakigu ez dela zorrik pagatzekorik Jainkoari.
Bigarren moldea: gizon-emazteen herrak du Kristo hilarazten, eta misteriozko itzulaldi
batean, herra hori bakezko tresna bilakatzen da.
Gure munduan baditugu holako jende batzu: Itzak Rabin, Martin Luter King, Gandhi,
Ama Terexa… Bakea dute predikatu, elgarren arteko berdintasuna, eta beren biziaz pagatu
dute; heien hiltzeak urrats baketsuak hasiarazi dituzte. Amodiozko, bakezko lekukotasuna,
batzuetan biziaz pagatzen dena, bake altxagarri bilakatzen da. Ez da aski gizadi osoa
Jainkoarekin baketzeko, zeren gizon-emazte baizik ez baitira. Jesus egiazko Jainko-gizon da:
Jainko barkatzaile eta gizadi barkatua da. Adiskidetzen gaituena hau da: Kristok bere
hiltzaileeri eman barkamendua, Jainkoak berak eman barkamendua da. Jainkoak du barkatzen,
bihotz urrikalkorra baita…
Jondoni Paulok dio : “Jainkoak nahi izan baitu betearen betea haren baitan egoitea, eta
haren bitartez guziak berekin adiskidetzea, bai lurrekoak eta bai zerukoak, haren gurutzeko
odolaz bakea eginik.“ Ortzirale Sainduz, galbario gainean, barkamendu horren lehen
irabazlea “gaixtagin ona” deitzen duguna da.

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Benedikatua gure aita Dabiden erreinua,
mende berrien Erresuma!
Benedikatua Jaunaren izenean datorrena!

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 23, 35-43

Jesus gurutzitzatu zutenean,
35 herria han zagon beha.
Buruzagiek trufatzen zuten, erranez:
“ Besteak salbatu ditu : salba dezala bere burua,
Jainkoaren Mesias, Hautetsia, baldin bada.”
36 Soldaduek ere trufa egiten zioten;
hurbildurik, ozpina eskaintzen zioten, erranez:
37 “ Juduen erregea baldin bahaiz, salba zak heure burua.”
38 Izkribu bat ere bazen haren gainekaldean:
“ Hau Juduen erregea da.”
39 Gurutzetik dilindan zauden gaizkileetarik bat
Jesusi laidoka ari zitzaion, erranez:
“ Ez ote haiz Mesias?
Salba zak heure burua, eta gu hirekin!”
40 Bainan besteak erasiatu zuen:
“ Ez duk, beraz, Jainkoaren beldurrik,
gaztigu bera jasaiten eta ?
41 Gurea zuzena duk, egin dugunak merezitua ukaiten diagu.
bainan hunek ez dik deus gaizkirik egin .”
42 Eta erraiten zuen:
“ Jesus, orroit zaite nitaz, errege etorriko zirenean!”
43 Jesusek ihardetsi zion:
“ Egiaz diozut: gaur, nerekin, Parabisuan izanen zira.”

Hiru aldiz soldadoek Jesus gurutzefikatuari botatzen diote trufa bera: “Juduen erregea
baldin bahaiz”… “ez ote haiz Mesias?“ dio gaixtaginak. “ Hautetsia baldin bada..” eransten
dute buruzagiek. Bakotxak bere laidoa botatzen dio Jesuseri, norberak bere estatuaren
arabera: Juduen buruzagiek Mesias dute igurikatzen, „Jainkoaren Hautetsia…“ eta heientzat
Jesusek ez du deus ikustekorik Mesiasekin. Soldadoek trufa egiten diote ikusiz holako
erregetxoa, hain gaizki gerizatua. Gaixtagina aldiz, nork ateratuko duen hiltzetik begira dago:
harek ere Mesias du galdetzen.
Hiru dei hauek badute eite Jesusek basamortuan izan zituen hiru tentaldiekin. Hiru dei
han ere, Satanen aldetik : „Jainkoaren seme bazira… errozu harri huni ogi bilaka
dadin…Jainkoaren seme bazira bota zeure burua hemendik beheiti….“ Hirugarren tentaldia
erregetzari buruzkoa izan zen: „Nere aintzinean ahuspekatzen bazira, dena zure izanen
da…botere hori guzia eta erresuma horien aintza emanen dautzut.“
Jesusen bizian, San Lukek erraiten duenaren arabera, galdea hau liteke: Zer da Mesias
izaitea? Erlisione buruzagi bat? Politika lehendakari bat? Botere guzia duen norbait? Errege
guziahaldun bat? Zerbait holako baldin bada, ez da Jesus. Jesus kondenatu bat da, gaixtagina
bezala gurutzefikatua, ez du erregetasun pikorik. Gainerat ez du erantzunik emaiten jendeen
galdeeri eta bere boterea ez du erakusten.
Tentaldien gertakarian, debruaren kitzikeri Liburu Sainduen hitzekin ihardetsi zuen
Jesusek : „Liburu Sainduan izkiriatua da: Gizakia ez da ogiz bakarrik biziko.“ „Izkiriatua
da: Zure Jainko Jaunaren aitzinean ahuspeka zaite eta hura bakarrik adora zazu.“ „Errana
da: Ez tenta Jauna, zure Jainkoa“. Liburu saindua zuen gidari bere bizi guzian, tentaldieri
kontra egiteko eta bere bidea atxikitzeko. Gurutze gainean aldiz, Jesusek ez du erantzunik
emaiten. Alabainan galdea ez da nola-nahikoa: badaki Mesias dela; Mesiasek du mundua
salbatuko: bere burua salba lezake beraz! Hau, gure logika da eta haren kontrakoen logika.
Eta horrengatik da hiltzen: heien logikaren araberakoa ez delakotz da hiltzen, heien Mesiasen
araberakoa ez delakotz. Bainan Jesusek badaki Jainkoak duela salbatzen: bere salbamena
Jainkoaganik bakarrik du igurikatzen. Haren izenak hori du erraiten: “Jesus” edo „Jainkoak
du salbatzen“. Ez du beraz erantzun emaiterik : konfiantxarekin igurikatzen du. Badaki
Jainkoak ez duela hiltzeari abandonatuko. Behin betikotz tentaldiak garaituak dira: bere
misioneari leial egon da eta ondorioeri ez du ihes egin. Osoki gizonen eskuetan da: zer du
gehiago erraitekorik bere kontrakoeri? Laidoeri Jesusek ihardesten du : „Aita, barka zozute,
ez baitakite zer ari diren.“ Jendetasunezko eta Jainkotasunezko hitzak! Jainko-Gizon izanez
geroz, bere hiltzaileeri Jesusek eman barkamendua, Jainkoaren barkamendua da. Hori bera du
egiten gaixtagin ona deitzen dugunak: Jesus Mesias dela aitortzen du, laguntza galdetzen
dio… umiltasunezko eta konfiantxazko otoitz batean… Erraiten dio: „Orroit zaite ..“ Jainkoari
erraiten diozkagun hitzak. Jesusen bitartez, Aitari doazkio : “Jesus, orroit zaite nitaz, errege
etorriko zirenean. “. Erran ginezake : « Denak ulertu ditu ! » . Eta Jesusek ihardetsi : “Egiaz
diozut : gaur, nerekin, Parabisuan izanen zira. “
” Gaur ” : egiati eta umil izaitea : baldintza bakarra da egun hori izan dadin salbamendu
eguna, gaur berean.