Kristo Erregea Trump-en kontra?
Urteko 34. igandea C (2016-11-20)
Polemikoa eta populista irudi dakizuke idazki honen titulua, baina Kristo Erregearen jaiaren eta gaurko une honen erlazioaz ohartarazi nahi zaitu. Achille Ratti-k, 1922ko otsailean Aita Santu hautatu zutenean eta Pio XI.a izena hartu, Lehen Mundu Gerrate bukatu berriaren esperientzia zuen, baita Errusiar Iraultzarena ere. Hilabete batzuk geroago, Erromaren kontrako martxa antolatu zuen Mussolinik, faxismoaren garaipena ekarriz. Handik urtebetera (1923ko arazoaren 8an) estatu-kolpe bat egiten saiatu zen Hitler Munichen. Pio XI.ak, Europan eta mundu osoan gero eta handiagoak ziren tirandurek izuturik, uste izan zuen aterabide bakarra eta egiazkoa, problema sozial, politiko eta ekonomikoentzat, Ebanjelioaren mezuari atxikitzea izango zela. Kristo balitz mundu honetako erregea, oso bestelakoak izango lirateke gauzak, uste izan zuen. Orduan eratu zuen gaurko jai hau, baliatuz 1925. urte hura Nizeako Kontzilioaren mila eta seiehungarren urtemuga zela, hartan aldarrikatu baitzen Kristoren erregetza, kredo apostolutarrari hitz hau gehituz: «eta haren erreinuak ez du azkenik izango».
Kasik mende bat joana da ordutik. Hizkuntza, beste hainbat gauza bezala, aldatu da; egia sakonak, ordea, ez. Ez dut uste katoliko asko ausartuko den esatera gaur egun, Trump presidenteak, bere estatu-mailan eta mundu-mailan, harrotu ditzakeen problemen aterabidea Kristo Erregea denik. Alabaina, prest bizi beharko genuke ebanjelioaren balioak defenditzeko, lagun hurkoa, partikularki premiarik handienekoa, maitatzeari dagokionez, guztiok anai-arreba, Jainkoaren seme-alaba garenari dagokionez, errukiari, zuzentasunari, bakeari dagokienez.
Hasiera batean, jai hau Santu Guztien (azaroaren 1ean) aurreko igandean ospatu ohi zen. Vatikano II.a Kontzilioaren erreformak jai hau urte liturgikoaren gailur jartzea erabaki zuen, Jesusen azken garaipena azpimarratzeko. Irakurgaiak desberdinak dira A, B eta C urteetan, eta urte bakoitzean Jesusen erregetzaren alde berezi bana azaltzen dute. Zerk batzen ditu, ordea, gaurko bi irakurgai nagusienak? Erregea salbatzailetzat hartzeak zailtasunen artean.
David, errege salbatzailea (2 Samuel 5,1-3)
Lehen irakurgaia ulertu, aldez aurreko gertaerak gogoan izanik bakarrik uler daiteke. Urte batzuk lehenago, lehen israeldar erregea, Saul, hila da filistearren aurkako gerlan. Bere seme ezgaia, Isbaal, izan du ondorengo, eta Abner jeneralak bildu du boterea. Baina barne eta kanpoko tirandurek Abner erailtzea ekarriko dute, eta, geroago, Isbaal bera erailtzea. Iparraldeko tribuak, erregerik eta jeneralik gabe, nahasirik sentitu dira. Eta uste izan dute, aterabide bakarra tronua Davidi eskaintzea dutela, ordurako zazpi urtez gero Judako errege denari. Eta orduan Judako hiriburu zen Hebronera jo zuten (artean ez zuten konkistatua Jerusalem).
Guk hitz hauek garrantzi berezirik eman gabe irakurtzen ditugu. Baina iparraldekoak salbazioa hegoaldeko erregeagan bilatzera etorri izana gauza ezentzuna zen orduan; salbatuko dituen errege baten premia gorriak bakarrik argitzen du hori.
Jesus, salbatzeko ezgai den erregea (Lukas 23,35-43)
Jesusen garaikideak ere salbatzeko gai izango zen errege baten zain bizi ziren. Ebanjelioa irakurtzean argi eta garbi ageri da. Agintariek, soldaduek, Jesusekin gurutzean jositako gaizkiletako batek behin eta berriz errepikatzen dute. Titulurik handienak jaulkitzen dituzte: Jainkoaren Mesias, Hautatua, juduen erregea, Mesias. Baina bere burua onik ateratzen badu bakarrik leporatuko dizkiote izen horiek Jesusi edota, gurutzean josia den besteak dioenez, «atera ezak onik heure burua eta atera onik gu ere». Ezustekoa azkenean agertuko da, lapur onaren eskariarekin.
San Joanen ebanjelioak Jesusen ahoan ipintzen ditu, Pilatoren aurreko auzian, hitz hauek: «Nire erreinua ez da mundu honetakoa». Eta horixe bera dio, ez Jesusek, baizik «lapur on» bezala ezagutzen dugunak. Jesusen erreinua ez da gauzatzen mundu honetan, ez du egingo mundu honetan gauza miresgarririk jendeak erregetzat onar dezan. Beraren erreinua beste maila batekoa da, zeinetan bere heriotza dela medio sartuko baita Jesus. Horregatik, lapur onak ez dio eskatu salba dezan. Oroitzapen bat bakarrik eskatu dio: «oroit zaitez nitaz».
Bere bizitzan barna, eskari asko entzun zuen Jesusek: sendatu nahi zuten lepradunen ahotik, itsuen eta herrenen ahotik, hildako haurren gurasoen, ekaitzak izutu zituen ikasleen… ahotik. Baina oraingo hau da erregurik ederrena eta xumeena: «Jesus, oroit zaitez nitaz». Ezer gutxi eskatu du lapur onak. Baina fede sakon-sakona behar da, eraildako hori, guztiek ukatzen duten eta guztiek iseka egiten dioten hori, handik laster errege izango dela sinesteko, eta berorren oroitzapen soil batek zoriona ekar dezakeela sinesteko. Horixe gertatu da Jesusek egin dion promesean: «gaur nirekin izango zara paradisuan».
«Oroit zaitez nitaz» eta «nirekin izango zara» direlako horiek moneta bat beraren bi aldeak dira, erregearen eta menpekoaren barnekoitasun betearen bi aurkiak: beste erregeek erregalatzen dituzten prebendak eta onurak baino asegarriagoa den barnekoitasunarenak, alegia.
José Luis Sicre