GURUTZEA LEPOAN (Lukas 23,35-43)
Urteko 34. igandea C KRISTO ERREGEA
Kristo Errege egunean hots egiten den kontakizunak, gurutzean jostearenak, hau gogoratzen digu Jesusen jarraitzaileei: haren erreinua ez dela aintzaren eta boterearen erreinua, baizik zerbitzuaren, maitasunaren eta erabateko buru-eskaintzarena, gizakia gaitzetik, bekatutik eta heriotzatik libratzeko.
«Gurutzeko garaipena» hots egitera ohituak gara eta horrek arrisku bat du berekin: ahaztaraztekoa Gurutziltzatuak ez duela inolako zerikusirik sasi-triunfalismoarekin. Eta badakigu: honek hustu egiten du edukiaz Jainkoak bere sorkarientzat burutu duen zerbitzu apalaren keinurik nagusiena.
Gurutzea ez da, ordea, trofeo antzeko zerbait, besteei harrokeriaz erakusteko erabiliko genukeena, baizik bere etsenplua jarraitzera gonbidatzen gaituen Jainkoaren Maitasun gurutziltzatuaren sinboloa.
Kristoren gurutzea abesten, adoratzen eta musukatzen dugu, geure izatearen barneenean Jainkoari eskerrak eman beharra sentitzen dugulako, agertu digun maitasun hondogabeagatik; ez dugu ahazten, alabaina, Jesusek eskatzen digun lehenbiziko gauza ez dela Gurutzeari musu ematea, baizik hura lepoan hartzea.
Eta hau honetan datza soil-soilik: haren urratsak jarraitzea erantzukizunez eta serioski, jakinik bide horrek, goiz edo berandu, oinazezko haren zoria partekatzera eramango gaituela.
Ez da bidezkoa Kristoren misteriora era pasiboan hurbiltzea, hura lepoan jartzeko inolako asmorik gabe. Horregatik, oso kontuan hartu beharreko ditu zenbait ospakizun, Gurutzearen inguruan ingurune erakarlea baina arriskutsua sor dezaketenak; Gurutziltzatuari jarraitzetik apartarazi eta,Gurutzerik gabe ere, kristautasuna bizi dugun ilusioa sortaraziz. Juxtu, Gurutzeari musu ematean entzun beharko genuke Jesusen dei hau: «Norbait nire ondoren badator… har dezala bere gurutzea eta jarrai diezadala».
Jesusen jarraitzaileentzat, hau esan nahi du Gurutzea bakoitzak bere egiteak: gurutziltzatuengana zerbitzari bezala hurbiltzea; babesgabeez abusatzen den lekuan zuzentasuna ezartzea; sufritzen ari direnen aurrean axolarik ez den lekuan errukia eskatzea. Honek guztiak gatazkak, ukoa eta sufrimena ekarriko dizkigu. Horixe izango da Kristoren gurutzea lepoan hartzeko gure modu apala.
Joham Baptist Metz teologo katolikoa behin eta berriz ari da azpimarratzen arrisku hau: Gurutziltzatuaren irudia gure begi-bistatik ezkutatzen ari dela gaur egun gurutzeratuak direnen aurpegia. Ongizatea bizi duten lurraldeetako kristautasunean, Metz-en ustez, fenomeno larri hau ari da gertatzen: «Gurutzeak ez du jada inor kezkarazten, ez du jada akuilu-puntarik; galdua du Jesusi jarraitzearen tentsioa, ez du eskatzen inolako erantzukizunik; aitzitik, kendu egiten du».
Ez ote gara guztiok berrikusi beharrean zein den gure egiazko jarrera Gurutziltzatuarekiko? Ez ote gara guztiok harengana hurbildu beharrean erantzukizun handiagoz eta konpromiso biziagoz?
Jose Antonio Pagola